Zergatik da historikoa?

‘Lokomotora’ geratu egin da. Europako hegoaldeko geltoki batean. Ez da mugituko. Nahikoa kilometro egin dituela iritzi dio. Kontinente zaharrean barrena. Harat eta honat.

Herbehereetan barrena garraiatu zuen poza: Den Boschen, Heerenveenen (Frisia) eta Eindhovenen, eta herrialde osoan. Ingalaterran ere beste horrenbeste, garai bateko ikatz zakuen ordez, golez gainezka betetako gordeleku modernoak; Manchesterren jende andana pilatzen zen geltokian, lurrun makina noiz helduko. Espainiako hiriburuan ere ibilia da, Chamartin izeneko geltokian, eta han ere merkantzia potoloak utzia. Alemanian ere bai, nola ez, Europa honen lokomotora den herrialdean. Hanburgon. Eta azkeneko txangoak Malagan utzi du, Andaluzian. Leku guztietan utzi du arrastoa.

Orain, urteen poderioz, zaharkitu egingo da garai bateko makina perfektua. Halakoen destinua museo bilakatzea izan ohi da. Ez da aukera txarra. Barrura sartu, eta golegilearen abileziak ikusteko aukera. Helduen gozamenerako, haurren ikasgai.

Parean jarri izan zaizkion garraiobide guztiak baino eraginkorragoa izan da bera, ‘lokomotora’. Berrienak baino zaharragoa, ederrenak baino itsusiagoa, isilenak baino zaratatsuagoa… baina beti zintzo merkantzia uzten. Ordurako han. Gauez eta egunez. Joan, iritsi eta utzi, berriz joateko.

Pentsa ze eraginkorra izan den, Manchesterren lan egiteko aukera eman zioten, aurretik tren makinak istripu larria izan bazuen ere. Bere garaian, onena izatearen irudia da hori.

Denean ibili izan da, baina Europako geltoki preziatuena ez du gozatzerik izan. Arrazoi bat edo bestea tarteko, haruntz joateko hamaika saiakera guztietan ezin izan du bertara heldu. Bidea leial egin izan du beti, baina geltoki desiratura iristear zela, oztopoa parean: beste tren batek kendu berari zegokion lekua.

Txapeldunen Liga hori ezagutu gabe geratu da. Museo bihurtzen dutenean, golekin batera, garaikurrak erakutsi ditzatela: Premier League (1) eta Espainiako Liga (2) beste denen gainetik.

Gol banatzaile honek golik sakonena trenbideetatik kanpo eman du, ordea. Beharrean dauden umeen etxeetan. Gurasorik gabekoen etxeetan. Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko kide da, eta ume horiei bai banatu diela benetako poza. Gol horiek beste denek baino gehiago balio dute.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia