Zergatik da historikoa?

“Jokalari ona izan nintzen, baina ez izarra”. Marcello Lippiren hitzak dira. Atzelaria zen, “liberoa”, berak esaten duen bezala, eta Sampdorian eman zizkion ostikadak baloiari 16 urtez. Pistoiesen hartu zuen erretreta, 1982an.

Entrenatzaile bezala, talde gehiagotan egin du lan, nahiz eta birekin lotzen den gehienbat: Juventusekin eta Italiako selekzioarekin. Bietan lortu zituen arrakasta handienak, eta bietan egon zen denbora gehien lanean.

Arrakasta horietan, gutxi dira berea bezain handia dutenak, entrenatzaile batek irabaz dezakeen ia guztia baitauka irabazita: Ligak eta Kopak Italian eta Txinan; Txapeldunen Liga Europan eta Asian; Kontinenteen arteko Kopa; eta Munduko Kopa.

Porrotak ere pilatuak dauzka, berak dioen bezala, “bizitza gorabeheratsua delako”. Inter Milanen hondoa jo zuen, Juventusen aro bikaina osatu eta gero. Italiako selekzioarekin ere beste horrenbeste gertatu zitzaion 2010ean, ez baitzuen Munduko Kopako aurreneko fasea gainditu. 2006an txapeldun izan eta gero gertatu zen hori.

Europatik urrun igaro ditu azken bi urteak. Txinako Ligara joan zen, eta hantxe erabaki du bere lanari amaiera ematea. Europako disdiratik urrun, urrutitik esan du agur futbolaren historiako entrenatzaile loriatsuenetako batek.

Hemendik aurrera, zigarro purua eskuan ez dugu zelaietan ikusiko.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia