Historikoak

Arthur Friedenreich

Sao Paulo, 1892 - Sao Paulo, 1969

Posizioa: Aurrelaria

Zergatik da historikoa?

Futbolaren historian urrezko lekuan behar luke Arthur Friedenreich izeneko aurrelariak. Eta ‘izeneko’ jarri beharra dago, askorentzat ezezaguna izango delako. Hau idazten ari denak orain gutxi arte ez zuen bere ezagutzarik.

Ezezaguna izatea futbolaren misterio handietako bat da. Edo akaso, berak hala nahi izan zuelako ez da ezaguna. Futbolak izaera profesionala edukitzearen aurka egon zen, esaterako. Bai, aspaldi samarrekoa da Friedenreich. XIX. mendearen amaieran sortua. Eta abizenari ez erreparatu nongoa den esateko, kale egiteko arriskua handia baita. Alemaniar abizen peto-petoa eduki arren, brasildarra izan zen. Brasilen jaioa, bertan bizi izandako, eta bertan hil zen.

Aita zuen Alemaniakoa, ama brasildarra, afroamerikarra. Friedenreich jaio zenean, Brasilen kendu berria zuten esklabutza. Lau urte lehenago deuseztatua, hain zuzen. Ama esklabuen alaba zen. Semea mulatoa zen, eta begi berdeak zituen.

Aitzindaria izan zen gauza askotan. Zuri aberatsena zen futbolean, aurreneko mulatoa izan zen loria lortzen. Eta ez txikia, gainera. Kaleko futbola zelaietara eraman zuen, kalean bezala jokatzen zuen, eta jogo bonito-aren aurrekaria ezarri zuela esaten da. Gizarteko gaietan bere iritzia eman ez ezik, bere dirua ere jarri zuen. 1932an, Konstituzioaren Iraultzan, sutsu hartu zuen parte: bere patrikatik dirua jarri zuen orduan kausa haren alde.

Baina ezagun-ezagun fútbol zelaietan egin zen. Goleatzaile fina zen. Petoa. Datu honekin garbi dago hori: inoizko golegile onena dela aitortzen dio FIFAk. 1.329 gol 1.239 partidetan. 1909an egin zuen debuta Germania taldean (izenak adierazten du Alemaniako etorkinek sortutako taldea izan zela), eta 1935ean hartu zuen erretiroa. Ez omen zuen penalti jaurtiketarik huts egin: 500 baino gehiago bota, eta denak barrura. Baloiari efektoarekin jotzen bera izan omen zen aurrenengoa.

Brasilgo selekzioan 1914an egin zuen debuta, eta 22 partida jokatu zituen. Baita hainbat garaipen lortu ere: Amerikako Kopa bitan (1919 eta 1922), esaterako. 1919ko finala historikoa izan zen. Lau luzapen jokatu zituzten Brasilek eta Uruguaik, 150 minutuko partida izan zen, eta Friedenreich-ek sartu zuen garaipeneko gola. Uruguaiko prentsak ‘Tigrea’ ezizena jarri zion. Ez zuen Munduko Koparik jokatu, 1930ekora joatekotan zela hanka hezurra hautsi zuelako.

Europan ere aritu zen bere taldeetako batekin. Paulistano Europara etorri zen jokatzera, eta han zebilen orduan Fried (hala deitzen zioten). 1925ean izan zen hori, eta bereak eta bi egin zituen. L’Equipe egunkariak ‘Erregeen errege’ izena jarri zion.

Aitzindari honekin bihurtu zen futbola zaleen erakargarri. Zelaietara jende uholdea joaten zen bera jokatzen ikusteko bakarrik, eta hedabideetan ere orrialde asko bereganatzen aurrena izan zen. Gaur egun futbola nola dagoen ikusiko balu ez litzateke pozik egongo, ziurrenik. Akaso, horregatik ere badaukate ezkutuan edo erdi gordeta Arthur Friedenreich.

Ea berak idatzi zuen autobiografiak ezagutza ematen dion Brasilgo mugetatik kanpo. Duela lau urte azaldu zen dokumentua, eta iaz, garai honetan, argitaratzear ziren. Baina ez zuten babeslerik aurkitzen finantzazioa lortzeko.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia