Historikoak

Sir Stanley Matthews

Stoke-On-Trent, 1915 - , 2000

Posizioa: Aurrelaria

Zergatik da historikoa?

‘Aztia’ gogoan, bere jaiotzaren mendeurrenean

Stanley Matthews futbolaren historiako jokalaririk nabarmenenetako bat da. 50 urte bete arte goi mailan jokatu zuelako aipatzen da haren izena gehienetan, 35 urteko ibilbide profesionala egin zuelako Stoke City eta Blackpool taldeen elastikoarekin. Hala ere, ezin da ahaztu bere jokatzeko era berritzailea izan zela eta Urrezko Baloia eman ziotela 1956an. Matthewsen jaiotzaren mendeurrenaren harira, merezi du haren lorpenak gogora ekartzea.

Stanley Matthews 1915eko otsailaren 1ean jaio zen, Stoke-on-Trent hirian. Jaioterriko taldean, Stoke City-n, hasi zuen bere ibilbidea. Gazte mailetan eta ordezkoen taldean zaildu ondoren, 1932an egin zuen debuta profesionaletan. Denboraldi hartan bertan, Bigarren Mailako txapeldun izan zen Stokerekin eta hurrengo urtean Lehen Mailan jokatu zuen. Pixkanaka, ligako izarretako bat bihurtu zen.

II. Mundu Gerrak Matthewsen ibilbidea eten zuen. 24 urtetik 30era, ezin izan zuen futbol profesionalean jokatu, Aireko Armadan aritu baitzen. Lagunarteko neurketak jokatu zituen tarte horretan eta sasoi betean itzuli zen gerraostean. Blackpoolek fitxatu zuen 1947an. Talde horretan, Kopako hiru final jokatzeko aukera izan zuen. Bi galdu zituen eta 1953koa, irabazi. Bitxia bada ere, Matthewsen mailako jokalari batek titulu bakarra erdietsi zuen 35 urteko ibilbidean. Blackpoolek Wembleyn irabazitako final hura “Matthewsen Finala” izenarekin pasa da historiara, partidu bikaina jokatu baitzuen. Hala ere, Matthewsek berak ez zuen bidezkotzat jo izen hura eta Stan Mortensen taldekideak ohore hori gehiago merezi zuela esan zuen. Izan ere, Mortensenek hiru gol lortu zituen finalean (Blackpoolek 4-3 irabazi zion Boltoni). Matthewsek 1965ean utzi zuen futbola, Stoke Cityn azkenengo urteak igaro eta gero. 50 urte zituen ordurako.

Stanley Matthews abila zen baloiarekin, aurkariari izkin egiten trebea eta erdiraketa arriskutsuetan maisu. Hasierako urteetan gol ugari egin zituen baina, gerora, zelaian atzerago jokatzen hasi zen eta goleko jokaldiak sortzen aritu zen batik bat. Ingalaterrako jokatzeko era zurrunetik ihesi, izkin egiteko edo aurkaria lekuz kanpo uzteko teknika berriak asmatu zalea zen. “Aztia” ezizena jarri zioten. Zelaitik kanpo ere, bere dohainak hobetzeko lana ez zuen ahazten. Bere burua ondo zaintzen zuen: ez zuen erretzen, alkohola neurrian edaten zuen eta goizero korrika egitera irteten zen. Gaur egun, arrunta dirudi jokabide horrek kirolari profesional batentzat, baina Matthewsen denboretan ez zen batere ohikoa. Dieta ia erabat begetarianoa egiten zuen. 35 urteko ibilbidean, epaileek inoiz ez zuten kalera bota.

Stanley Matthews Ingalaterrako futbolaren ikurra izan zen bere garaian. Ingalaterrako selekzioarekin 54 partida jokatu zituen eta 11 gol sartu. Bi Munduko Txapelketatan parte hartu zuen, 1950ean eta 1954an. Erreginak zaldun izendatu zuen eta, hala, Sir Stanley Matthews bihurtu zen. Matthews 2000. urtean hil zen, baina Aztiaren jokaldiak Ingalaterrako futbolaren historiaren zati izango dira beti.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia