Zergatik da historikoa?

Bi hauek batera jarrita, baten bat haserretzeko arriskua handia da. Inoiz ez baitira egon batera. Baina ezta ere elkarrengandik aparte. Elkarren beharrak elikatu du bata bestearen izena. Azken batean, zer izango litzateke Menotti Bilardorik ez balego? Eta Bilardo zer zatekeen Menottirik gabe? Batera bezain aparte. Aparte  bezain batera.

Biak argentinarrak, urtebeteko aldea ere ez bien artean. Menotti 1938koa da, azaroaren 5ekoa. Bilardo 1939koa, martxoaren 16koa. Menotti Rosariokoa da, Bilardo Buenos Aireskoa. Biak izan ziren jokalariak. Menottik Rosario Centralen, Racing Avellanedan, Boca Juniorsen, New York Generalsen, Santosen eta Juventusen jokatu zuen. Bilardok San Lorenzo de Almagron eta Estudiantes de la Platan. Menottik 11 bider jokatu zuen selekzioan, Bilardok behin ere ez. Menotti aurrelaria zen. Bilardo erdilaria.

Entrenatzaile izan ziren gero. Eta dira oraindik, aspaldian aritu ez badira ere. 2004an utzi zion Bilardok, Estudiantesen. 2007an Menottik, Tecosen (Mexiko).

Aulkietan haserretu ziren. Beti ez baitziren haserre egon. Tartean, haserrearen erdian, Argentinako selekzioa. Biei garaipen handiena eman dien hori: Munduko Kopa bana. Menottiri 1978koa, etxekoa; Bilardori 1986koa, Mexikokoa. 1986koa prestatzen ari zela haserrarazi omen zuen Bilardok Menotti.

Honela piztu zen futbolaren historiak eman duen sute handienetakoa:

1983. Menottik utzia zuen Argentinako selekzioa, eta Bilardok ordezkatu zuen. Menotti Bartzelonak fitxatu zuen. Bilardok Europara jo zuen, herrikide futbolari eta entrenatzaileekin bilerak egitera. Egin zuen hitzordua Menottirekin. Lau orduz jardun omen zuten kalakan, eta besarkatu ere besarkatu omen ziren agurraren orduan. Selekzioan izan zitezkeen jokalarien inguruan hitz egin ei zuten. Gerora, hiru izan ziren sua piztu zutenak, beraiek ezer jakin gabe, noski: Tarantini, Gatti eta Trossero.

Bilardok iritzia eskatu zin Menottiren; besteak beste, hiru horien jiran.

Menottik: “Tarantini fenomenoa da. Eraman selekziora bera eta beste hamar”.

Bilardok: “Arazoak dauzka, ordea, emaztearekin”.

Menottik: “Hobe! Zenbat eta arazo gehiago izan emaztearekin, gehiago egiten du korrika eta askoz hobeto jokatzen”.

Menottik: “Eraman Gatti selekziora. Onena da”. Atezainaren telefono zenbakia ere lortu zion Bilardori han bertan.

Menottik: “Trosserok ez dizu ezer emango. Astelehenetik larunbatera bitartean lehoia da, baina igandetan, katu txikia”.

Bilardo Buenos Airesa itzuli zen, eta eman zuen deialdia: Tarantini eta Gatti ez zeuden zerrendan; Trossero bai.

Urte berean, abuztuan, Argentinak lagunartekoa jokatu behar zuen Valladoliden (Espainia). Partidaren ordua baino bost ordu lehenago heldu zen selekzioa zelaira. Galdu egin zuen.

Menotti haserre zen Bilardorekin, bere aholkuen kontrakoa egiteagatik jokalariak aukeratzerakoan: “Txistea da hau. Zoratu egin ninduen galderekin, esan nion zer komeni zitzaion, eta berak zer egingo eta nik esandakoaren kontrakoa. 1983 urtea bukatzen ari zela, oporretan itzuli zen Argentinara Menotti, eta epelak bota zituen Bilardoren aurka: “Valladolideko gertakaria bezalakoekin selekzioaren izena zikintzen da, eta ezin da halakorik onartu”.

Bilardo ez zen isilik geratu. Menotti ere ez gero. Eta gaur egun ere hizketan segitzen dute. Hitz egiten duten aldiro bestea hartzen dute ahoan. Ezin bizi bata bestea gabe bizi.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia