Historikoak

Ladislao Mazurkiewicz

Piriapolis (Uruguai), 1945 - Montevideo (Uruguai), 2013

Posizioa: Atezaina

Zergatik da historikoa?

Mundu honetatik kanpoko bazterren batean, atzo izandako solasaldia bi lagunen artean:

-Aspaldiko! Zu ere iritsi al zara honaino?

-Zenbat denbora elkar ikusi gabe! Zer moduz zabiltza?

-Hemen ondo nago. Ezin dut beste inora joan, eta ze erremedio! Hemen geratu behar. Baina ondo nabil.

-Ea ni ere zu bezain ondo moldatzen naizen.

-Aizu, ekarri al dituzu eskularru beltzak? Nik oparitu nizkizun haiek…

-Jakina. Hemen dauzkat. Ondo gordeta. Ikusten?

Eta mundutik kanpoko bazterren batean luzaro zegoen gizonari malko bana atera zitzaion begietatik. 1971n eman zizkion eskularruak orain parez pare zuen lagunari. Bere agurreko partida zen, omenaldia, eta gehiago beharko ez zituenez, eman egin zizkion.

-Hauxe esan zenidan eskularruak ematean: “Zuretzat dira. Zu izango zara nire ordezkoa”.

26 urte zeuzkan orduan Ladislao Mazurkiewiczek. Bere idoloak halako oparia egitea sekulakoa izango zen. Bizi osorako oparia. Bere jokalari kuttunaren bideari segitu zion, eta baloi asko geratu, beste hainbat urrundu… eta jakina, baita saretik atera ere beste zenbait. Hego Amerikan inoiz izan den atezainik onena izan omen zen.

‘Chiquito’ esaten zioten. Halabeharrez hasi zen atezain, behin proba egin eta sei penalti geratu ondoren. Erdilaria izan nahi zuen berak.

Hiru Munduko Kopa jokatu zituen: Ingalaterrakoa 1966an, Mexikokoa 1970ean, eta Alemaniakoa 1974an. 1970ekoa txapelketako jokaldi bati esker, futbolaren historian geratuko da atezaina. Brasilen aurkako finalerdia zen, eta Pelek atzean utzi zuen atezaina, gorputzarekin ziria sartuz; gero, kanpora jaurti zuen baloia. “Horixe izan zen nire bizitzan beti nahi izan nuena: golik ez jasotzea”, oroitzen zuen gerora jokaldi hura.

Hiru bider irabazi zuen Uruguaiko liga, behin Libertadores Kopa eta beste behin Kontinente arteko Kopa. Titulu guztiak Peñarolekin irabazi zituen.

Ez da jakin mundutik kanpoko bazter horretara trofeo horiek denak eraman dituen. Jakin dena da eskularruak eraman dituela, eta jabeari itzuli dizkiola. Yaxinek dauzka orain jantzita.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia