Zergatik da historikoa?

Nolako jenioa ote zuen duela 26 urte? Eskoziar petoa, hizketan mar-marrean ari dela ematen duen horietakoa. Eta entrenatzailea. Gogorra izan behar ezinbestean. Galdetu, bestela, David Beckhami… Diotenez, partidaren baten amaieran, futboleko oinetakoa aurpegira bota omen zion Alex Fergusonek ostikada batez. Ordurako bazen Sir bezala izendatua.

Aberdeenen ari zen futbolari lotuta lanean. Europako Kopa bat irabazita, gainera. Duela 26 urte dei berezia jaso zuen, galdera zehatza egin zion telefonoaren beste aldekoak, eta ezin ezetz esan Manchester Uniteden eskaintzari. Ingalaterrako klub handietako bat zen orduan. Oraindik ez zen mundu mailako erreferentzia bilakatu.

Berak aldatu zuen klub handi hura, ez klubak bera. Bera beti izan da bera, eta bere ondora lanera joaten zenak bazekien zer zen bera izatea. Moldatu edo kalera. Izan izar handia, izan jokalari apalagoa. Aurrena Ferguson eta gero gainerakoak. Eta guztiaren aurre-aurretik, kluba.

Erraz esaten da 26 urteena. Klub berean eta jarraian! 38 titulu pilatu ditu tarte horretan. Ia-ia, denboraldi bakoitzeko bi. 13 bider Ingalaterrako Liga, 2 bider Txapeldunen Liga, tartean. Entrenatzaile guztiak edo ia guztiak izan dira kaleratuak noizbait, baina Sir Alex ez. Berak iraun, eta jokalari, agintari eta beste kalera.

Badoa orain. Aulkietatik joan ere. Manchester Uniteden zuzendari eta enbaxadore izango baita hemendik aurrera. Txiklea ahoan, hausnarrean bezala beti, ahoa mugituz. Orain, azkenaldian, lasaiago; lehen, beldurgarri oldarkor. Adinaren ajeak. Mitoa da, eta Ingalaterran mitoei egiten zaiena egin zioten Old Trafforden kanpoaldean: estatua.

Urteak joango dira, eta gezurra ematen badu ere, Sir Alex ere joango da gure artetik. Orduan (ere), eskulturaren albotik pasatzean, honela gogoratua izango da: futboleko loriak Sir izendatu zuena, Manchester United klub erraldoi bilakatu zuena, hainbat eta hainbat titulu irabazi zituena. Baina ez esan ozen bere albotik pasatzean…agian, keinu edo hitz petralen bat egingo dizu eta eskoziar mar-martiaren eskulturak.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia