Historikoak

Ole Gunnar Solsksjaer

Kristiansund (Norbegia), 1973

Posizioa: Aurrelaria/entrenatzailea

Zergatik da historikoa?

Golak sartzen dituenari hiltzaile deitzeko ohitura txarra dago futbolean. Hiltzaileak ez du pozik ematen, golegileak bai. Golak poza esan nahi du batzuentzat, eta besteentzat, tristura. Irabazleak eta galtzaileak bereizten ditu golak.

Marra horren indarra noizbait asko nabarmendu bada, 1999an izan zen. Bartzelonan (Katalunia). Txapeldunen Ligako final hartan, irabazlea askotan ez bezalako irabazlea izan zen, eta galtzailea, gutxitan bezain galtzaile sentitu zen. Bayern Munichek azken-azkenean galdu zuen finala; Manchester Unitedek bukaeran irauli zuen gol bateko kontrako aldea. Hiru minutuan. Teddy Sheringamek sartu zuen berdinketarena. Ole Gunnar Solskjaerrek bereizi zituen irabazleak eta galtzaileak.

Ume aurpegidun hiltzailea deitzen zioten aurrelari hari.

Norbegian hasi zen golak sartzen, Hirugarren mailako Clausenengen FK taldean. 1990 urtea zen. Lau geroago izan zuen Lehen mailan aritzeko aukera, Molde FKn. Bi denboraldi bete zituen han. Ordurako begiz jota zeukaten Ingalaterrako taldeek, eta Manchester Unitedek fitxatu zuen 1996an. Auskalo zer asmo izango zituen bere ibilbidean betetzeko, baina ez zuen beste talderik ezagutu gehiago. Manchesterren agurtu zen jokalarien mundutik: 2007an izan zen.

Bukaera ez zen gozo-gozoa izan. Belauneko lesioek seko kolpatu zuten, eta ez zuen asko jokatzerik izan azken denboraldietan. Erretiratzera behartu zuten minek 2007 hartan.

Ume aurpegidun aurrelari azkarrak (fisikoan ez ezik, adimenean ere bai) 386 partida jokatu zituen orotara bere ibilbide osoan, eta 237 gol sartu. Sekulako marka. Eta nabarmendu egin behar da Manchesterren ez zela askotan izaten hasierako 11koan. Markari neurri handiagoa ematen dio datu horrek.

Entrenatzaile bezala ere, garailea

Oinetakoak, prakak eta elastikoa etxean gorde ondoren ere, Manchesterren segitu zuen. Entrenatzaile bideari ekin zion 2008an, Uniteden. Beheko mailetan hasi zen, gazteekin. Berehala zabaldu zen sir Alex Fergusonen ordezkoa izateko egokia izan zitekeela. Baina eskoziako azeri zaharrak lanean segitzen du oraindik.

Baita Solskjaerrek ere, lan berean. Bere herrialdean. Norbegiara itzuli zen hainbat urteren bueltan, entrenatzera. Molde FKren eskaintza jaso, eta baiezkoa eman zion.

Ume aurpegidun aurrelari ohiak aurrea hartu zien beste entrenatzaile guztiei Tippeligaen lehiaketan (Norbegiako Liga). Lehen denboraldia profesionaletako talde bat zuzentzen, eta lehen titulua Molderentzat, bere historian aurreneko Liga. Bigarren sasoia ere osatzen ari da, eta asmatu ze taldek irabazi berri duen Tippeligaen: bai, horretxek, Moldek, Solskjaerren jokalari multzoak.

Hasi zaizkio belarriak berotzen kanpoko eskaintzekin, baina azkar esan du: “Taldea hobetzen ari gara datorren denboraldirako”.

Hiltzaile izateko aurpegirik ez duen honek, irabazleak eta galtzaileak bereizten segitzen du. Lehen zelai barrutik, orain zelaiaren kanpotik. Hori bai, berak ez du betiko ohitura galdu, eta irabazleen bandoan segitzen du. Hildako gutxiago izaten diren alderdi horretan.

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia