
Zergatik da historikoa?
Galdera zaila: Nor izan ote da inoizko atezain onena?
Betiko erantzuna: Asko daude oso onak.
Baina asko esaten hasita ere, denok edo ia denok bat egingo dugu izen bat esatean. Yaxin. Lev Ivanovitx Yaxin.
Orduko Sobiet Batasunean jaio zen, 1929ko urriaren 22an, Moskun. Beste askori bezala, nahigabe azaldu zitzaion futbolean jokatzeko aukera. Bigarren Mundu Gerra bete-betean zela, erreminta lantegi batean egiten zuen lan, eta izotz hokeyan jokatzen zuen, lantegiko taldean. Atezaina zen. Baina 14 urte zituela, futboleko taldeko atezaina ordezkatu behar izan zuen, hark min hartu zuelako. Hantxe hasi zen mitoa zizelkatzen.
20 urterekin fitxatu zuen Dinamo Moskuk, eta hantxe segitu zuen 1971n erretiroa hartu arte.
Bere kasa ikasi zituen atezainaren martingalak. Bai ondo ikasi ere. Oso mutil garaia zen. Ia 1,90 luze. Garaiko aurrelari onenak beldurtuta zeuzkan; diotenez, oso zaila baitzen gola sartzea errusiarrari. Datuek berresten dute hori: 558 partida jokatu zituen taldearekin eta Sobiet Batasunarekin, eta 270 alditan ez zioten golik sartu. Sekulakoa. Gainera, 50 penalti baino gehiago gelditu zituen. Itzela. 558 partida eta beste horrenbeste vodkakopatxo. Izan ere, partida bakoitzaren aurretik, vodka tragoxka edateko ohitura omen zeukan.
Bi garaipen handi lortu zituen: 1960ko Eurokopa eta 1956ko Olinpiar Jokoak.
Yaxin entzun orduko lotzen dugu haren ezizenarekin. Armiarma beltza. Armiarma, harrapa ezin zitezkeen baloiak harrapatzen zituelako beso luzeei esker. Beltza, beti beltzez jantzita jokatzen zuelako. Armiarma izanik, munduko altxorrik preziatuena bezala zaintzen zuen sarea. Ia ezinezkoa zen han sartzea. Ausartzen zenari besoak, oinak, eskuak eta hankak ateratzen zizkion. Sarea berea zuen.
Baina armiarma berezia zen. Sarean bizi arren, saretik kanpo egoten zelako beti. Atezain baino sarezain zen armiarma beltza. Baloiak gelditzen zen abila. Beti baloiari adi. Aurrea hartzeko prest. Horregatik, baloiari soilik erreparatzen ziolako, heriotza sartu zitzaion sarean ezustean, nahiz eta gaixorik zegoen. 1990eko martxoaren 20an hil zen ziurrenik inoizko atezain onena izan dena.