
Zergatik da historikoa?
1985eko egun bat. Irlanda. Euria ariko zuen ziurrenik. Hango futbolaren gainean, euria eta kazkabarra botatzen ari zuen. Enbata. Irlanda eskas zebilen. Egoera iraultzeko, federazioak ingeles bat fitxatu zuen entrenatzaile. Enbata aurpegiak irlandar zaleen artean. Ingeles bat Irlandako entrenatzaile?
Baina, eguraldia eta tradizioa irauli zituen Jacky Charltonek. Eguzkia ekarri zuen Irlandako selekziora. Horregatik, akaso, beti ibiltzen zuen jantzita lurralde haietako ohiko txapela. Hasieran, euriak busti ez zezan. Gero, eguzkiak begietan jo ez ziezaion.
Sei urtez argitu zuen eguzkiak Irlandako futbola. 1988an, Eurokopa jokatu zuen. Lehen fasean etxera. Baina Dublinen sekulako ongietorria. Guinessak nonahi. 1990ean, Munduko Futbol Txapelketara iritsi zen. Final laurdenetan Italiak kanporatu zuen. 1994an, berriro ere Munduko Kopara. Final zortzirenetan Herbehereek bidali zuen etxera. Festa, baina, Irlandan. Eguzkia egunero. Jacky Charltonek txapela jantzita jarraitzen zuen.
Baina Irlanda ez da Irlanda euririk gabe. 1996ko Eurokopa Ingalaterran jokatu zen, eta Jackie Charltonek etxean aritu nahi zuen Irlandarekin. Baina ez zen sailkatu. Kanporaketako partida. Herbehereak edo Irlanda. Kale edo bale. Anfielden. Herbehereak Eurokopara.
Euria eta kazkabarra berriro Irlandan. Txapela txapel, busti egin zen Jacky Charlton. Dimititu egin zuen Gabonetan. Baina balentria eginda. Sekulakoa. Irlandarrek maite duten ingeles bakarretakoa izatea lortuta itzuli zen etxera.