
Jack Reynolds
Manchester (Ingalaterra), 1881 - Amsterdam (Herbehereak), 1962
Posizioa: Entrenatzailea
Taldeak:
Zergatik da historikoa?
Ze zaila den zerbaiti hasiera eman eta handik urteetara hasiera horren aitortza jasotzea.
Ze erraza den beste batek hasitako lanari esker beste horri dagokion loria beste batzuei banatzea.
Ajaxek joan zen astean bete zituen 113 urte. Ajax entzun eta burua azkar hasten da lanean, izen hauek instant batean gogoratuz: Rinus Michels, Johan Cruyff, Louis Van Gaal… Baina inor akordatzen al da Jack Reynolds izena zuen entrenatzaile batekin?
Merezi du ba aparteko aipamena klubaren historian. Beragatik ez balitz, nekez ospatuko zituelako 113 urte Ajaxek. Eta ospakizunak aipatuta, ziurrenik ez zuelako lortuko hainbeste titulu pilatzea, herrialdekoak eta nazioartekoak, Reynolds azaldu ez bazen Herbehereetan.
Azaldu egin behar izan baitzuen. Ingelesa zelako, ez bertakoa. Alemaniatik bueltan iritsi zen. Ingalaterratik irtenda, Suitzan aurkitu zuen entrenatzaile lana: St. Gallen taldean. 1912a zen, eta bi urtez egon zen bertan. 1914an, sona handiko lana eskaini zioten: Alemaniako selekzioa zuzentzea. Onartu egin zuen, jakina, baina Lehen Mundu Gerra zartatu, eta han hautsi ziren bere ametsak. 1915ean, Ajaxek fitxatu zuen. Baina Ajax hura ez zen egungo Ajax. Pentsa, ez zeukan batere titulurik.
Reynoldsek azpi-azpitik hasi behar izan zuen lanean. Bere heldu aurreko taldetik hondar aleak baino ez ziren geratzen: jokalari onenak alde eginda zeuden. Hasi zen lanean, eta bere ideien oinarrian, jokatzeko eredu berezia zegoen; orain ezaguna dena, baina orduan erabateko iraultza zena: Total Football. Bai, Futbol Total gazteleraz, horixe bera. Ajax loriatsua, herbeheretarren Bartzelona eta Guardiolarena… Ajaxek ezagun egin zuen eredu ikusgarriaren sortzaile da Jack Reynolds ingelesa. Ia inon aipatzen ez den izen hori.
Hogeita zazpi urte egin zituen Ajaxen, hiru arotan banatuta: 1915-1025; 1928-1940; 1945-1947. Eta zortzitan irabazi zuen Eredivisie (Herbehereetako Liga) eta behin KNVB Cup (Herbehereetako Kopa).
Herbehereetako selekzioa ere zuzendu zuen partida batean, 1919ean.
1947an hartu zuen erretreta, eta Amstardamen geratu zen bizitzen. 1962an hil zen, 81 urterekin.
Ajaxen De Meer formakuntza estadioan eskultura bat egin zitzaion 1965ean. Hil ondoren. Halakoak halakoetan egiten badira ere, eman dezake aditzera loria gutxitxo jaso zuela bizi zenean. “Nor da Jack Reynolds?” galdera ez da ezohikoa bere izena entzuten duten askoren artean. Merezi zuen gehiago. Merezi du askoz gehiago.