
Zergatik da historikoa?
Piacenza. Leku garrantzitsua Italiaren sorreran. Herrialdearen batasunaren lehen pausoak han eman ziren XIX. mendean. Hor jaio zen hurrengo mendearen bigarren erdian gero aurrelari bikaina izango zen hau: Filippo Inzaghi. 1973ko abuztuak 9 egun zituenean.
Bat egitearen ezaugarria odolean darama, eta aurrelariak ere Italia bateratu izan du hainbat bider, selekzioarekin gol garrantzitsuak sartu dituenean. Golegile sena apartekoa. 329 golen egile. 679 partidetan. Taldeetan eta selekzioan jokatuak.
Jokatzen ikusteko itsusia. Estetika eta Inzaghi ez dira elkar ezagutuko honezkero. Asteburuan utzi baitzion futbolari bizimoduari. Futbola ikuskizuna dela diotenei gol mordoa sartu izan dizkie. Ikuskizuna? Praktikotasuna. Gola da bidea irabazteko. Berdin dio itsusia edo polita izan. Berdin balio du. Halakoxeak sartu izan ditu Piacenzakoak. Zenbat ez ote ziren izango baloia sarera bultzatakoak? Beti hantxe bera, prest. Beste inor ez zegoen lekuan.
Partida osoan azaldu ere egiten ez zen horietakoa. Zehatz esateko, behin azaldu eta bi gol sartzeko gai. Marrazainen torturatzaile bortitzena. Beti jokoz kanpo bai, jokoz kanpo ez. Beti mugan. Abilezia handia behar da muga horretan bizitzeko. Gerrako frontea da marra ikusezin hori. Ikusi ezean, garaipena. Ikusiz gero, marrazainaren makilaren tiroa. Tiro alegiazkoa eta berriz hastera.
Atzelariei burla egiten abil askoa. Jolasean ibili izan da denekin. Desagertu bezala egiten zitzaien, ez dagoela ematen zien aditzera… eta halako batean, zast! Nondik atera da hau? Konturatzerako, baloia sarean. Ezkutaketan trebea, trebeenaren pare.
Eraginkorra. Bera taldean edukitzea eta gola sartzea bermatuta izatea, biak bat. Juventusen eta Milanen, nagusi. Izar handien gerizpean, erdi gordeta, baina izarren argia pizteko bere golak izan argindar eraginkorrena.
Tituluak ugari. Scudettoa, Italiako Kopa, Txapeldunen Liga, Munduko Kopa, Europako selekzioen Kopa 21 urtez azpikoetan, kluben Munduko Kopa eta Superkopa (etxekoa eta Europakoa). Horiek taldekoak. Eta bakarka, marka handi honen jabe: FIFAk antolatzen dituen lehiaketa guztietan gola sartu duen bakarra, taldeekin eta selekziorekin jokatuz. Europako lehiaketetan, bigarren golegile onena da, Raulen atzetik.
Badoa futbolarien erreinutik. Isilean. Jokoz kanpo oraintxe geratu da. Eta marrazainak bandera erakutsi dio, baina ez zigor modura. Omenaldi bezala, baizik. Eskerrak emanez. Futbolari ikustezina harmailetan egongo da hemendik aurrera. Eta bere gol guztiak, denontzako ikusgai geratu dira. Itsusiak eta ederrak, denak ikusgarriak.