Zergatik da historikoa?

Nabarmena. Beti nabarmen. Zelaian eta zelaitik kanpo. Jaio zen une beretik. Egiten duen ororen oihartzuna biderkatu egiten dute besteek. Onerako eta txarrerako. Hasieran, onerako. Gero, txarrerako. Orain, berriz, ez onerako, ez txarrerako.

Satan txikia. On itxurako txar egile ezkutukoen deabrua. Aterkia. Politikoki zuzena baita Maradona txikia egurtzea. Nabarmena izan delako beti. Zuritik beltzera, eta beltzetik zurira. Grisa badenik ere jakingo ote du… Bere etsaientzako pagotxa. FIFAko agintarientzat pagotxa, adibidez.

Azkura txiki handia. Futboleko nagusien gehiegikerien aurrean ez da isiltzen. Oso gutxik salatzen ditu. Maradonak bai. Fidel Castroren laguna. O, deabrua, nola ez! Egurtzeko beste motiboa hortxe. Ez da erosoa agintearentzat, han Maradona gizarajoa orain ere! Drogatuta egongo da orain ere. Eta kito eztabaida guztiak. Itsasoa bare berriz ere. Enbata ezin du edozeinek sortu. Aginteak dena kontrolatzen du.

Ausarta. Koldar itxurarekin saldu izan duten arren.

Ahula. Inguruan putre gehiegi izan ditu haragiaren usainean, diruaren kolorez jantzitako haragiaren usainean. Horretan egin du kale. Ez du inoiz asmatu aurkari horiek lurrean eserita uzten. Zelaitik kanpokoak izan direlako. Ai, zelaian harrapatu iza balitu Havelange, Blatter, Grondona eta mafia bera. Gol, gol, gol, gol, gol oihukatuko luke Victor Hugo Morales esatariak. ‘Que bueno que viniste’.

Agintarien segada guztiek eman izan diote min. Lesiorik larrienak. Bera ere ahula izan, eta ezin eutsi tentazioei.

Orain, entrenatzaile dabil. Adituek diote, futbolean galtzen ari dela buruz buru jokatzeko gaitasuna, taktika zurrunaren erruz. Egon lasai! Maradona bizi den bitartean, bere taldeetako entrenamenduetan eta partidetan, txalo joko die buruz buruko zailenak egiten saiatzen diren jokalariei. Beti kontrakarrean bera.

Barrilete kosmikoa. Halaxe deitu zion gol ikusgarri hartako kontakizunean Victor Hugo Moralesek. Nabarmena zelako. Bizia. Azkarra. Kosmikoa. Aurkariek ikusi ere ez zuten egiten. Ai, hain kosmikoa izan balitz zelaitik kanpoko aurkariak menderatzen!

Hala ere, “que bueno que viniste”.

 

 

 

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia