Zergatik da historikoa?

“Ze urrun dago Kamerun”, kantatu zuten Zaramakoek. Eta ze urrun dago Nigeria. Eta ze urrun egon zen Afrikako futbola aspaldi ez dela. Oraindik ere urrun antzean ez ote dagoen…

Munduko Koparen bidez jakin zuen futbolak Afrikan futbola zegoela. 1990eko txapelketa hartan izan zen, Italian. Roger Milla eta Kamerun hura… Orduan jarri zituen futbolak bere begiak Afrikara begira. Eta ikusi zituen hainbat futbolari. Tartean, Rashidi Yekini. Nigeriarra.

Afrikan ezagun, gainerako beste lurraldeetan ezezagun. Espainiako Ligan aritu zelako egin zen ezagun bazter hauetan,nahiz eta aurretik lan ona egin Portugalen. Sporting Gijonen jokatu zuen 1995etik 1997ra. Baina ordurako oso ezaguna zen Afrikan, Nigerian. Historikoa. Nigeriako futbolaren historian aparteko lekua dauka.

1994an lortu zuen ezagutza handi hori bereganatzea. Munduko Kopan, AEBetan. Sailkatu zen Nigeria txapelketarik handiena jokatzeko, eta berak sartu zuen Nigeriak Munduko Kopa batean sartu duen aurreneko gola. Bulgariaren aurka izan zen.

http://www.youtube.com/watch?v=k8v2j7CHZO0

Ordurako, lau urte zeramatzan Europan golak sartzen. Esan bezala, Portugalen. Vitoria Setubal taldean. 1993an, Afrikako futbolari onenaren saria eman zioten. Munduko Kopa bukatu eta gero, 1994 hartan, Greziara joan zen, Olympiakosera, baina ez zen moldatu. Ordutik, beste talde batzuetan ibili zen, Suitzan, Tunisian, Boli Kostan eta bere herrialdean.

Duela zazpi urte hartu zuen erretiroa. Ezagun etxean, ospedun. Munduko Kopa hark eman zion sonaz gain, urte berean, Afrikako Kopa irabazi zuen Nigeriarekin. Izango ez zuen ba izen ona bere herrialdean!

Baina izen onak ez du gizakia gaixotasunetik bereizten. Denak gara berdinak. Eta Yekini gaitz batek harrapatu zuen. Berak golari heldu zion bezain indartsu harrapatu ere. Itsatsita izan du, eta berarekin eraman betirako.

Munduko Kopan Nigeriarentzat sartu zuen gol hartan, baloiari bultzada txikia eman behar izan zion sarera joateko. Gaixotasunak Yekini ere horrela akabatu du, bultzada txiki bezain hilgarriekin. Ostiralean hil zuen. 48 urte baino ez zeuzkan. Hartuko al du futbolak bere baitan!

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia