
Zergatik da historikoa?
Antonin du izena eta Panenka abizena. Antonin Panenka. Txekoslovakian jaio zen, eta Pragako Bohemians taldean urte askoz jokatu zuen. 1967tik 1981 arte. Zortzi urte geroago erretiratu zen Slovan Wien taldean. Gaur egun, bere betiko taldeko, Bohemiansko teknikoetako bat da. Maisu aparta daukate txekiar gazteek, alajaina.
Panenkak zelai-erdian jokatzen zuen, eta futbol adituak eta ez-adituak bat datoz hura definitzean: magoa zen. Bere herrian inoiz egon den futbolari onenetakoa izan da. Baina jendeak ez du horregatik gogoratzen. Ezagutu ez zutenek ere entzun dute inoiz Panenka. Umeek badakite haren berri. Jokaldi batek sartu duelako txekoslovakiar magoa futbolaren historian.
1976an izan zen. Ekainaren 20an. Belgraden. Izar Gorriaren zelaian. Eurokopa zegoen jokoan. Finala zen. Aurrez aurre Mendebaldeko Alemania eta Txekoslovakia. 30. 796 ikusle.
Bina bukatu zen partida. Txekiarrek azken minutuan lortu zuten berdinketa. Penaltiek erabaki zuten txapelduna. Masnyk gola. Bonfohek ere bai. Nehodak gola. Flohek ere bai. Ondrusek gola. Bongartsek ere bai. Jurkemikek gola. Hoenessek kale. Jaurtiketa bana gelditzen zitzaien. Baina Txekoslovakiak sartzen bazuen txapeldun zen.
Panenkak hartu zuen baloia. Areatik kanporaino joan zen. Baloiari sekulako astindua eman behar zion. Hasi zen korrika. Azkar-azkar. Baloia besterik ez zuen begietan. Iritsi zen baloia zegoen lekura. Hanka azpi-azpian sartu zion, atzazalarekin jo izan balu bezala. Baloia hegan hasi zen, baina mantso-mantso. Gozo-gozo. Isil-isilik. Ezkutuan bezala. Sepp Maier alemaniar atezain bikaina aspaldi etzana zen ezkerraldera. Baloiaren hegaldi leuna ikusi zuen, burua mugitzeko astia ere izan baitzuen, hain zihoan mantso baloia. Konturatuko zen, era berean, Eurokopa txekoslovakiarrek irabaziko zutela. Baita Panenka ere.
Baloia ate barrurantz mantso, gozo, leun eta isil zihoala ikusi orduko, korrika hasi zen, besoak gora. Txapeldun egin zuen Txekoslovakia. Eta bide batez, politikak gerora ekarriko ziena aurreratu. Baloia atearen erditik sartu zen, eta muga finkatu zuen. Alde batera Txekia eta bestera, Eslovakia. Isilik, bakean eta lasai.