Teknika eta taktika lantzeko ariketa

Egileak: eta

Data: 2012/02/10

Paseetan eta mugimenduetan oinarrituta, joko ez zuzena lantzeko

Ariketa honetan jokaldi bat lantzen da, azkenean. Teknika taldeka lantzeko balio du, eta taktikako oinarrizko mugimenduak ere lantzen dira; batez ere, baloia duen taldekideari laguntza emateko desmarkeak, eta desmarke zirkularrak.

Hauek dira ariketa honen ezaugarri nagusiak:

  • Erasoko mugimendua edo jokaldia lantzeko da.
  • Erasoan jokalari bat gehiago dago defentsan baino: 4×3.
  • Metodologia globalizatuaren barruan sar daiteke ariketa, sistema zehatz bateki landu daitekeelako. Erasoko 4 jokalariak honela bana daitezke: 2 euskarri (mailakatuta, eta ez parean) edo euskarri 1 eta punta-erdi 1, eta 2 aurrelari (mailakatuta, eta ez parean);
  • Joko ez zuzena lantzeko da.
  • Erasorako den bezala, defentsarako ere balio dezake, jokalari gutxiago izanda, halako egoerak nola defenda daitezkeen lantzeko.

1. MUGIMENDUA

1 zenbakidun jokalariak dauka baloia, eta eraman egingo du bere ezkerrerantz, eta gero, eskuinerantz eramango du.

2. MUGIMENDUA

2 zenbakidun jokalaria urrundu egingo da bi atzelarien artetik, baina baloia duenari aurpegiz jarrita, taldekide horri laguntza emateko desmarkea eginez. Diagonalean egingo du mugimendua, 2 zenbakidun atzelariaren bizkarrera.

3. MUGIMENDUA

1 zenbakidun jokalariak, baloia duenak, pasea emango dio 2 zenbakidunari. Oinaren barrualdearekin emango dio, tartea txikia izanik, segurtasuna eta eraginkortasuna edukitzeko.

4. MUGIMENDUA

2 zenbakidun jokalariak gorputza albozka duela egingo du kontrola, eta kontrolarekin berarekin, bere eskuinaldera begira pasea emateko moduan jarriko du baloia.  Pixka bat lehenago, baloia 2arengana doanean, 3 zenbakidun jokalariak laguntzeko desmarkea egingo dio, atzerantz eta eskuinalderantz, baloia duenari aurpegiz jarrita, diagonalean, 4 zenbakidun aurkariari ihes egiteko. Pasea oinaren barrualdearekin emango dio 2ak 3ari, tartea txikia izanik, segurtasuna eta eraginkortasuna edukitzeko. Baloia honela kontrolatuko du: albozka, eta ondorengo pasea aurrerantz emateko moduan.

5. MUGIMENDUA

3 zenbakidunak, 4 zenbakidunari pasatuko dio baloia. 4 zenbakiduna ateari bizkarra emanda dago. Pasea oinaren barrualdearekin emango dio, tartea txikia izanik, segurtasuna eta eraginkortasuna edukitzeko. Pasea eman eta gero, 3 zenbakidunak laguntza emango dio 4 zenbakidunari, bere eskuinaldetik pasatuz aurrerantz, desmarke zirkularra eginez, hegalerantz.

6. MUGIMENDUA

4 zenbakidun jokalariak lehen ukituan itzuliko dio baloia 3 zenbakidunari (hegalerantz). Eta 4 zenbakidunak baloiaren kontrako aldera egingo du desmarke zirkularra, erremateko lekura joateko.

7. MUGIMENDUA

3 zenbakidun jokalariak erdiraketa egingo du, 4 zenbakidunarengana. Eta 4ak errematea egingo du.

Bien bitartean, eta irudian zehaztuta ez badaude ere, oso garrantzitsua da 1 eta 2 zenbakidunek lerroen arteko tarteak orekatzea, tarterik edo espaziorik sor ez dadin. Jokaldia aurerrantz doan neurrian, funtsezkoak dira orekatzeko mugimendu horiek.

Futbolari ohia eta entrenatzailea.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria