Partida aurreko entrenatzaileen hitzaldiak (eta II)
Lan honen lehen zatian azaldutakoa zehaztu egin digu Aritz Olagoi kirol psikologoak (www.kirolpsikologia.net): entrenatzaileek partida aurreko hitzaldian ZER esan behar dute? Eta NOLA?
Aurreko batean, Partida aurreko hitzaldia I testuan, lehiaketa aurreko diskurtsoari buruz aritu nintzen. Lehenengo zatian esaten nuena modu laburrean gogorarazteko, partidarako helburuak erabaki behar ditugula esan nuen, eta horiek kontuan hartuz prestatu behar ditugula lehiaketa aurreko mintzaldiko edukiak.
Orduan esandakoari, zenbait puntu gehitu nahi dizkiot oraingoan, partida aurreko hitzaldiko edukietan eta tonuan sakonduz.
Lehia aurreko hitzaldia osatzeko ZER komunikatu nahi dugun zehaztu beharko dugu lehendabizi, eta NOLA, tonua, ondoren. Jarraian, hitzaldian landu ditzakegun zenbait edukiren sailkapena duzue, eta bakoitzean erabili dezakegun tonuarekin:
PARTIDAN TALDEAK EGIN BEHAR DUENA
- ZER: Geure taldeak partidan egin behar duena zehaztu beharko dugu lehenik. Oinarrizkoa iruditzen zait taldeko jokoaren indarguneak aipatzea edo gogoraraztea: zertan garen indartsu, zeintzuk diren gure dohainak; zer egiteko gai garen, azken batean. Psikologikoki indartu egingo dugu honela taldea, konfidantza heleraziko diegu. ZUENGAN KONFIDANTZA OSOA DUT adieraziko diegu, badakit gai zaretela.
- NOLA KOMUNIKATUko DUT: Jokalariei konfiantza osoa adierazi nahi badiet, erabili behar dudan tonuak ziurra izan behar du, zalantzarik ez duena, irmoa, sendoa. Nola horretan, hitz egokiak erabiltzearekin ez da nahikoa izango, ahotsaren tonua moldatu beharko dugu eta gure gorputz jarrera egokitu. Jokalariei begietara begiratzen badiegu, adibidez, gertutasuna adieraziko diegu, konfidantza begiraren bidez helaraziko diegu.
AURKARIA
- ZER: Aurkariak nola jokatzen duen eta zein ezaugarritako jokalariak dituen ezagutzen badugu, informazio hau jokalariei nola helaraziko diegun erabaki beharko dugu. Lehenengo erabakia: jakinaraziko diegu ala ez?
Informazioa eman nahi badiegu, zehaztu egin beharko dugu zein informazio emango diegun eta nola. Funtsean, azaldu nahi diegun informazioa 2 atal nagusitan banatu dezakegu:
*Aurkariaren ahulguneak: Aurkariak zein akats, zulo edo zirrikitu dituen, non egin diezaiokegun min eta guk zer egin behar dugun ahulgune hori probesteko.
*Aurkariaren dohainak: aurkariaren jokomoldearen dohainak jakinarazi, zertan diren indartsuak eta zer egin beharko dugun horri aurre egiteko.
- NOLA: Aurkariaren ezaugarriei buruzko informazioa transmititzeko, tonu egokia erabiltzea ere garrantzitsua izango da. Aurkari motak ere baldintzatuko digu hau. Denboraldian zehar partida bakoitzak uste edo pertzepzio bat garatuko du taldean, eta horren arabera motibazio eta arreta mailak ere desberdinak izan daitezke: partida errazaren aurrean gehiegizko konfiantza badu taldeak, taldearen arreta piztuko duen tonua erabili beharko dugu. Partida zailaren aurrean motibazio maila altua antzematen badiogu taldeari, erabili beharreko tonuak motibazio maila hori mantentzeko modukoa izan beharko du, baina kontuz ibili beharko dugu gehiegizkoa ez bihurtzeko. Horrek partidan presatsu eta urduriegi egotea eragin baitezake.
GELDIKAKO JOKALDIAK
Geldikako jokaldietan, aldekoetan zein kontrakoetan, nola antolatu eta kokatuko garen ere jakinarazi behar diegu jokalariei. Horretarako modua eta unea erabaki beharko ditugu:
*Moduak:
-
Arbelean jarri eta entrenatzaileak edo 2. entrenatzaileak azaldu.
-
Arbelean jarri eta jokalariak arduratzea errepasatzeaz.
-
Banan-banan entrenatzaileak edo 2. entrenatzaileak azaltzea jokaldi bakoitza.
*Uneak:
-
Lehiaketa aurreko hitzaldiaren azkeneko zatian.
-
Beroketa ondoren zelairatu aurretik.
-
Atsedenaldian, 2. zatirako zelairatu aurretik.
-
Aulkitik zelairatu behar duenari gogoraraztea.
Ohikoa da denboraldian zehar taldeak mota guztietako aurkariei aurre egin behar izatea: jokomolde aldetik, lehiakortasun maila aldetik, defentsa edo eraso motaren aldetik, sailkapenean duten tokiarengatk… Hori guztia kontuan hartu beharko dugu lehiaketa aurreko diskurtsoa prestatzeko; informazioa hautatu, landu eta nola heleraziko diegun erabaki.
Azken finean lehiaketa aurreko mintzaldiaren bidez emozioak mugiarazi behar dizkiegu jokalariei, barneko lehiarako grina piztu eta ziurgabetasuna gutxitu. Konfiantza eman eta partidan bete behar dutena garbi adierazi.
PARTIDA AURREKO HITZALDIA PRESTATZEKO TRESNA