Partida aurreko entrenatzaileen hitzaldiak (I)

Egilea:

Data: 2014/11/17

Irizpide batzuk eman dizkigu Aritz Olagoi kirol psikologoak (www.kirolpsikologia.net) entrenatzaileek partida aurretik eman behar dituzten hitzaldien ezaugarriez.

Artikuluaren lehen zati honek bigarren zati bat izango du hurrengo asteetan.

Partidua hasi aurreko hitzaldiak zelaira irten aurretik entrenatzaileak jokalariei esaten dizkien azken argibideak dira. Badira zenbait entrenatzaile eduki taktiko konplexuz osatutako hitzaldiak egiten dituztenak, badira 3-4 gauza modu laburrean gogorarazten dituztenak eta badira gauza handirik esaten ez duten entrenatzaileak ere. Entrenatzaile bakoitzak du bere modua.

Kontuan eduki behar dugu partidua hasi aurreko berehalako unea berezia dela jokalariarentzat, tentsioz bizi duten unea, urduritasunezkoa. Gizakiok estres maila altuko egoeretan arreta maila eskasagoa izaten dugu eta hori dela eta, kontuan eduki behar genuke jokalariek arreta gaitasuna murriztuta edukiko dutela une horietan. Hori kontuan izanda, nolako hitzaldia eraiki behar du entrenatzaileak? Zein arlo eduki behar ditu kontuan? Ba al dago hitzaldia eraikitzeko jarraitu dezakegun egitura bat?

Jarraian, partidu aurreko hitzaldia prestatzeko zenbait aholku eskaintzen dizkizugu:

  • Hitzaldia prestatu:

Hitzaldian esan nahi duguna esateko, lagungarria izango zaigu hitzaldia aldez aurretik prestatzea eta berau prestatzen denbora ematea. Zein mezu helerazi nahi dut? Zein helbururekin egin nahi dut? Kontuan eduki behar duzu ez dela berdina taldea motibatzeko helburua duen hitzaldi edo azken argibide taktikoak emateko hitzaldia.

  • 10-15 minutuko iraupena

Urduritasunezko unea izaki, ez genuke hitzaldia gehiegi luzatu behar. Gehienez ere 15 minutuko iraupena eduki behar luke.

  • Partiduaren aurretik esan nahi duzuna erabaki

Lehenengo pausua eman duzu, jarri zara hitzaldia prestatzen. Galdera honi erantzuna bilatzen saiatu: Zein helburu lortu nahi ditut partidu honetan? Zer nahi dut jokalariek egitea zelaian? Garrantzitsua da jokalariek egin beharrekoetan jartzea arreta, jokalariek zelaian eduki beharreko jokabide zehatzetan oinarritzea hitzaldia.

Adibidez: Zehatzagoa izango da erasoan eta defentsan jokalariek egin beharreko jokabide zehatzak aipatzea hitzaldian: “Defentsan aurkariari baloia atzetik ateratzen ez uzten saiatu behar dugu, goian presioa eginez. Erasoan baloia erabili alde batetik bestera, aurkaria nahastu eta zuloa bilatu arte, gaur irabazi egin behar dugu!, gogoarekin aritu behar dugu! Motibazioa eduki behar dugu!” esatea baino.

  • Partidu aurreko hitzaldiaren edukiak entrenamenduetan landu behar ditugu:

Aurreko puntuan aipatutakoa astean zehar eraiki behar dugu. Entrenamenduan landuta ekarri behar genuke partiduan egin nahi duguna. Modu horretan, jokalariek badakite eskatzen ari gatzaizkiena egiten badakitela eta gai direla egiteko, horrek zalantzak uxatzen eta konfiantza handiagoa edukitzen lagunduko die.

  • Partida aurreko helburuak finkatu:

Helburuak 2 modutakoak izan litezke:

Talde helburu orokorrak batetik, talde osoak kontuan hartu beharrekoak, eta jokalari bakoitzari edo zelaiko lerro bakoitzari (atezaina, atzekaldea, erdilariak, hegalekoak, aurrelariak) egokitutakoak bestetik. 2-3 helburu orokor gogoratzearekin nahikoa izan liteke. Helburu asko jartzen hasten bagara, urduritasuna eragin dezakegu jokalariarengan, gauza gehiegi gogoratu beharko dituela pentsa dezakeelako.

  • Hizkuntza erraza eta argia

Garrantzitsuena mezua garbi iristea izango. Esaten duguna argi eta erraz, ulertzeko moduan esan beharko dugu. Esaldi luze eta ideia konplexuak ez erabili. Motza eta zehatza izan dadila esaten duzuna.

  • Hitzaldiaren tonua erabaki

Komunikatzen dugunean, ZER esaten dugun bezain garrantzitsua da NOLA esaten dugun. Jokalariei transmititu nahi diegun mezua edo edukia erabaki ondoren mezu hori nola heleraziko diogun erabaki behar dugu.

Adibidez, ez dugu tonu bera erabiliko hitzaldiaren helburu nagusia jokalariak motibatzea bada edo argibide taktiko zehatzak eman nahi badizkiegu. Esan nahi dugun ZER bakoitzak izango du bere NOLA, hau da, eduki bakoitzak bere esateko modua.

Laburtzeko, erabaki partidurako helburuak, helburu horiek kontuan hartuz prestatu hitzaldia, eta bertako edukiak eta hori guztia kontuan hartuz aukeratu erabiliko duzun tonua.