Entrenamendu fisiko bideratua vs Entrenamendu fisiko espezifikoa

Egilea:

Data: 2014/11/12

PRESTAKETA FISIKOA

Alor hau nola landu behar da entrenamenduetan? Baloiarekin edo baloirik gabe? Biak dira egokiak Joseba Sesma eta Jokin Gijarro, Gaindituz ekimeneko kideen arabera.

Egungo entrenatzaileen eta prestatzaile fisikoen artean eta baita prentsan bertan ere, pentsakera ezberdinak ageri dira entrenamendu fisikoak izan behar duen izaera zehazteko orduan. Entrenamendu fisikoak futbol jarduerarekin lotua egon behar da beti edo behar fisiologikoei bideraturiko entrenamendu espezifikoak gauzatu behar dira? Askotan entzun dugu “jokalariek denbora gehiegi pasatzen dutela gimnasioetan futbolean entrenatu beharrean”, edo “azken minutuetan jokalariak fisikoki behera egin dute” bezalako komentarioak.

Azken urteotan, AMISCO bezalako programekin badakizkigu jokalari profesionalek elite mailako partiduetan egiten duten km. kopurua eta km. kopuru bera nola egiten duten abiadurari dagokionez. Era berean, jokalariak zelaian eginiko mugimenduak, pase kopuruak (ondo iritsitakoak eta iritsi ez direnak) eta hauen izaera (pase motz, ertain edo luzeak) ere jakin dezakegu. Eta noski, futbola talde kirol izanik, taldearen kohesio eta elkarrekintza maila entrenatzaileak ezarritako joko sistemaren arabera.

Beraz, hiru aspektu ezberdin ikusi ditzakegu, batetik, modu espezifikoan jokalari bakoitzak partiduan bertan dituen behar fisiko espezifikoak, bestalde, jokalari bakoitzak indibidualki egiten dituen ekintzen asmatze maila eta azkenik, taldeko jokalariek beraien artean duten elkarrekintzaren eraginkortasuna.

Hori horrela ikusita, entrenamenduetan aspektu horiek guztiak lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Hau da, aspektu horien lana bideratzea modu orekatu batean, bata bestearen gainetik jarri gabe. Izan ere, ez dauka zentzurik adibidez, 12 km 4 minutu azpiko erritmoan egiten duen jokalari bat izatea taldean bere joko ekintzak modu egokian egiten ez baditu eta sistema bera ulertzen ez badu. Gauza bera gertatzen da, maila fisiko konkretu batzuk ematen ez dituen jokalari bat izatea, teknikoki zein taktikoki egokia izanagatik ez baita ekintza horiek ongi betetzera iritsiko.

Beraz, ez zaigu egokia iruditzen, bi entrenamendu hauen arteako lehia bat sortzea, egokiagoa iruditzen zaigu, bi hauen arteko oreka bat bideratzea entrenamenduek duten eraginkortasun maila igo ahal izateko.

www.gaindituz.es.info

@gaindituz.es

943 24 33 68