Ustekabeko protagonistak

Egilea:

Data: 2015/03/18

ATHLETIC (analisia)

Uste izan denaren aurka, Athleticek taldea baduela nabarmendu da azken asteetan, eta horri erreperatu dio Eñaut Barandiaranek analisi hau idazteko.

Ezagun da futbolean gaur goizean beltz dena gauean zuri bilakatu daitekeela, edo alderantziz. Ezagun, baita, emaitzen haritik tiraka egiten direla analisi gehienak. Bideari baino, helmugari erreparatzen zaio. Machadok irakurle gutxi dituela futbol zelaietan, nonbait. Real Madrilen kontrako garaipenaren ondotik esan eta idatzi direnak duela bi hilabete esan eta idatzitakoekin alderatuz gero, zaila egingo zaigu kritika on zein txarren jomugan talde bera antzematea. Baina, zer da, orduan, azken bi hilabete hauetan gertatu dena?

Alde batetik, Valverdek bere bide orria mila zatitan puskatuta ikusi duela, lesioak eta emaitza kaskarrak medio. Athleticeko entrenatzaileak ez ditu aldaketak sobera maite. Ahal dela, hamaikakoa mantentzen du, eta txandakatzeak lesioek, txartelek edo nekeak behartuta egin izan ditu. Denboraldi honi begira konpondu beharreko buruhauste nagusia Ander Herrerak punta-erdian utzitako zuloa betetzea zirudien. Hasiera hasieratik, baina, arazoak eta partidak, hiru lehiaketa jokatu beharrak, pilatuz joan dira Valverderen arbelean, eta eztabaidak udaberria baino dezente lehenago loratu dira: Balentziaga bai, Balentziaga ez, Iturraspe edo Muniainen joko maila, Adurizen hutsunea betetzeko saiakerak eta abar.

Askotan aipatu izan da taldeak ez zuela hiru lehiaketetan aritzeko mailarik, baina elkarren segidan katetatu diren pattalaldi eta berpizkundeek zer edo zer erakutsi badute, kontrakoa izan da. Ustekabeko protagonisten denboraldia ari da izaten. Horietan lehenak Unai Lopez Napolesen kontrakoan eta Etxeita Almerian izan ziren. Ordutik hona San Jose, Guillermo, Aketxe, eta azkenaldian Herrerin edo Williams bezalako izenek taldea itxuraldatu dute. Europan eta Liga txapelketan aurtengo uztak galdua dirudien arren (Europarako aukera loratu egin bada ere azken asteetan), etorkizunekoak ereinda utzi izanak badu bere garrantzia. Kopako finalaz haratago, denboraldi honek arrastoa uztekotan, horregatik izango da: aurrerantzean ere loratuko dela orbel barria, nonbait.

Zurruntasun taktikoa ere egotzi izan zaio Athleticeko prestatzaileari, aldatzeko, eraldatzeko, arazo berriei irtenbide berriak emateko gabezia. Egoera goitik behera irauli du, ordea: Torinoren kontrako kanporaketan sistema aldatu zuen, joanekoan bigarren zatian (bale), eta bueltakoan hasieratik (kale). San Joseri bere tokitxoa aurkitu dio euskarrian, Muniaini punta erdian. Hori gutxi ez, eta Williamsek hegaleko jokalari “faltsuaren” lanetan bikain dihardu.

Ustekabeko protagonisten denboraldia ari da izaten. Eta ustekaberik handiena Kopa irabaztea litzateke. Hala bazan ala ez bazan…