Test fisikoak

Egilea:

Data: 2012/05/09

Garrantzitsuak dira, eta denboraldian zehar hainbat aldiz egin beharrekoak. Joseba Sesmak (http://entrenadorpersonalsesma.com/ENTRENATZAILE-PERTSONALA.php) egindako lana.

Edozein futbol taldeko urteko planifikazioa egitearekin batera, garrantzitsua da, planifikazio horren barruan jokalariei egin beharreko test fisikoak zein izango diren eta noiz egingo diren zehaztea. Test fisikoek jokalarien egoera fisikoaren inguruko informazioa luzatuko digute eta horren arabera, hauek behar dituzten entrenamendu kargak zehaztuko dira.

Test Fisikoak noiz egin

Test fisikoak urtean 3-5 aldiz egitea aholkatzen da. Lehenak, aurre-denboraldi hasieran burutuko genituzke, bigarrenak aldiz, aurre-denboraldi amaieran, eta ondorengo 3 test aldiak bata bestearekiko 10-12 asteko tartearekin burutuko genituzke. Horrela, gure ligak ikusita, aurre denboraldi hasieran eta amaieran testak burutu ostean, gabon inguruan, aste santutan eta denboraldi amaieran burutuko genituzke testak.

Test fisikoen funtzionaltasuna

Ezinbestekoa da test fisikoak egin aurretik test fisiko horiek zertarako ibiliko diren jakitea. Ez dira, beraz, test fisikoak egin behar mundu guztiak egiten dituelako, aurrez prestatu dugun planifikazioa aurrera eramateko informazio ugari eskuratu dezakegulako baizik. Informazio hori test bakoitzaren arabera ezberdina izango da, izan ere, testek erresistentzia, indarra, abiadura, abilezia etab. neurtu baitezakete. Gainera, testen irakurketa bikoitza egin daiteke, taldekoa eta indibiduala, taldeak orokorrean duen egoera eta behar fisikoen inguruko informazioa eta bestalde, jokalaribakoitzak indibidualki behar duen premia fisikoaren inguruko informazioa eskura baitezakegu.

Beraz oso garrantzitsua da testen funtzionaltasuna testak egin aurretik zehaztua izatea.

Test Fisikoak egiteko baldintzak

Test fisikoak beraien artean konparagarriak izateko orduan, ezinbestekoa da, baldintza berdinetan burutzea. Hau da, erabilitako protokoloak berdina izan behar du beti. Kontuan hartu beharreko gauzen artean, honakoak daude besteak beste:

Test egiten den ordutegia: Testa goizez edo arratsaldez egitea erabakiz gero, erabakia egingo ditugun test guztietan mantenduko dugu.

– Entrenamenduak: Testa egin aurreko entrenamenduak beti modu berean burutuko ditugu, hauek ere protokoloan barneratuz.

– Testen ordena: egun berean test bat baino gehiago egin behar izanez gero, beti orden berean egingo dira.

– Testatzeko materiala: Testak egiterako orduan, beti material bera erabiliko dugu. Material aldaketak emaitzetan eragina izan baitezake.

– Testak egiteko tokia: Testak leku berean egingo dira beti. Testak toki itxian egiteko aukera izanez gero, hobe izaten da, faktore gehiago kontrolatzeko aukera baitago (tenperatura, hezetasuna, haizea, euria, etab.)

– Ebaluatzaileak: testak egitean, ebaluatzaileak beti berdinak izan behar dute.

Baldintza guztiak betetzeko aukera ez izan arren, ahalik eta baldintza gehien betetzea aholkatzen da, testen baliagarritasuna eta fidagarritasuna baieztatzeko.

est fisikoak

Beste batzuen artean, jarraian dituzue futbolean maiz erabiltzen diren test fisikoak. Bakoitzak gaitasun fisiko ezberdina neurtzen du.

– YOYO INTERMITENTE TEST 1 (YYIRT1): YYIRT1-a, jarduera progresiboki maximal eta intermitenteen menpean jarritako subjektuen errekuperazio maila ebaluatzeko eginiko proba da (Bangsbo, 1996). Protokoloa, 40m-ko (2×20 m) joan etorriko korrika errepikapenak egitean oinarritzen da, bertan egin beharreko distantzia, proba guztian mantenduz (ikus beheko Irudia).

YYIRT1-ean joan-etorri bakoitzean egin beharreko ibilbidea ikus daiteke. Korrika 40 m-ko joan- etorria eta oinez atseden hartzeko 10 m-ko joan-etorria.

YYIRT1-ean aldatuko dena distantzia hori egiteko denbora izango da, hau da, korrika egiteko abiadura handiagotzen joango da progresiboki. Hasierako abiadura 10 km/h-a izango da eta sujetuak errepikapen bat (2×20 m) egingo du. Ondoren, abiadura igo egingo da 12 km/h (2x20m) eta 13 km/h-raino (2×20 m 2 aldiz). Laburbilduz, 10 eta 13 km/h-ko abiaduran 2x20m-ko 4 joan etorri egingo dira. 160m hauek egin ostean, abiadura 13,5 km/h-ra (2×20 m 3 aldiz) eta 14 km/h-ra (2×20 m 4 aldiz) igoko da. Ondoren, testaren abiadura 0,5 km/h-an igoko da 8 joan etorri bakoitzeko (320 m guztira) eta erabateko nekera iritsi arte. Ondorengo tauletan (1 taula eta 2 taula) argiago ikusten da YYIRT1-aren protokoloa:

1 Taula. YYIRT1-ean, palier bakoitzeko abiadura (km/h eta m/s-tan), joan etorri kopurua, periodo bakoitzean eginiko distantzia eta batutako distantzia.

2 Taula. YYIRT1-ean jarraituriko protokoloa eta periodo bakoitzeko aldi bakoitza burutzean egitea lortzen den distantzia (m).

ABALAKOV: Jokalariek duten salto bertikalaren gaitasuna neurtzen da bertan, infragorrien bidez airean pasatako denbora neurtzen duen kontaktu plataforma baten bidez. Ondoren emaitza cm-tan ematen du software-ak.

Abalakov saltoa egiteko, hankak luzatuak izanik besoen mugimenduaz baliatuz, kontramugimenduko akzioa egingo da. Horrela, grabitate zentroa gora inpultsatu aurretik, jaitsi egiten da eta beso eta gorputzaren inpultsoa erabiliz salto egiten da. Jokalari bakoitzak 5 errepikapen egingo ditu. 5 salto horietatik emaitzarik onena eta txarrena kentzen dira eta beste hiruekin egiten den bataz bestekoa izango da jasoko den emaitza. Jokalariek proba hau egiteko zapatilak erabiltzea gomendatzen da.

Abalakov-aren teknika adierazten duen irudia.

15 m ABIADURA: 3 m-tik modu librean eginiko irteerarekin, 15 m korrika egiteko behar duten denbora neurtuko da. Horretarako kama ra fotoelektrikoak erabiltzen da, jokalariek egindako denboraren neurketa zehatzagoa izateko. Jokalari bakoitzak 3 errepikapen egingo ditu eta lortutako 3 denboren bataz bestekoa erregistratuko da. Jokalariek proba hau egiteko futboleko oinetakoak erabiltzea aholkatzen da.

15m-ko abiadura proba nola egin behar den adierazten duen irudia.

BARROW TEST: Egokitutako Barrow testa da (Real Sociedad. Masach, J. Madrid 2004) eta bertan distantzia motzetan maila motor handiko mugimenduak gauzatzeko gaitasuna baloratuko da. Hau neurtzeko kronometroa erabili dugu eta abiadura proban bezala 3 errepikapen egin eta hauen bataz bestekoa erregistratuko da. Jokalariek proba hau egiteko futboleko oinetakoak erabili dituzte, hau da, takodun oinetakoak.

Barrow testa egiteko egin beharreko zirkuitoa.