Segundo bakarraren tartean

Egilea:

Data: 2014/10/19

ATHLETIC

Analisi hau idatzi digu Eñaut Barandiaranek Athleticen jokatzeko ereduaren balizko aldaketaz. Ez dio zentzurik topatzen Valverderen betiko eredua aldatzeari.

Athleticek aste pare bat izan du ispilu aurrean jarri eta mirailak bueltatzen dion begirada sakon aztertzeko. Begirada horretan kezka, ilusioa, erantzukizuna edo beldurra nabarmentzen den, hor legoke koska. Emaitzen gainetik, zurigorriak ematen ari diren itxura kaskarra da zaletuongan kezka eta kalapitarako bidea zabaldu duena. Denboraldi hasiera eskasaren zergatiak aztertzerako orduan denetik aipatu izan da; atal fisikoan, jokalariek egiten duten kilometro edo lapurtzeko gai diren baloi kopurua. Arlo taktikoan, punta erdiaren inguruko eztabaidak puri-purian jarraitzen du, izenak eta izanak gorabehera.

Baina, itsaskiaren erdian jokalariak esaten ari direnari erreparatzen badiogu, badirudi taldearen nortasuna bera dela ezbaian dagoena. Pisuzko jokalariak izan dira taldearen joko moldeaz eta balizko aldaketez mintzatu direnak, eta argi dago Iraola edo Aduriz bezalako handi-mandiak horretaz jardun badira aurretik Valverderekin adostuta izango zutela. Esan dutenak baino, iradoki dutena da kezkagarria. Balirudike, kanpotik ikusita, orain arte jorratu duten bideari muzin egin beharrean daudela, edo egitekotan direla. Valverde ezagututa, baina, ez dirudi horrek zentzu handirik duenik: Athleticera itzuli zenetik ifrentzua egokitzen zaion lehen aldia da, eta orain arte balekoa izan dena, are gehiago, joko zein emaitza aldetik eraginkorra suertatu zaion eredua bide bazterrean uzteak ahulezia berebizikoa islatuko luke, nortasun falta nabaria, ur handitan sartu orduko amore emango balu legez. Argi dago hainbat gauza hobetu beharrean daudela, eta taldeak gorputzari buelta eman behar diola, baina egun batetik bestera egungo Athletic-a Caparrosen garaikoa bilakatzen saiatzeak ez du ez hanka ez bururik, alde batetik ez litzatekeelako egingarria izango, eta ezta eragingarria ere. Taldeak aurrera egingo badu, orain arte landu dituen kontzeptuetan sakonduz izango da. Horrenbeste eta gehiago badakite aldagela barruan daudenek ere.

Zalantzati dabil Athletic, hala ere, iazkoak balio ez diola ikusita. Segundo bat beranduago heltzen da baloi guztietara. Gutxi dirudien arren, hori da baloia lapurtu edo ez lapurtzearen artean dagoen aldea. Bere defentsako lana presioan oinarritzen duen heinean segundo bakar hori preziatua da oso, talde-lan guztia baldintzatzeraino. Presioa bere horretan berreskuratzeak ahalbideratuko luke, bai baloia gorago lapurtzea, zein aurkariak Iraizozen ingurumarietara hain solte ez heltzea. Atzerantz begiratu beharrean aurrerantz begiratzeko premio du taldeak. Segundo bakarraren tartean, arazoa eta konponbidea. Ez bakarra, noski, baina abiapuntu garrantzitsua litzateke, balekoa.

Ostegunean estreinatu zuten A ze banda! musika saioa ETB1en. Ea datorren asteetan ez ditugun Athletic eta Reala bertan parte hartzen ikusten. Ikusteke dago ispilutxoak zurigorriei zer esan dien.