Paramoko ametsak: ‘Four year plan’

Egilea:

Data: 2014/03/08

Muschuc Runa Sporting Club taldea kitxua da, eta aurrenekoa Ekuadorko Liga nagusia jokatzen ari dena. 12 urte baino ez da kluba sortu zenetik.

Andeetako futbol partidetan, 3000-4000 metrora, norbaitek baloia zelaitik kanpora bota eta maldan behera hasten denean, jokalariak elkarri begira geratzen dira, baloiaren bila nor abaituko zain.

Ez da kontu samurra, inondik ere, korrika abiatu, baloiari lasterketa irabazi, harrapatu eta berriz zelairaino igo, eta hori guztia gutxi balitz, alboko sakea edo kornerra atera behar izatea, bihotza paparretik ateratzeko zorian.

Baina maldan gora ere, futbolarekin amestu daiteke. Oxigeno faltak arnasa hartzea neketsu bihurtzen du, lanbroak zelaia ia erabat esaltzen du sarritan, baina ez baten faltak ez bestearen etorrerak ez dituzte ametsak lainotzen. Ekuadorreko Andeetan, ez behintzat.

Ekuadorren bihotzean, Tungurahua sumendiaren inguruko komunitate indigenek, futbolarekin amesten zuten. Eta ametsa egia bihurtu zaie.

Mushuc Runa-k, “gizaki berria” esan nahi du kitxueraz. Hori da hain zuzen, Ekuadorreko ligan sartzea lortu duen lehen talde kitxuaren izena, Mushuc Runa Sporting Club.

“Pontxodunen taldea” hala baita ezaguna Ekuadorren, duela 12 urte sortu zen auzo arteko txapelketetan parte hartzeko.

Mushuc Runa-ren jarraitzaileak, Guayaquil hirian, 2014ko urtarrilean

2010ean, profesional bilakatu eta hiru urtera, taldearen agintari kitxuek orduan inor gutxik aintzat hartu zuen erronka bota zuten: Lau urteren buruan taldea lehenengo mailan ipini eta nazioarteko txapelketa bat jokatzea.

Bizitzan bezala futbolean, ametsek, gauzatze aldera, planak behar izaten dituzte batzutan; Baita Andeetan ere.

Hiru urte lehenago, Andes mendikatetik 10.004 kilometrora, Londres hiriaren mendebaldean, lau negozio-gizon milioidunek Queens Park Rangers taldea erosi eta lau urtean Txapeldunen Ligarako sailkatzeko plana prestatu zuten. “Four year Plan”; horra, beste lau urteko plan bat, non eta futbolaren sehaskan. Bernie Ecleston eta Flavio Briatore Bat Formulako handikiak, Alejandro Agag Jose María Aznarren suhia eta Amit Bathia enpresari hindua izan ziren planaren bultzatzaileak. “Four year plan” Mat Hodgson britainiarraren dokumentalak bikain azaltzen du zer geratu zen. Futbol modernoaren parabola ezinhobea da.

Londres mendebaldean ez bezala, Andeetan plana ondo ateratzen ari da ordea, uste baino hobeto.

2014n, Mushuc Runa Sporting Club Ekuadorreko futbol zelairik garrantzitsuenetan azaldu da, eta herrialdeko talderik handienen kontra ari da indarrak neurtzen. Lehen mailan. Iaz igotzea lortu zuten, denboraldi bikaina eginez.

Mushuc Runa eta Emelec-en arteko partidua, Guayaquilen, aurtengo urtarrilean

Duela pare bat aste Quito hiriburuan lehen aldiz jokatu zuen, noren kontra eta Liga de Quito Ekuadorreko talderik entzutetsuenetako baten aurka, 2008an Libertadores Kopa irabazitakoa, Hegoamerikako Kopa 2009an, eta Hegoamerikako Errekopa 2009an eta 2010ean.

Hutsnako berdinketarekin bukatu zen lehia. Emaitza ona, nahiz eta taldea azken postuetatik ateratzeko balio ez.

Joan den asteburuan, sona handiko beste talde bat bisitatu zuten “pontxodunek”. Guayaquil hiriko Barcelona. Ekuadorren jarraitzailerik gehien dituen taldea, liga txapelketa guztiak jokatu dituena, eta Libertadores Kopako bi finalera iritsitakoa.

Guayaquilen ere gauzak ez ziren ondo joan Ambatokoentzat, eta 3 eta 0 galduta, salikapeneko azken bueltatu ziren Andeetara.

Mushuc Runa-Barcelona Guayaquil partidako jokaldi bat, 2014ko martxoan

Baina orain arteko emaitzak albo batera utzita, “Pontxodunek” amets egiten jarraitzen dute. Liga-txapelketa hasi baino ez da egin. Mushuc Runaren agintariek, indigenek futbolean lekua daukatela erakutsi nahi dute.

Taldeko presidentea den Alfonso Chango abokatuak argi azaldu ditu Ambatokoen asmoak: “ikasten ari gara. Akatsak zuzendu eta jokoa hobetu behar dugu. Nahia, lehenengo, mailari eustea da, eta ondoren nazioarteko txapelketa baterako sailkatzea.”

Andeetako mendi-magaletatik

“Pontxodunen Barra”k, Mushuc Runaren jarraitzailerik ausartenak biltzen ditu. Aurten, besteak beste Quitora eta Guayaquilera joan dira taldea jarraitzera.

Andeetan, partida egunetako irudia, ez da egunerokoaren oso ezberdina. Tunghuraua probintzia osoko komunitate indigenetatik goizean-goiz irtetzen dira jarraitzaleak. Furgoneta edo kamoietan Ambato hirira jaisten dira, taldea jarraitzeko autobusak hartzeko.

Harmailetan, denak dira bat, taldea animatzeko: kitxueraz botatzen dituzte animoak, tronpeta eta bonbo artean. “Imatina munasha, Imatina juyasaha” (Nola ez zaitut ba maitatuko, nola ez zaitut ba gurtuko); doinuak, Buenos Aireseko Bombonerako jarraitzaileei hartu dizkiete.

Diego Pandi Barrako presidenteak argi dauka taldea doan lekura jarraituko dutela: “Mushuc Runa gure kulturaren odezkaria da. Une gozoetan zein txarretan gure babes osoa izango du. Zirrara handia sortzen du, Mushuc Runa Ekuadorreko talderik entzutetsuenen aurka jokatzen ikusteak. Herrialdeko estadioetara joanda, Ekuador osoko indigenei futbol-proiektu hau beraiena ere badela erakutsi nahi diegu.”

Jasangarritasuna, harrobiko taldeak eta “Sumak Kawsay” (bizitza duina)

Indigenen taldearen euskarri ekonomikoa bere babesle nagusia da: Mushuc Runa Aurrezki eta Kreditu Kooperatiba, Andeetako indigenek 1997an sortutako finantza-erakundea. Ekuadorreko probintzia ezberdinetan 8 sukurtsal izatera iritsi da, eta 170.000 bazkide baino gehiago ditu egun.

Alfonso Chango presidentea bera eta taldeko agintari eta bazkiderik gehienak, kooperatibako kideak dira.

 

Oinarri horrekin, indigenen asmoa Mushuc Runaren harrobiko taldeak sendotzea da. Momentuz bi jokalari indigena baino ez daude lehen taldean, eta kopuru hori handitu nahi dute.

Jokalariak oso harro daude Mushuc Runa-n jokatzeaz: “Ekuadorren bakarrik ez, nazioartean ere Mushuc Runa oihartzuna izaten ari da, indigenak ordezkatzen dituen taldea izateagatik” esan zien hedabideei Julio Sisa atezainak Barcelonaren aurka jokatu aurretik. Serafin Pandirekin batera, oraingoz, lehen taldeko kitxua bakarra da Sisa.

Klubaren talde ezberdinek Santa Luziako kirol-instalazioetan entrenatzen dute. Futbol-eskola ere bertan dago. Beheko mailako taldeentzat bi zelai berri eraiki zituzten iaz, eta beste lau egiteko asmotan dabiltza.

Baina futbol-eskola izateaz aparte, beste erabilera batzuk ere eman nahi dizkiote, Andeetako kitxuentzat futbola, azken finean, “Sumac Kawsay”, “bizitza ona” bilatzeko bide bat da eta: hobeto bizitzeak, komunitateek harmonian bizitzeko tresnak eskura izatea esan nahi du, eta horregatik, futbol-eskolaren inguruak atseden gune bihurtu nahi dituzte.

Zaldiz egiteko ibilbideak, pertsona nagusientzako atseden-leku bat eta jantoki bat eraikitzen ari dira, bertokoentzat, eta kanpotik datozenentzat.

Estadio Berria

Gaur-gaurkoz Ambatoko Bellavista estadioan jokatzen badu ere, kluba futbol zelai berria eraikitzen ari da Echaleche komunitatean, Andeetan, itsasoaren mailatik 3.200 metrora.

Taldearen aurtengo aurrekontua 2.300.000 dolarrekoa da; Erdia, zelaia bukatzeko erabiliko dute.

5.000 jarraitzaile hartuko ditu, guztiz bukatzen dutenean.

Mushuc Runako jokalariak zelaira irteten, aurten, Alfonso Chango presidentea buru dutela.

Eraikuntza, hutsetik hasi dute. Aldagelak, zelaia eta kazetarientzako kabinak amaitu dituzte. Harmailak, aurtengo abuzturako eginda egotea nahi dute.

Futbol zelai berria komunitarioa izango da. Proiektuaren oinarria da: agintari eta bazkideek futbol profesionalaren etorrera Tungurahua probintziako ekonomia bultzatzeko baliatu nahi dute, eskualdeko bizilagun eta komunitateentzat aberastasuna sortzeko. Estadioa eraikitzeko inguruko komunitateetako langileak kontratatu dituzte, eta “minga” edo auzo-lanera jo izan dute, behar izan denean.

Horra ba, lau urteko plana erronka bihurtua Tungurahuako kitxuentzat.

Baina Mushuc Runako agintariek abantaila daukate horretan: jakin badakite plan baten oinarririk sendoena, duda izpirik gabe, amets egitea dela.