Oporrik egon ez balitz bezala

Egilea:

Data: 2013/08/19

REALA (analisia)

  • Getafaren aurkako partida aztertuta, ondorio onak atera dizkio Realari Aritz Olagoik.

Ikasleak ikasturte berriari ekin behar dionean galdera asko izan ditzake buruan: gai izango ote naiz maila berrian orain arte bezala erantzuteko? Nolakoak ote dira gelakide berriak? Berria gogorra ala biguina izango ote da?

Maila berri batean irakasten hasi behar duen irakasleak ere galderak izaten ditu buruan: zer nolako maila ote dute ikasleek? Irakaskuntza metodologiara egokituko ote dira? Ondo moldatuko ote naiz beraiekin?

Ikasle prestatua aurreko urtean ongi egindakoari jarraipena ematen saiatzen da, baliagarria izan zaiona errepikatzen: gelan adi egon, etxeko lanak behar bezala egin, eta orain arte balekoa izan zaion guztia errepikatzen saiatu. Ahalik eta gutxien aldatzen, alegia.

Irakasle berriak ere bi aukera izaten ditu: hutsetik hasi bere erretolikarekin ikasleak bereganatu nahian, edo aurreko urteetan ikasleek egin dutena aztertzen saiatu, ikasleen maila ezagutzeko ahalegina egin eta ikasleen beharretara moldatu.

Realak ikasle prestatuaren itxura du Liga hasiera honetan. Aurreko denboraldiaren eta ikasturte berriaren artean etenik egon ez balitz bezala ekin dio denboraldiari. Joan zen urtean baliagarria izan zitzaiona errepikatuz ekin dio: baloia erabili, alde batetik bestera mugituz aurkaria baloiaren atzetik ibiltzera behartu, eta aukerarik txikiena duenean oldarkor eta bizi erasora. Lehen partidutik jokoan agintzeko asmoa azaldu du, protagonista izan nahi duela, izan eta ez egon. Joko maila txukuna erakutsi du. Iragan denboraldian gutxiago parte hartu zuten hainbat jokalari hasieratik arituta, gainera.

Irakasle berria dute gelan, Jagoba Arrasate. Ikasleak bezala, etxeko lanak ondo eginda dituela erakutsi du. Abantaila txiki bat zuen, ikasleak joan zen urtetik ezagutzen zituela. Erronka ere ez du txikia, maila horretako ikasleei eskola ematen zien aurreneko aldia baitzen.

Atzeko boskotean berritasun bakarra: Ansotegi. Joan zen urtean gelan gehiegi parte hartu ez zuen ikaslea, baina eskarmentu handikoa. Gainontzekoak joan zen urtekoak: Bravo atean, Carlos Martinez, Iñigo Martinez eta De la Bella lauko lerroa osatuz. Zelai-erdian aurreneko egunetan gelan txukunen aritutakoei eman zien ardura, joan zen urtean minutu gehienak jokatu ez zituztenei, alegia: Zurutuza, Pardo eta Elustondo. Eraso-defentsa arloan oreka eman zioten taldeari. Defentsan presioa bideratuz, eta erasoan atzelari nahiz aurrelariei pase bideak irekiz. Aurrekaldean gelakide berria: Haris Seferovic. Hasieratik ederki moldatu da gelakideekin: erasoan mugimendu etengabeak, zelai-erdira jokoan parte hartzeko nahiz atzelarien bizkarrean zuloak bilatzeko. Defentsako lanean berriz oldarkor eta kontzentratuta zeregina betetzen. Laguntza ederra eman zioten bere atzetik jokatu zuten Chory Castrok eta Velak. Bizi eta aurrera begira beti.

Ikasturte hasiera besterik ez da. Ikasturtea luzea izango da, inoiz baino azterketa gehiago gainditu beharko dituzte ikasleek eta irakasleak. Oraingoz, baina, aurreko ikasturteari jarraipena eman nahi diotela dirudi, oporretan aurreko ikasturtean ikasitakoa ez dutela ahaztu erakutsi dute. Hasiera ona eman diote, baina ikasten jarraitu beharko dute guztiek ekaineko ebaluazioa gainditzeko.