Munduko Kopa buruan
MUNDUKO KOPA 2014
Selekzio batzuek psikologoa daukate, eta horien lanaren inguruan gogoeta utzi digu Aritz Olagoi kirol psikologoak, Ekin Kirolako kideak.
Futbolean, zelai gainean dohain fisikoak, taktikoak, teknikoak eta psikologikoak aurrez aurre jartzen dira. Tentagarria izan ohi da futbola zatikatzea eta jokalariak lau arlo horietako kaxaren batean sartzea: jokalari hau teknikoki abila da, baloia oinetan duela edozer egiteko gauza da, nahieran erabiltzen du. Beste hura taktikoki azkarra eta burutsua da, beti bere lekuan egoten da, jokoak eskatzen duen tokian. Hark berriz sasoi fisiko ikusgarria du, partidu guztia ematen du bere hegaletik gora eta behera, nekaezina dirudi. Jokalari hori buruz indartsua da, baloia pasatzean pare bat huts egin ondoren ere berriz saiatzen da eta ez da kikiltzen, baloia berriz eskatzen du.
Futbolariak eta jokoa bera 4 kaxoi horietan sailkatzen dugu, batak bestearekin harremanik izango ez balute bezala, bakoitza bere kasa garatuko balitz bezala, bere bidea besteekiko menpekotasunik gabe egingo balu bezala.
Aipatu horietako kaxoietako bat, arlo psikologiko, lantzeko zenbait hautatzailek psikologoarengana jo dute. Jakin ahal izan dudanez, Brasilgo Munduko Kopan, gutxienez herrialde hauetako hautatzaileek izan dituzte lan taldeetan psikologoak: Brasilek, Kolonbiak, Argeliak, Nigeriak eta Ingalaterrak. 6 horietako 3k, behintzat,( Kolonbia, Nigeria eta Costa Ricak) txapelketa hasieran inor gutxik espero zituzten emaitzak izan dituzte. Emaitzetatik haratago, zelaian erakutsi duten lehiakortasuna eta heldutasuna aipatuko nituzke, emozionalki talde orekatuak izan dira, behar besteko grina erakutsi dute baina beti neurrian, kontrolpean.
Costa Ricako psikologoaren lana honela azaltzen zuen Marco Ureñak final-laurdenetarako txartela lortzeko azken penaltia lortu ondoren “Psikologoak barrura begiratzen laguntzen digu, eta edozein talderi aurre egiteko gai garela konfiantza lantzen. “Jokalariak sailkapena lortu ondoren ospakizunetan zirela Jaime Perozzo psikologoak bere ingurura bildu eta hauxe esan zien: “Oraindik ez da Munduko Kopa bukatu. Lan asko dugu egiteko, neurrian ospatu”. Helburuak finkatu eta oreka emozionala landu. Herbehereen aurkakoa prestatzeko lanean hasi zen psikologoa.
Jaimer Perozzoren lana, gainontzeko psikologoena bezala, ez zen Munduko Kopan hasiko. Arlo psikologikoan eragiteko denbora behar da. Talde bat taktikoki garatzeko edo jokalarien prestakuntza fisikoa atontzeko plan bat diseinatu eta emaitzak ikusteko denbora behar den bezala, jokalarien prestakuntza psikologikoa lantzeko, jokalariek beraien buruan konfidantza izaten laguntzeko, partidetako egoera zailetan emozioak kontrolpean edukitzeko edo arreta eta kontzentrazioa bezalako aldagaiak entrenatu eta hobetzeko, ebaluaketa eta plangintza psikologikoa ezinbestekoak dira.
Horretarako, entrenatzailearen babesa eta konfiantza ezinbestekoa ditu psikologoak eta oinarrizkoa da hasieran aipatu kaxak, denak batera, nahasian lantzea, jokoaren osotasuna errespetatuz, arlo desberdinetako profesionalak elkarlanean, bat izango balira bezala. Futbola, jokoa, osoa delako, ez zatikatua.