Munduaren puzzlea

Egilea:

Data: 2015/04/14

CONCACAF 

Futbolean ere arauak ez dira berdinak denentzat. Ondo azaltzen du hori lan honetan Naxari Altunak. Frantziaren meneko diren Guyana, Guadalupe eta Martinika nozitzen ari dira bidegabekeria bat. Horren berri luze eta zabal ematen digu egileak lan honetan.

San Pedro Sulara ilusioz gainezka bidaiatu zuten Guyanako jokalariek. Frantziak kolonia gisa hartu zuen aspaldi Brasil eta Surinamen artean dagoen lurraldea. Orain, administratiboki, itsasoz bestaldeko departamendu estatusa dauka Guyanak. Frantziaren baitako lurraldea, betiere. Futbol kontuetan ere bai.

Itsasaldetik Ertamerikara hegan egin zuten martxoaren amaieran Guyanako selekzioko kideek. Partida historikoa zuten Hondurasen. Inoizko erronkarik handiena zen lurralde txikiarentzat. Guyanako ordezkaritzaren buru Frantzian arrasto sakona utzitako jokalari ohia ageri zen, atezain handia izandakoa: Bernard Lama.

PSGko futbolaria Munduko txapeldun izan zen Frantziarekin 1998an, ordezko atezain gisa, Aime Jacquet hautatzaileak titular posturako Fabien Barthez aukeratu ondoren. Lehia estua izan zen. Gauzak lasai hartzen ditu Lamak, arbasoen lurralde zabalean duten patxada eta ikuspegi zabaletik abiatuta. Bere buruarengan konfiantza handia erakusten zuen atezain gisa, nortasuna, eta haren iritziek eragin handia zuten taldearen barruan.

Bernard Lamaren gurasoak Cayennen jaio ziren, Guyanako hiriburuan. Atezaina metropolian sortu zen, baina hazi, berriz, gurasoen jaioterrian, hango ur gardenetan, futbolaz blai. Brasilgo Munduko Kopak harrapatu zuen 1970ean, Peleren talde distiratsuak. Eta buru belarri murgildu zen bere bizitzako helburu nagusian: futbolaria izan nahi zuen, brasildar haien arrastoari jarraiki. Frantzian egin zuen bidea Bernard Lamak. Lillen, Metzen eta Parisen, bereziki. Frantziako selekzioan lekua aurkitu zuen eta erretiroa hartutakoan familiaren sorterrira itzuli da, itsasoz haraindiko lurraldera. Bernard Lamak Guyanako kirol zuzendari gisa ere arrastoa utzi nahi du, oztopoak-oztopo. Hondurasko San Pedro Sulan loria zain zuten bere jokalariek igande hartan, azken bi Mundialetan parte hartu duen selekzioaren aurrean.

Guyana, Frantziaren esku dagoen itsasoz bestaldeko departamendua, CONCACAF erakundearen parte da: Ipar Amerika, Ertamerika eta Karibeko uharteak batzen dituen konferedazioa. Honduras azpiratuz gero, Guyana frantziarra CONCACAF erakundeak antolatzen duen Urrezko Koparako (Golden Cup) sailkatuko zen. Guyanak 3-1 irabazi zuen joaneko partidan eta emaitza horrekin, Ipar Amerika, Ertamerika eta Karibe aldean Eurokoparen parekoa den txapelketan parte hartzea eskura zuten.

Joaneko partidaren emaitzak lurrikara handia eragin zuen Honduras aldean. Neurketa amaitutakoan, Hondurasko telebistak dei hauxe egin zien zaleei: “Datorren igandekoa tramite hutsa izango zela uste genuen hondurar guztiok, baina, ustekabean, hil edo biziko norgehiagoka bilakatu da. Zuetako askok ez zenuten partida ikustera joateko asmorik izango, baina ezinbestekoa da harmailak betetzea. Urrezko Kopa ez jokatzea hondamendia izango litzateke 2018ko Mundialerako sailkatze bideari behar bezala eusteko”. Hondurasko federazioko presidenteak ez zekien zer esan. Tertuliakideek estu hartu zituzten jokalariak eta zentzudunena Jorge Luis Pinto hautatzailea izan zen, Costa Rica azken Munduko txapelketan zuzendu zuen gizona: “Ez dugu maila ona eman. Guyanagehiago izan da eta horrela galtzen duzunean ondorioak atera eta ikastea baino ez da geratzen”.

Joaneko partidan Sloan Privat aurrelaria izan zen protagonista nagusia. Cayenne hiriburuan jaio zen duela 25 urte. Caen taldean ari da, Frantziako L1 txapelketan. Guyanarekin bi gol erdietsi zituen Hondurasen aurkako estreinako norgehiagokan. Itzulerako partida, ordea, ez zuen jokatu. Bere taldeak, soilik, aurreneko partidan aritzeko baimena eman zion. Guyana CONCACAFen barruan dago, baina ezda FIFAko ordezkaria. Frantziak ez dio FIFAko partaide izaten uzten. Karibe inguruko departamenduak euren eskualdeko txapelketetan ofizialkilehiatu ahal dira, Frantziak baimenduta, baina ez mundu mailan. Urrezko Kopa joka dezake Guyanak, Mexiko, Estatu Batuak, Kanada edo Costa Rica bezalako selekzioen aurka; Mundial batean, berriz, ezin du parte hartu. Soilik Frantziako selekzioarekin jokatu ahal dute Munduko txapelketa hango futbolariek, frantziar gisa. Eta, unean-unean, Hexagonoko kluben esku dago jokalariak utzi ala ez Guyanako selekzioarekin aritzeko. Horren aurrean kexu azaldu da Bernard Lama. Sistemarekin talka egin du.

Sloan Privat

Guyanako jatorria duen futbolari batek Frantziako selekzioarekin partida ofizialen bat jokatu badu, itsasoz bestaldeko taldearekin parte hartzeko aukera izango luke soilik Frantziaren elastikoa jantzi duen azken partidatik bost urte igaro badira. Florent Maloudak (Cayennen jaioa), Lyon eta Chelseako jokalari ohiak, aukera hori bazuen. Karibeko Koparako deitu zuten orain dela hilabete batzuk, baina Metzek, bere egungo taldeak, ez zion joaten utzi. Roy Contout erasoko jokalaria da Guyanarekin Hondurasen aurka aritu den jokalaririk entzutetsuena. Auxerrekin Txapeldunen Ligan aritu zen 2010ean eta orain Belgikan jokatzen du, Mouscron taldean.

Kontuak-kontu, Hondurasen 3-0 galdu zuen Guyanak itzulerako partida (4-3, ertamerikarrak orotara nagusi). Akabo ametsa. Datorren udan Bernard Lama eta bere mutilak ez dira Estatu Batuetan eta Kanadan jokatuko den Urrezko Kopan izango. Estreinakoak itxaron beharko du. Guadalupe eta Martinika izan daitezke haien ispilua. Baina, Guyana ez bezala, aldarrikapen berri batekin datoz Guadalupe eta Martinikako ordezkariak: FIFAko kide izan nahi dute. Bi horiek (Frantziaren departamenduak biak ere) FIFAko partaide izan nahi dute Munduko Koparako sailkatze fasea jokatu ahal izateko. Hartara, besteak beste, diru laguntza handiagoa izango lukete azpiegiturak hobetzeko. Baina, Frantziaren ezetzarekin topo egin dute. CONCACAFeko kide bai, baina FIFAkoa ez! Itsasoz bestaldeko txapelketa, Karibeko Kopa edo Urrezko Kopa joka ditzakete selekzio horiek, bestelakorik ez!

Guadalupen jaioa da Frantziako selekzioarekin partida gehien jokatu duen futbolaria: Lilian Thuram (142). Munduko eta Europako txapelduna izan zen elastiko urdinarekin. 1998ko Mundialean, Frantzia kinka larrian zela, ustekabean azaldu zen erasoan finalerdietako partidan, Kroazia bi golekin azpiratuta. Thuramek Frantziarekin sartutako gol bakarrak izan dira. Bere aurretik, Marius Tresor atzelari handiak arrastoa utzia zuen Hexagonoan. Platiniren garaian erdiko atzelari paregabea izan zen, bolada batean Frantziaren elastikoarekin partida gehien jokatu zuen futbolaria hura ere bai. Guyanak ez bezala, Guadalupek CONCACAFeko Urrezko Kopan parte hartu du, finalerdi eta final-laudenetara iritsita. 2007an final atariraino iritsi ziren Jocelyn Angloma kapitainaren eskutik. 41 urte zituela sorterriko selekzioarekin aritzeko aukera izan zuen Valentziako jokalari ohiak, 1996ko Eurokopan Frantziako selekzioko eskuin atzelaria izan ondoren. Gaur egun, Claudio Beauvue aurrelaria da uharteko futbolaririk ospetsuenetakoa. Sasoiko dabil En Avant Guingamp, L1eko taldean. Itsasoz bestalde jaio diren futbolarien moduan, oso gazte iritsi zen metropolira, 14 urterekin, prestakuntza zentro batek deituta. Nantesen haztegian trebatu zen azken hilabeteotan Frantziako selekziotik gertu ibili den golegilea.

Thierry Henryk, Nicolas Anelkak, Julien Faubertek eta Raphael Varanek Martinikan dituzte euren erroak. Metropolian jaio ziren guztiak ere eta Frantziako selekzioan aritu dira. Henry, inoizko golegilerik onena (51), partida gehien jokatu duen bigarrena da (123), Thuramen atzetik. Varane, Real Madrileko atzelaria, taldearen erreferentzietako bat da egun. Etorkizunean Martinikarekin jokatu nahiko balu, Frantziarekin aritu den azken partidatik bost urte igaro beharko lirateke. Henry eta Anelkarekin itxaropenen bat bazuten Martinika aldean, baina bi horiek erretiroa hartu berria dute, Frantziako federazioak ezarritako bost urteko epe hori betetzear zela.

Baina badira salbuespenak. Frantziak Ozeano Barean kolektibitate bereziko estatusaren pean duen Kaledonia Berria eta itsasoz bestaldeko departamendua den Tahiti uhartea FIFAko partaide bihurtu dira azken urteetan. Tahitiarrek 2013an Konfederazioen Kopa jokatu zuten Brasilen, urtebete lehenago Ozeaniako Nazioen Kopa irabazi ostean. Christian Karembeu eta Marama Vahirua dira bi eskualde horiek eman dituzten futbolaririk azpimarragarrienak. Karembeu, kanaka, Munduko txapeldun izan zen Frantziarekin. Behin esan zuen, nazioartean bere herrialdearen aldeko aldarrikapenak ozenagoak izango zirelako jokatzen zuela Frantziarekin. Mururoako proba nuklearren aurkako borrokan nabarmendu zen. Vahirua tahitiarrak, berriz, Frantziako 21 urtez azpiko taldean jokatu ondoren, Tahitiko selekzio nagusiaren alde egin zuen. Nanteseko aurrelari zela Liga eta Kopa eskuratu zituen Raynald Denoueixen aginduetara. 33 urterekin egin zuen debuta Tahitiko selekzioarekin Konfederazioen Kopan.

Ozeaniako Tahiti eta Kaledonia Berria federazio autonomoak izanagatik, Frantziako federazioak antolatutako Itsasoz Bestaldeko Kopa (OFC) jokatzera behartuta zeuden. Bi urtean behin jokatzen zen txapelketa, Ile de Francen (Frantzia iparraldean), eta hiru ekitaldi baino ez ziren izan. Reunion uharteak birritan irabazi zuen eta Martinikak beste behin. Frantziako federazioak garestiegia iritzi zion selekzioak metropolira eramateari eta bertan behera utzi zuten txapelketa.

2018ko Munduko Kopa urrun geratzen bada ere, honezkero CONCACAF eskualdean Errusiako Mundialerako sailkatze fasea hasia da Karibeko taldeen artean. Guyana, Guadalupe eta Martinika, besteak beste, ez daude lehia horretan. Bai, ordea, Europako beste herrialde batzuen menpe dauden uharteak. Hala, Herbehereen eta Erresuma Batuaren baitan dauden bi eskualde txiki elkarren aurka aritu dira aurreneko kanporaketan: Couraçao vs Montserrat. FIFAren parte dira bi horiek. Patrick Kluivert holandarra da Couraçao uharteko hautatzailea. Ama hangoa du Ajax, Milan eta Bartzelonako aurrelari izandakoak. Jatorria, izana, borondatea, interesak… Munduaren puzzle kontraesankorra.