Lopetegi eta Allardyce

Egilea:

Data: 2016/07/23

ANALISIA Espainiak eta Ingalaterrak entrenatzaile berriak dituzte, eta hausnarketa txiki bat egin digu Aitor Manterolak.

Aldatu egin dituzte entrenatzaileak Espainiak eta Ingalaterrak. Koherentzia erabiliz aukeratu dituzte Julen Lopetegi eta Sam Allardyce, hurrenez hurren, nahiz eta ingelesen inguruan, koherentzia horrek badituen ertz batzuk. Erabaki zuzena da espainiarren kasuan, eta okerra ingelesei dagokienez.

Espainiak azken urteetako ereduari segida emango dio Asteasuko entrenatzailearekin, eta hori ona da, beheko mailetan eredu hori lantzen ari direlako azkenaldian. Logikaren barruan egindako aldaketa izan da entrenatzailearena.

Ingalaterra Allardycen eskuetan uztea ia-ia zuri-beltzeko futbolera joatearen parekoa da. Etxera begira bakarrik segitzen du Federazioak, nahiz eta kanpotar entrenatzaileak ere lotu dituen azken urteetan (Sven Eriksson eta Fabio Capello, kasurako). Izan etxeko edo kanpoko, moldea da aldatzen ez dena: futbol zurrunaren alde ari da Ingalaterra, beraien betiko estiloa kanpoan gauzatzen ari diren ereduen aurretik jarrita.

Nahiz eta Roy Hodgson saiatu izan zen baloiaren jabetza gehiago erabiltzen eta horretarako jokalariak eramaten selekziora, ez du gaitasunik izan eredu hori doitzeko eta biribiltzeko. Baina bide interesgarria zabaldu duelakoan nago. Alferrik baina. Federazioak berriz ere, atzera egin du, eta Allardycekin betiko moldera itzultzeko arriskuan da Ingalaterra. Batere emaitza onik eman ez dizkion moldera, alegia.

Ingalaterrak aldaketa sakona behar du selekzioan, eta orain ere, zain geratu beharko dugu selekzio horrek erakartzen gaituenok.