Llorentek Athletic utzi nahi du, Josu Urrutiak baieztatu duenez

Egilea:

Data: 2012/08/13

ATHLETIC

Presidenteak esan du ez dutela jokalaria saltzeko asmorik, eta joateko aukera bakarra dagoela gaineratu du: etete klausula osoa ordaintzea.

Giroa nahasi antzean dabil Athleticen. Gaur, Josu Urrutia presidenteak baieztatu du Fernando Llorentek kluba utzi nahi duela oraintxe, beste denboraldi baterako kontratua izan arren. Presidenteak azaldu duenez, jokalariak helarazi dizkion arrazoiak ez dira ekonomikoak, beste txapelketa batzuetan jokatzeko gogoan oinarrituak baizik.

Joan zen abuztuaren 3an jakinarazi zion erabakia jokalariak presidenteari, telefonoz, agintariak azaldu duenez. Oso argi utzi du ez dutela salduko, ez diotela joaten utziko. Hori gertatzeko aukera bakarra dagoela gaineratu du: jokalaria fitxatuko lukeen klubak hitzarmena eteteko klausula osorik ordaintzea. 36 milioi eurokoa da kopuru hori.

Urtebete luze daramate jokalariak eta Athleticek kontratua berritzeko lanean, baina adostasunik ez da izan, eta ez da izango, jokalariaren nahia aldatzen ez bada, behintzat. Urrutiak esan du diru kopuruen gainetik taldearen filosofia babestu nahi dutela.

Klubean geratzen bada, 2013ko lehen egunetik askatasun osoa du jokalariak nahi duen klubarekin beste kontratu bat sinatzeko datorren denboraldiei begira. Hala gertatuko balitz, eta jokalariak joateko nahiari eutsiko balio, Athleticek ez  luke sosik kobratuko.