Lehen ezin zuten elkarren aurka jokatu

Egilea:

Data: 2012/05/08

ATHLETIC EUROPAKO LIGAKO FINALEAN

Biharko finalean, izen beraren bi aldaera: Athletic eta Atletico. Izanak ere lotzen ditu, hemengoek sortu baitzuten hangoa.

Nor ziren Ramon de Aranzibia, Ignacio Gortazar, Ricardo Gortazar, eta Manuel de Goyarrola? Abizenei erreparatuz, nabaria da euskal herritarrak zirela.

Madrilen zeuden aurreko mendearen hasieran. Ikasten, ikasleak izaki. Minetako Ingenieritzakoak, zehazki. Bizkaitarrak denak. 1903ko apirilaren 26an erabaki bat hartu zuten Madrileko beste ikasle batzuekin batera, gerora historikoa izango zena: futboleko talde bat sortu zuten. Athletic Club Sucursal de Madrid izena jarri zioten. Madrilen lekuan Bilbao jarri, Sucursal kendu, eta hemengo Athleticen izen bera da. Ez zen kasualitatea izan izenarena. Hemengo Athleticen filiala, ‘sucursal’a izateko sortu zuten Athletic Club de Madrid hura. Orain Atletico Madril izenaren jabea.

Ordurako sortua zen Athletic, hemengoa, Bilbokoa. 1898an. Bestea eratu zutenean, bi taldeek ezin zuten elkarren aurka jokatu partida ofizialetan, talde bera zirelako. Hala zioten lehiaketako legeek.

1939ra iraun zuen Athletic de Madrid izenarekin. Arazo ekonomikoak zituela eta, bat egin zuen Aviacion Nacional taldearekin. Diru eskasiaz gain, Espainiako Gerrak jokalaririk gabe utzi zuen Athletic de Madrid, eta horrek ere eragin zuen bat egitea. Athletic Aviacion Club sortu zuten bien artean.

1947ko urtarrilean hartu zuen oraingo izena: Club Atletico de Madrid. Gaur arte. Sorrerako urte haietatik, bidean galdu zuen Athleticen filiala edo ‘sucursal’a izatearena, eta historiako bitxikerien artean gelditu da bi taldeen arteko hasierako lotura hura.

Baina hala izan zen. Athleticekoek sortu zuten Atletico. Bihar elkarren aurka borroka egin beharko dute. UEFAk ez du esan talde bera direnik, eta Europako Liga irabazteko lehian izango dira gurasoak eta haurra. “Zintzoa izan”, esaten diote gurasoek haurrei. Ea ez den gehiegi harrotzen haurra.

Athletic de Madril taldea, 1927an.