Kontu txikiak, handi eta erabakigarri
ESPAINIAKO LIGA
Eibarrek 3-1 irabazi dio Deportivori, aurkariaren akatsak baliatzeari esker, eta Yoel atezainaren lan onagatik.
- Eibarrek irabazi egin dio Deportivori gaur, Ipuruan. Historikoa da, Lehen Mailan inoiz ez ziolako irabazi. 29 puntura heldu da taldea, hogei partida jokatuta, eta beste lau garaipenekin ematen du nahikoa izango zaiola helburu nagusia lortzeko. Beste datu bat: lehen itzulian baino hiru puntu gehiago ditu bigarrenean, partida bat jokatu eta gero: Coruñan (Galizia) galtzaile, zero puntu, gaur irabazle, hiru puntu. Ondo hasi da Eibar beste denboraldietan hainbeste buruko min eman izan dizkion bigarren itzulian.
- Datuetatik jokora, zelaira. Zenbat aldiz ez ote da esaten emaitzak kontu txikiengatik joaten direla alde batera edo bestera… Bada, gaur ere bai Ipuruan. Kontu txikiak, huskeriak (larriak Deportivoren kasuan, egoera zenbaitetan) erabakigarri izan dira, eta horregatik gehitu dizkio Eibarrek hiru puntu bere uztari, eta alerik ez Galiziako taldeak.
- Kontu txiki bat: Eibarrek asmatzea Deportivoren hutsak baliatzen, eta Deportivok ez Eibarrenak. Hiru goletatik bitan hanka-sartze larriak egin ditu Gaizka Garitanoren taldeak; batez ere, bigarrengoan eta hirugarrengoan, atzeko lerroa noiz-nola-noraino atera oso gaizki egin dute, eta Enrichek (15. minutuan) eta Lejeunek (71.ean) ez dute hutsik egin. Askoz lehenago egin du Adrianek aurreneko gola; hirugarren minutuan izan da, eta ondo merezita jaso ditu zaleen txaloak. Dotore bota dio buruz gain baloia Tyton atezainari, Enrichen imajinazioak asmatutako pasea bikain baliatuz.
- Deportivok 2-1ekoa jarri du behin-behineko emaitzan 19. minutuan. Colakek buruz bikain eman dio baloiari, bakar-bakarrik zela eibartarren zaintza eskasaren eraginez. Emaitzak ondo azaltzen zuen ordura arte gertatu dena: kanpotarrek bi huts, etxekoek bi gol; etxekoek hutsa, kanpotarrek gola.
- Bigarren zatian joan da haizea hartzera zehaztasun hori. Beste kontu txiki batzuk: etxekoen pare bat hutsek aukera paregabeak eman dizkiote Andoneri emaitza iraultzeko ere, baina Yoelek geldiketa onenak egin ditu Eibarren denetik, eta horri esker geratu dira puntuak Ipuruan, neurri handi batean.
- Ikusteko ederra eta aztertzekoa izan da Garitanoren Deportivok bigarren zatian egin duen jokoa. Lehenengoan ez bezala, baloiaren jabe egin da, eta ondo erabili dute jokalariek (lehen zatiko joan-etorri amaigabea eten da horrela). Galdutakoan, presioa oso goian egiten aritu dira, gainera. Baina ez diote etekinik atera jokoari, oso inozoak izan direlako Eibarren area ertzera heldutakoan: erdiraketa egin beharrean, baloia elkarri ematen ibili dira askotan, adibidez. Kontu txikiak izan daitezke, baina oso handi bilakatzen direnak eta erabakigarri bihurtzen direnak, gainera.