Kontrasteak

Egilea:

Data: 2016/06/13

EUROKOPA 2016

Alemaniaren berrikuntza taktiko nagusia erasoan: baloiaren atzetik jokalari gehiago aurretik baino.

  • Alemania azaldu da txapelketan, eta beste askotan bezala, irabazi egin du. Albiste potolorik ez da horretan. Ukraina izan zuen atzo biktima. Nola jokatu zuen aztertzen hasiz gero, ideia nagusian ez dago aldaketarik. Baina xehetasunetan bai; batez ere, erasoan.
  • Baloiaren jabe Alemania ikustea ez da berrikuntza. Hamarkada bat baino gehiago da horrela jokatzen duela, Jurgen Klinsmannek selekzioaren ardura hartu zuenetik, Joachim Loew bigarren bezala zuela. Bide horretan jarraitzen du, eta xehetasunak gehitzen ari da Loew txapelketaz txapelketa: beti erakusten du berritasunen bat.
  • Goazen aztertzera berrikuntza handiena izan zena atzo, nire ustez. Baloiaren jabe denean, une askotan, baloiaren atzetik jokalari gehiago edukitzen ditu aurretik baino. Gaur egungo futbolean, joera nagusia da baloia edukitzen saiatzearena, eta horretara jokatzen duten talde ia guztiek jokalari gehiago izaten dituzte baloiaren aurretik atzetik baino: aurkariaren defentsako lerroak barrutik gainditzeko, eta kanpokoek zelaia zabaltzeko aurkaria ireki asmoz (barruan lekuak uzteko edo kanpotik jokatzeko).
    • Alemaniak ere izan zituen egoera batzuetan jokalari gehiago baloiaren aurretik, baina leku horretatik behera egiten zuten, laguntza ematera baloia zeukanari. Hau Pep Guardiolaren Bartzelonak dotore asko egiten zuen. Honek bi aukera ematen ditu: baloia alde batetik bestera errazago eramatea, batetik; segurtasunezko laguntza izatea atzetik beti baloia daukanak, bigarrenik; eta hirugarrenik, baloia galtzen bada, jokalari bat baino gehiago prest egotea aurkaria geratzeko baloia galdu den lekutik gertu.

Alemania  vs Ukraina - Football tactics and formations

  • Jokalarien mugikortasuna ere oso kontuan hartzekoa da Alemaniaren kasuan. Niri batek eman zidan atentzioa, batez ere: ezker hegaleko atzelariak, Hectorrek, askotan egin zuen area aldera hegaletik, baloia atzera edo albora barrurantz eman eta gero. Baloia beste hegalera eramaten zuten gero,eta Hector area barruan zen errematea egiteko. Jaurtiketa bat kanpora bota zuen, adibidez, bolea batean.
  • Erasoko aberastasun horren beste aldean dago defentsako lan ahula. Ukrainak lehen zatiko tarte batean min eman zion hegaletatik, erraz asko gainera. Lerroak atzeratuta ibili zenean, indar gutxirekin eta sendotasunik gabe azaldu zen Alemania.
  • Kontrasteen Alemania izan zen atzokoa. Erasoan dotore eta aberats; defentsan, ahul, menderatzeko erraztasunak emanez.

 

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria