Izterreko bizeps muskuluan zuntz-haustura: nola aurre egin.

Egilea:

Data: 2012/01/04

Lesio asko edukitzen ari dira futbolariak izterreko bizeps muskuluan. Oier Agirrezabalagak azaldu digu zergatik gertatzen diren halakoak, eta zer egin daitekeen arriskua gutxitzeko.


Azkenaldian, futbolariak lesio ugari izaten ari dira iskiotibialetan; hain zuzen ere, izterreko bizeps muskuluan. Izen batzuk esatearren, hauek denek izan dute lesio hori: Markel Bergara, Alberto De la Bella, Asier Illarramendi, Adriano, Gerard Pique, Alexis Sanchez, Andres Iniesta, Affelay, Cesc, Abidal, Di María, Martín Caceres …

Iskiotibialean hiru muskulu daude: erdimintzezkoa edo semimenbranosoa, semitendinosoa eta izterreko bizepsa. Gehienetan, azkeneko hori hausten da; hau da: bizepsa. Gero azalduko dut zergatik gertatzen den. Iskiotibialetako muskulu inguruan pairatzen dute zama handiena futbolariek, eta horren adierazgarri dira gorputzeko atal horretan edukitzen dituzten agujetak eta gainkargak. Gehien nekatzen den muskulua da. 

Futbolarien muskuluetako lesio gehienak iskiotibialetan izaten dira, eta hori baieztatzeko hainbat ikerketa egin da. UEFAk ere eginda dauka, eta bertan azaltzen da zergatik den lesio gehien pairatzen duen muskulua.

2005-2006 denboraldian egin zuen ikerketa UEFAk, Txapeldunen Ligako aurreko bost edizioetan izandako lesioak aztertu eta gero. Denera, iskiotibialetako 396 lesio izan ziren bost edizio horietan, %14. Zerrenda horretako hurrengo lesioa hau da: muskulu aduktoreko tendinopatia. Antzematen da iskiotibialetako lesioen garrantzia zenbatekoa den. 


1. ZER DA ISKIOTIBIALA?

 Muskulu iskiotibialak izterraren atzealdean daude. Bi barnealdean daude: erdimintzezkoa edo semimenbranosoa, eta semitendinosoa. Bestea, bizepsa kanpoalderago dago. Muskulu masa luzeak dira, eta indar handikoak tendoiari dagokionez. Horregatik, hain zuzen, ohikoak izaten dira tendinisiak eta kontrakturak, eta mina eragiten dute ipurmasailaren eta belaunaren arteko zatian.  

Muskulu hauek bildu eta luzatu egiten dute hanka, eta aldaka luzatu. Urrats luzea ematen dugunean, aurrerago daukagun hankeko iskiotibial muskuluak luzatuta daude, eta uzkurtu egiten dira, aldiz, oinak lurra ukitzean, eta atzeko hanka altxatzen hasten garenean. 

Argazki hauetan iskiotibialetako hiru muskuluak azaltzen dira: ezkerraldekoa erdimintzezkoa edo semimenbranosoa da; erdikoa semitendinosoa, bere tendoi eta guzti; eta eskuinaldekoa bizepsa, bi bururekin.


Muskulu semitendinosoa
Erdimintzezko muskulua edo semimenbranosoa


Izterreko bizeps muskulua


1.1 NOLAKOA DA IZTERREKO BIZEPS MUSKULUA?

Izterreko bizepsean izaten dituzte futbolariek iskiotibialetako lesio gehienak. Izenak adierazten duenaren arabera, bi muskulu multzoren uztarketa da bizepsa. Uztartze hori muskuluaren azpialdean gertatzen da. Hauek dira bi muskulu multzoak: 

  1. Zati luzea edo iskiotikoa: iskionaren tuberosidade iskiotikoan txertatzen da. 
  2. Zati motza edo izterrekoa: izterraren marra lakarraren azpiko zatian                               txertatzen da. 

Bi muskulu horiek tendoi berean amaitzen dira. Tendoi hori leku hauetara lotzen da: 

  1. Peronearen apofisis estiloidean.
  2. Tibia edo hanka-hezurraren kanpoaldeko tuberositatean. 
  3. Tibiako edo hanka-hezurreko aponeurosian.

Bi funtzio dauzka izterreko bizepsak:

  1. Hanka eta izterraren arteko muskulu flexorea da, eta hanka kanpoaldera                       biratzen du (funtzio nagusia). 
  2. Zati luzeak luzatu egiten du izterra pelbisaren gainera. 


Zati luzea eta zati motza


2. ZERGATIK HAUSTEN DA?

2.1. ARRISKUAK

Batzuk barneko arriskuak dira: adina, generoa, somatotipoa, aurreko lesioak, prestaketa fisikoa (indarra, muskuluen potentzia, malgutasuna…), anatomikoak, maila teknikoa, faktore psikologikoak (motibazioa, estres fisiologikoa, estres psikologikoa…).

Beste batzuk kanpoko arriskuak dira: kirol faktoreak (araudia, aurkaria…), kirol materiala (botak, hanka-babesak…), ingurunekoak (eguraldia, futbol zelaien egoera…).

 

2.2. MUSKULUETAKO LESIOAK ERAGITEN DITUZTEN FAKTOREAK

Hainbat faktorek daukate eragina:

  1. Muskulua gaizki prestatuta egon daiteke entrenamendu desegokia egiteagatik edota     gaizki berotzeagatik.
  2. Aurreko lesio baten eraginez, muskulua ahulduta dago, eta are ahulagoa da gaizki       egiten bada errekuperaketa.
  3. Muskulua  nekatuta badago edota gainkarga badauka, errazago lesionatzen da.
  4. Artikulazioen mugimendu osoa galarazten duten muskulu tenkatuak lesionatu egin       daitezke malgutasuna beharrezkoa den kiroletan.
  5. Tenperatura hotzekin, muskuluei gehiago kostatzen zaie uzkurtzea, eta errazago           lesionatzen dira.


2.3. LESIONATZEKO MEKANISMOAK

  1. Muskulua gehiegi uzkurtzea.
  2. Muskuluen asinkronikotasuna.
  3. Mikrotraumatismoak.
  4. Tiramenduak edo luzaketak.
  5. Kanpoko traumatismoa.
  6. (…)


2.4. ZERGATIK LESIONATZEN DIRA ISKIOTIBIALAK?

  1. Muskuluak jasaten duen karga biomekanikoa jasan dezakeena baino handiagoa           delako.
  2. Ondo ez berotzeagatik.
  3. Nerbioen narritaduragatik edo irritazioagatik.
  4. Muskuluen zurruntasunagatik (iskiotibial muskulua txikitzea). 
  5. Egoera fisiko desegokia edukitzeagatik.
  6. Disfuntzio sakro-iliakoa gertatzeagatik
  7. (…)

 


2.5. NOIZ GERTATZEN DIRA LESIOAK?

  1.  Lasterka abiadura handienean joatean.
  2.  Azelerazio azkarra egitean.
  3.  Norabide aldaketak azkar egitean.
  4.  Hanka luzatuta dagoenean makurtzean.
  5. Muskuluen lanean aldaketak egitean abiadura azkarrean.

Zergatik hausten da izterreko bizepsa gehien iskiotibialetako muskuluen artean?

Uzkurtuta dagoen muskuluak energia gehiago har dezake, eta zailago da lesionatzen. Baina erlaxatuta dagoen muskulua errazago lesiona daiteke. Horregatik, muskulua luzatuta dagoenean (fase exzentrikoa), lesioak gertatzen dira muskuluak eta tendoiak bat egiten duten lekuan, uzkurtzen den ehuna eta uzkurtzen ez den ehuna elkartzen direlako; hau da: muskulua eta tendoia. Tendoiek ez daukate uzkurtzeko ahalmenik, eta edukitzekotan, oso txikia da.

Muskuluak luzatu-moztu prozesua egiten duenean, erlaxatu egiten da une batez, miotendinosoa loturan batez ere. Erlaxatu egiten da uzkurdura konzentrikotik uzkurdura exzentrikora  igarotzen delako. Muskuluetako zuntzek ez badute beren arteko koordinazio egokia, zuntz-haustura gerta daiteke, oso azkar igarotzen delako fase konzentrikotik exzentrikora. Horixe gertatzen da azelerazioetan, norabide aldaketetan, jaurtiketetan… Muskulua ez da gai izaten hainbesteko tentsioa jasateko.

Zuntz azkarra azkar erlaxatzen denean muskulua uzkurtzeko unean, tentsio hori jasan behar du uzkurtzen ez den eremuak edo gutxi uzkurtzen denak: miotendinosoa loturak. Horregatik, fase exzentrikoan, muskulua gehiegi luzatzen bada, tendoiak erreflexu miotatikoa egiten du, eta tentsioa egiteari uzten dio, nahiago baitu muskulua haustea eta ez hezurra. Horregatik gertatzen dira zuntz-haustura gehienak fase exzentrikoan, muskulua gehiegi luzatzen delako, eta askotan, oso abiadura azkarrean. Esan bezala, tendoia ez da gai tentsio hori guztia jasateko, eta hezurra hausteko arriskua nabaritzen duenean, indarra egiteari uzten dio, eta hor hausten da muskulua.

Fase konzentrikoan, muskulua gai ez denean indarrik jasateko, nekatu egiten da, eta indar egiteari uzten dio. Baina fase exzentrikoan, mukuluak ezin ditu beti menderatu egoera horiek. Fase konzentrikoan, muskuluak gainkarga izaten du edo uzkurtu egiten da gehiegi uzkurtzen denean.

Horretaz guztiaz gain, badago beste datu garrantzitsu bat: izterreko bizepsa da lan gehien egiten duen muskulua iskiotibialekoen artean (erdimintzezkoak edo semitendinosoak baino %2 gehiago, eta semimenbranosoak baino %1,8 gehiago). Gainera, gehien luzatzen dena da, eta ondorioz, beste biak baino arrisku handiagoa dauka hausteko. Nekerik handiena jasaten duenez, errazago hausten da, eta muskulu barneko koordinazioa ona ez izateko arriskua handiagoa dauka luzatze-mozte fasean. Horregatik hausten da gehien iskiotibialeko muskuluen artean. 


2.6. LESIOAREN ONDOREN ZER EGIN BEHAR DA?

 Lesionatu eta gero, mugikortasuna kendu behar al zaio min hartutako lekuari? Orain azalduko ditut hori egitearen alde onak eta txarrak. Nik neuk nahiago dut mugikortasuna ez kentzea; hau da, ez lotzea. Aukera horren alde egingo nuke I eta II. motako zuntz-hausturetan. Eta III. motako hausturetan, futbolariaren minaren zenbatekoa hartuko nuke kontuan lotzeko edo ez lotzeko. 


2.7. ZER EGIN BEHAR DA LESIOA EZ GERTATZEKO?

  1. Muskulu iskiotibiala exzentrikoki prestatu behar da beroketan, entrenamenduan eta lehiaketaren aurretik.
  2. Prebentzioko lan ona egin behar da, eta ondo indartu muskulua; batez ere, uzkurtze exzentrikoan.
  3. Koadrizepsa eta iskiotibiala fase konzentrikoan direnean, koadrizepsaren indar defizita orekatzeko, iskiotibiala kontzentrikoki lantzen da, baina koadrizepsa kontzentrikoki uzkurtzen denean, iskiotibiala exzentrikoki uzkurtzen da. Horregatik, orekkatu egin behar da iskiotibialaren lan exzentrikoa.
  4. Lan exzentrikoa kontrol handiarekin egin behar da, eta iskiotibialak lan egiten duen angulo denak erabiliz. Orain arte, norabide bakarrean landu izan da, Hamstring Nordico metodoarekin.
  5. Kontuz ibili  honekin: lan exzentrikoa gehiegi egiten bada, uzkurtze kontzentrikoa makal dezake. Orekatu egin behar da.
  6. Nekatuta dagoen muskuluak indarra egiteko ahalmen txikiagoa dauka, eta ondorioz, gorputzak mekanismoak aktibatzen ditu aurre egiteko, eta hausteko arriskua handitu egiten da.
  7. Gauza bera gertatzen da muskulu motzetan ere; luzeragatik indar gutxiago egiten du, eta defentsako mekanismoak jar daitezke martxan. Garrantzitsua da malgutasun edo flexibidade ariketak ondo egitea.
  8. Zuntz-haustura gehienak fase exzentrikoan  gertatzen direnez, lan exzentriko ona egin behar da muskulu guztiak indartzeko, eta batez ere, iskiotibialean.
  9. Nekatuta dagoen muskuluak ezin du nekatuta ez dagoen muskuluak bezalako eneregiarik egin, eta horregatik egoten da hausteko arrisku handia. Kontuz ibili behar da gainkargekin.
  10. Lan exzentrikoa egin eta gero, denbora gehiago behar du muskuluak errekuperatzeko, eta horregatik, oso garrantzitsua da lan exzentrikoen artean denbora nahikoa izatea errekuperazioa egiteko. Komeni da ondo berotzea lan horiek egin aurretik.
  11. Lan exzentrikoaren bidez bakarrik sendotzen dira ziurrenik tendoiak eta fasziak, tendoiak parte hartzen duelako lan exzentrikoan.
  12. Zuntz-haustura osatzeko errekuperazio lanetan, tentsioa egin behar da, muskuluaren lotura egokia izan dadin berriz ere.
  13. Errekuperazioa minik jasan gabe egin behar da. Medikazioa hartzen ari diren futbolariekin tentuz ibili behar da, minik ez sentitzea gerta daitekeelako.
  14. Zuntz-haustura gertatzen denean, ez eman antiinflamatoriorik, odol gehiago aterarazten duelako. Hobe da analgesikoren bat ematea.
  15. Zuntz-haustura gertatu eta 4,5 edo 6 egunera hasi behar da mobilizatzen.


2.7. LESIOA EZ GERTATZEKO LANA

Prebentzioko lanetan eta muskuluak indartzeko beharretan, mota guztietako uzkurdurak egin behar ditugu, eta horiek lantzeko ariketak aurkitu; batez ere, iskiotibiala orekatzeko uzkurduretan eta luzatze-mozte zikloetan. Ariketa isometrikoak, konzentrikoak eta eta exzentrikoak egin behar dira.

Lesioa gertatzen denean, isometrikoekin hasi behar da beti, eta gero konzentrikoak landu behar dira, exzentrikoekin amaitzeko. Malgutasuna lantzea ere garrantzitsua da.


PREBENTZIO ARIKETAK


SHEEn lizentziatua, Goi Errendimenduko masterduna eta futboleko entrenatzailea