Ispiluan begiratzeko ordua da

Egilea:

Data: 2014/05/18

OSASUNA (analisia)

2. mailara jaitsi da, 13 denboraldiz jarraian onenen artean egon eta gero.

  • Bukatu da. Baina ez da amaitu. 1. mailan ez da izango Osasuna datorren denboraldian, baina Osasunak jarraitu egingo du. Aukeran, dudarik ez hobea dela elitean segitzea, baina egoera petralak onartu egin behar dira, eta Osasunak aurrera egin nahi badu, onartu egin behar du gertatua.
  • Aurrera egin. Baina atzea hor bertan dago, eta pista onak ematen ditu zer egin behar ez den jakiteko. Orain, emaitzarik txarrena gertatu berritan eta datozen egunetan, errudunak zeintzuk diren aurkitzen pasatuko dute denbora zaleek, komunikabideek… Izen eta abizenak nahi dituzte. Jarrera normala da. Baina izen-abizenez gaindi, ematen du, betiere kanpotik begiratuta, galera handi bat jasan duela taldeak urteen joanean: nortasuna. Hitz gakoa izan daiteke gertatua ulertzeko. Kanpora begira bizi izan da kluba, barrura baino gehiago: kanpoko jokalari ugari, gero eta gehiago, etxekoen kaltetan. Zelaian ikusten dute zaleek zer den klub bat, eta arlo horretan horrela gauzatu da nortasun galera. Errudunak kanpotarrak? Ez. Baina bilakaera berezkoa da nortasun galera halakoetan.
  • Nortasuna hor dago. Ez da joan. Tiradera batean utzi dute gordeta, egokiena hori zelakoan. Osasuna hor dago. Kanpotik barrura ateratzeko gogoz eta indarrez. Agintariek ez daukate ez dakit nora joan beharrik Osasunako ezaugarrien, betiko ezaugarrien bila; ez, ez, etxean bertan dauzkate. Ateratzea behar dute. Esku bat behar dute dauden tokitik ateratzeko; buru argi baten erabakia baino ez. Ez da zaila.
  • Gutxi asko, pareka daitezke Osasunaren jaitsiera hau eta Realarena, 2007koa. Formaz eta moldez bai behintzat. Reala ere joan zen goitik behera nor zen eta zer zen jakin gabe. Nortasun galera. Jokalari kanpotar ugarirekin. Maila galtzea eta egoera ekonomiko petrala nahikoa izan ziren tiradera ireki eta botika magikoa berreskuratzeko: nortasuna. Osasunak gauza bera egin behar du.
  • Ispiluaren aurrean jarri, eta gauzak aurpegira esateko ordua heldu da. Lehen mailan jarraitzeak atzeratu egin izan du ariketa osasungarri hori urteetan. Orain ezin da gehiago atzeratu. Ispiluak berak erakutsiko du non dagoen tiradera hori: ireki eta atera Osasuna handik.