Ingalaterran, Kopako finalaren egoitzarekin zalantzarik ez

Egilea:

Data: 2015/04/16

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

Wembley estadioaren historian arakatu du Dabi Piedrak testu honetan. Zaharra eta berria aipatu ditu.

Errege Kopako finala Athleticek eta Bartzelonak jokatuko dutela jakin zenetik, tirabira harrigarriak egon dira partida non jokatu erabakitzeko. Madrilen izango ote zen aipatu zen, ondoren Sevilla edo Valentziaren aldeko apustua ere egin zen, Bilboko aukera ere ez omen zen baztertzekoa eta, azkenean, Bartzelonaren aldeko hautua egin zuen Espainiako Futbol Federazioak. Gisa horretako gorabeherarik ez dute izaten Ingalaterran. Izan ere, 1923tik finkoa da Kopako finalaren egoitza: Wembley estadio mitikoa hain zuzen. Historian bi Wembley egon dira, 1923tik 2003koa, eta hura eraitsi eta gero leku berean eraikitakoa.

Ingalaterrako Kopa (FA Cup) sortu zenetik, finalak Londresen antolatu izan ohi dituzte. 19. mendean, The Oval izeneko zelaian jokatu ziren final guztiak, salbuespenak salbuespen. The Oval, ordea, cricketerako ere erabiltzen zen, eta gero eta jendetza handiagoa erakartzen zuen futbolerako ez zen aproposa. Londresen eta handik kanpo beste egoitza batzuk probatu eta gero, era horretako hitzorduetarako propio estadio ikusgarri bat antolatzea erabaki zen. Hala, Inperioaren Estadioa izenekoa eraiki zuten, 1924ko Britainiar Inperioaren Erakusketa handirako. Denborarekin, Wembley izenaz ezagutu izan da. 300 egun iraun zuten eraikuntza lanek, 1923ko Kopako finalerako doi-doi amaitzeko.

Harrezkero, Kopako finaleko egoitza ez ezik, Ingalaterrako selekzioaren etxeko partiden lekuko ere izan da Wembley. Gainera, 1966ko Munduko Kopako finala hartu zuen. Munduko estadiorik handienetakoa izan zen Wembley zaharra. Inaugurazioaren egunean, 1923ko apirilaren 28an, agintariek pentsatu zuten nahi zuen orori sartzeko aukera ematea. Bolton Wanderers eta West Hamen arteko Kopako finala zen eta, agintarien aurrikuspenak txiki utzita, ehunka mila pertsona iritsi ziren estadiora. Garai hartako iturrien arabera, 240.000 pertsonatik gora sartu ziren. Harmailetan kabitu ezinda, soropilaren ertz-ertzeraino heltzen zen ikusle oldea, eta poliziak, partida jokatu ahal izan zedin, jende andana kanporatu behar izan zuen. Azkenean, ofizialki, 126.000 ikuslek gozatu zuten finalaz. Berandu, baina partida jokatu zen eta Wembleyren historiako lehenengo gola David Jackek lortu zuen. Wanderersek 2-0 irabazi zuen.

80 urteko historia oparoaren ondoren, zaharkituta zegoela iritzita, Wembley zaharra eraitsi egin zuten. 21. mendearen hasierako finalak, Londresen barik, Cardiffen jokatu zituzten, 2007an Londresera itzuli aurretik. Zaharra zegoen orubean dago Wembley berria, munduko estadiorik modernoenetako bat, 90.000 ikuslerentzako lekua daukana. Estadio zaharraren ikurra, fatxada nagusiko dorre biki erraldoiak ziren. Estadio berriaren sinboloa arku erraldoi bat da. Izan ere, Wembleyren inguruan, dena da ikusgarria.