Ez adiorik

Egilea:

Data: 2013/05/28

ATHLETIC (iritzia)

San Mamesen agurraz idatzi digu Eñaut Barandiaranek.

Katedraletan, non bestela, liturgiak badu bere garrantzia. San Mameseko agur ekitaldia xumea, baina aldi berean hunkigarria izan zen, egun ohituta gauden piroteknia eta argi ikuskizun arranditsuetatik oso urrun. Klubaren oraina diren jokalariek, eta geroa behar luketen Lezamako lehoi kumeek bat egin zuten alegiazko besarkada batean, bi taldetako kapitainek zein harrobiko jokalari gazteenak lore eskaintza burutzen zuten bitartean. Bukatzeko, esker on modura, 100 segundoko txalo zaparrada luzea eskaini zitzaion zelai zaharrari, txalo zaparrada bana zelaiaren urte bakoitzeko.

Gutxi, asko, ala tamainakoa izan zen, batek daki, era guztietako iritziak egongo dira. Nire gusturako, zer nahi duzue esatea ba, baina, ados jarri bagara, eta badirudi horrela dela (eta Athletic dagoen egoeran horrek kriston meritua du, edozein pitokeri eztabaidatzeko prest gauden honetan), partida bera gutxienekoa zela, nik zer edo zer ikusgarriagoa prestatuko nukeen, beharrezkoa balitz Athletic-Levante kaskarra kenduta, eta adibidez, Bilbon zegoela probeste aldera, bere ordez Rihannaren kontzertua sartuz San Mames erdian. Total, badirudi aspaldi honetan, garrantzi gutxien duena zelaian gertatzen dena dela.

Igandean bazegoen, irabazita, Europa Leaguen jokatzeko aukera txiki bat. Baina kontua San Mames taxuz agurtzea zen, hori gutxienez merezi zuen zelai zaharrak. Hala ere, ez dakit omenaldi onena ez ote zatekeen partida txukun bat jokatu izana. Baina kirol arloan gauzak erdipurdika doazenean aitzakiak ditugu franko, horretan ere bakarrak gara, gurean garaipenak ez du garrantzirik, liturgiak bai, liturgia ororen gainetik, dela San Mamesen agurrean, Manchesterrera peregrinazio erraldoia edo Athletic Hiria antolatzerako orduan…

Askotan nekagarria iruditzen zait, oso, bere berezitasunean bere izana gauzatzen duen talde baten zale izatea, eta eskertuko nuke zertxobait gehiago hitz egingo balitz futbolaz, berdegunean gertatzen denaz. Horregatik dut gustuko, funtsean, Marcelo Bielsaren proposamena, liturgia eta historiaren pisua alde batera utzi, eta bitrina zein liburuetako handitasuna eraman nahi izan duelako zelaira. Ideia horri jarraipena emateak merezi duen edo ez erabaki beharko du Josu Urrutiak. Gustura jakingo nuke San Mames zaharrak honen inguruan zer iritzi duen. Pena ez dudala Iraila bitartean berriro ikusiko. Azken finean, botako dutena zementua da. Arimak izango du hain bidaia laburra egiteko adore nahikoa. Ez adiorik, beraz.