Etxearen oinarriarekin

Egilea:

Data: 2012/08/17

ESPAINIAKO LIGA

Bihar hasiko da, eta bertan ariko dira Osasuna, Athletic eta Reala, aurreko denboraldikoari jarraipena emateko asmoz. Bestelakoan, Real Madril edo Bartzelona izango da txapeldun orain ere.

Hemen da Espainiako liga. Bihar emango zaio hasiera 2012-2013 denboraldiari. Aurreko sasoian bezala, Euskal Herriko hiru taldeak lehian direla: Osasuna, Athletic eta Reala. Bakoitza bere helburuarekin, baina antzekotasunekin ere bai: iazko lanaren jarraipena izango dute orain, etxearen oinarria egina dutela abiatuko baitira. Eta hori garrantzitsua da.

Banaka egingo dugu gure taldeen azterketa:

OSASUNA

Egitasmoak aurrera darrai. Duela denboraldi eta erdi iritsi zen Jose Luis Mendilibar, eta ordutik argi ikusi zen zein zen klubaren asmoa: bera izatea urteetako lanaren arduraduna. Zuzendaritza eta presidentea aldatu dira uda hasieran, eta berriek ere (lehengo agintaldietan egonak batzuk) bide berari eustea erabaki dute. Zerbaitegatik izango da.

Hor daude emaitzak, beste aldagai asko ere kontuan hartzekoak badira ere azterketak egiterakoan. Joan zen sasoian, esaterako, azken urteetako lanik biribilena osatu zuen taldeak. Zazpigarren izan zen ligan. Oinarria jarrita dago. Entrenatzailea bera da, eta taldea ere bai, gehienean. Osagai onak dira jaki gozoa prestatzeko, baina jakina, egin egin behar da berriro. Aurreko denboraldiari begira geratzeak hondoratu egin lezake taldea.

Egin behar horretan, oso argi dute zein den aurreneko helburua: mailari eustea. Hori da Osasunaren liga, joan zen sasoian zazpigarren izanagatik ere. Ordukoak ez du oraingoa ziurtatzen. Taldeari dagokionez, fitxaketak hauek dira:

  • Arribas
  • Sisi
  • Nano
  • Joseba Llorente
  • Armenteros

ATHLETIC

Futbola oso aldakorra da. Egun batetik bestera zuritik beltzera joateko ez da asko behar. Hor da joan zen denboraldi historikoa. Denak olatuaren aparrean. Amaierarik gabeko ipuin zoragarria zirudien, aurreneko kapitulua. Baina futbolaren haize indartsuak eraikin sendoena ere hankaz gora bota dezake.

Giro nahasia dabil taldearen jiran. Marcelo Bielsak segitu edo ez, horra aurreneko sutea. Itzali zen. Gero, orain, beste bi piztu dira: Fernando Llorentek ez du berrituko kontratua, eta joan egin nahi du; Javi Martinez badoala ematen du.

Horrekin ekingo dio ligari taldeak. Egokiena litzateke egitasmoan jarraitzea erabaki dutenei jartzea bakarrik arreta. Egon nahi ez duena, ez dago. Alferrik litzateke arreta galtzea ez daudenekin edo egon nahi ez dutenekin. Daudenak balekoak dira, ez da dudarik. Eta maisuak Lezaman segitzen du.

Joan zen denboraldian azkar asko eraiki zuten etxearen oinarriak bertan darrai. Beste batzuek eman beharko dute aurreranzko pausoa, aurreko sasoian gutxiago aritu zirenek. Lezamako harrobia ere hor dator. Eta fitxaketak onak dira. Uste izar distiratsuak direnak ez egoteak ez luke zeruaren argitasuna itzali beharko. Kezkatzea zilegi da, baina otarrean bada nahikoa osagai on, denboraldi txukuna osatzeko.

Hauek dira fitxaketak:

  • Aduriz
  • Ismael Lopez

REALA

Joan zen denboraldian, klubaren asmoa zen goranzko jauzia egitea. Emaitzen aldetik lortu zen, duela bi sasoi baino askoz azkarrago lotu zuelako mailari eustea taldeak. Beste jauziarena abstraktu itxurakoa zen, ez baitzen oso garbi geratu zer nahi zen. Gutxi asko, indefinizioari definizioa jarri nahian, jokatzeko eredua beste bat izatea nahi zen, jokalarien dohainak hobetzea eta hobeto baliatzea.

Aldatu zuen Philippe Montanierrek jokatzeko eredua, beti azaldu ez bazen ere. Taldearen jokoak bilakaera izan zuen hasieratik bukaerara, urrats txikiak izan baziren ere. Orain, beste koska bat igotzea da klubaren nahia. Eskatu egingo zaio taldeari klubetik. Hobetuz joan behar da.

Joan zen denboraldiko oinarriari eusteaz gain, fitxaketa onak egin ditu Realak. Futbolean matematikak ez dira zehatzak izaten, baina itxaropentsu egoteko osagaiak daude. Hauek izan dira fitxaketak:

  • Vela (joan zen denboraldian utzita egon zen; orain, fitxatu egin du)
  • Chory Castro
  • Jose Angel

BESTE GUZTIEN ARTEAN, BI

Espainiako liga biren kontua da: Real Madril edo Bartzelona. Orain esan daiteke bietako bat izango dela txapelduna datorren urteko udaberrian. Erakargarritasunari eta lehiakortasunari batere mesederik ez dio egiten, baina hala dago antolatuta lehiaketa hau.

Bi horien nahia zein den garbi dago. Gero, beste hiruzpalau edo bospasei talde ariko dira haien atzeko borrokan, eta azken denboraldietako joera betetzen bada, gainerakoen lehen helburua mailari eustea izango da.

Hauek izan dira berrikuntzak taldeetan.

Ligako lehen jardunaldia.