Estiloez eta estrategiez

Egilea:

Data: 2016/07/04

EUROKOPA 2016

  • Jokatu zuten Alemania-Italia, igaro dira ordu ugari alemaniarrak finalerdietara sailkatu zirenetik, eta entrenatzaile naizen aldetik, Loewren larunbateko estrategiari patxadaz begiratzera noa. Ezberdina izan zen bere taldearen aurreko partidetako estrategiekin alderatzen bada. Eta ezberdintasun horren ondoan aberatsa jarri behar da. Aberatsa zelaian ikusi zenaren arabera, eta aberatsa zelaian ikusi aurretik bere baitan egin behar izango zituen gogoetengatik.
  • Ikusten dut Loew partida aurreko egunetan Italiaren jokoa aztertzen eta xehetzen. Bere laguntzaileekin, jakina (taldeko lanaren garrantzia, ezbairik gabe). Ikusiko zuten Espainiaren ezintasuna italiarren aurka, Italiaren nagusitasun eta maisutasun estrategikoa gainditu ezinda. Eta ondorioak aterako zituen Loewek. Bai atera ere, Italiaren aurka zelaian ikusitakoaren arabera.
  • Gogoeta horretan, iritsiko zen puntu honetara: “Italiaren indarra geratu beharra daukagu, baina horretarako, hiru erdiko atzelariko lerroa jarri beharra izango dut”. Alegia: bere ohiko estrategia aldatzea erabakitzear zegoen. Hor aberastasuna. Bere taldeari beste helduleku berri bat eman ziolako, ohikoaz gain; eta ziurrenik, ohikoa bezain landua ez zuen aukeraren alde egin zuelako, estiloen zurruntasunari haizea emanez, leihoak zabalduz. Hau da: “gure estiloa bai, baina xehetasun eta berritasun batzuekin”. Zertarako? Bada, taldeari (jokalariei) segurtasuna ere emateko, zelaian ahalik eta erosoen egon eta ibili zitezen. Italiak erasoan ez ziezaien minik egin, Espainiari egin zion bezala.

alemania ohikoa vs alemania italiaren aurka - Football tactics and formations

BELTZEZ: Alemania Italiaren aurka
ZURIZ: Alemania aurreko partidetan 

  • Segurtasunaren aldeko hautua egitea tokatzen zaigu entrenatzaileei batzuetan, partidaren, aurkariaren eta norbere taldearen unean uneko egoeraren arabera. Halakoetan, aukera ziurra izaten da erdiko hiru atzelariko lerroa jartzea. Nik neuk ere egin izan dut, eta taldea eroso egoten da zelaian; batez ere, defentsako lanean (honekin ez dut esan nahi, hiru erdiko atzelari jartzea bakarrik defentsiboa izatea denik). Alemania eroso egon zen ia partida osoan zehar, eta Italiak ez zizkion Espainiari egin zizkion aberiak egin, ezta gutxiago ere. Jakina, ez zen bakarrik izan erdiko hiru atzelari jartzea. Hiru horien lanak ere ondo banatu zituen Loewek, eta atzeko lerroa aurrera ateratzea ere oso erabaki estrategiko ona izan zen, Pelle aurrelariaren jokoa geratzeko.
  • Ohiko estrategia aldatuta, beste edozein erabaki hartzen den bakoitzean bezala, irabazten dena galdu egiten da beste esparru batean. Dena ezin da biribila izan. Loewek defentsari eman zion lehentasuna erasoa pixka bat kaltetuz, baina hala gertatzen da erabakiekin. Inoiz ez dugu jakingo zer gertatuko zen Alemaniak betiko estrategia erabili izan balu. Dakiguna da ez zuela galdu Italiarekin, berdindu egin zuela, eta jokoa ere berdintzea lortu zuela beste estrategia bat erabiliz. Gero, penaltietan irabaztea (edo galtzea, galdu izan balu), aurreko analisi horretatik kanpo dago.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria