Bulegoetako jauntxoak

Egilea:

Data: 2013/05/28

OSASUNA (iritzia)

Zuzendaritzako hainbat kidek ez omen du nahi Jose Luis Mendilibarrek entrenatzaile lanetan segitzea; taldea ahuldu dutenak dira orain entrenatzailearen lan bikaina ezbaian jartzen dutenak.

Osasunak 1. mailan segituko du. Bete dute jokalariek eta entrenatzaileak denboraldiko helburua. Eta handia da lorpena. Izan ere, taldearen maila jaitsi egin da arlo askotan joan zen denboraldikoarekin alderatuta. Horretarako arrazoiak ekonomikoak izango ziren ziurrenik. Bestela, ez baita ulertzekoa kirol zuzendaritzatik halako taldea osatzea dirua izanda.

Mirariaren parekoa egin du Jose Luis Mendilibarrek. Eta klubaren barrutik ez omen dira ari behar bezala neurtzen bere lana. Guar, Diario de Noticiasek zabaldu duen informazioaren arabera, zuzendaritzako hainbat kidek ez du nahi entrenatzaileak lanean jarraitzea; beste denboraldi baterako kontratua dauka Zaldibarkoak.

Mingarria da halakoen berri izatea. Taldea balibidez murriztea erabaki dutenek balioa kentzen nori eta talde murritz horrekin lanerako ardura eman dionari. “Hartu ezazu hau, eta bete helburuak”, pentsatuko zuten joan zen udan zuzendaritzakoek. Bete du, bada, berea Mendilibarrek, eta orain zalantzak? Ulergaitza.

Oso erosoa da bulegoetatik entrenatzaile lanetan hastea… are erosoagoa, ustez futbolaz dena dakiten horietako bat izanda. Lehendabizi taldea ahuldu, eta orain, kalera bota nahi. Ziurrenik, kide horiek beldurrak jota egongo dira. Denboraldi honetako emaitzen izu, jakina. Emaitzak. Besterik ez baitute ikusten. Baina egin al diote beren buruari galdera hau: “Talde honekin zer gehiago egin daiteke?”. Ez du ematen galdera egin dutenik.

Zulotik gertu egon da Osasuna denbora askoan sasoi honetan, eta beldurrez egongo dira agintari batzuk. Pentsatuko dute datorren denboraldian ere antzeko zerbait gertatuko zaiela, eta jakina, bulegoetakoek egin ohi dutena egin dute: errua entrenatzaileari bota. Betikoa. Hobe lukete hausnartzen hasi honen inguruan, galdera honen baitan: talde honekin gai izango al da berriz Osasuna mailari eusteko? Edo taldea ahultzen segitzen badute (arrazoi ekonomikoak tarteko) beste mirari bat ez al da beharko mailari eusteko?

Futbola barnetik ezagutzen duen jendeak ondo daki Osasunak taldea ahultzen segitzen badu, ez dela munduan entrenatzailerik miraria berriz egingo duenik. Ezta Jan Urban ere…