Bigarrena etxetik kanpo

Egilea:

Data: 2017/01/15

ESPAINIAKO LIGA

Eibarrek irabazi egin du Sportingen zelaian, eta lau partida iraun duen bolada txarrari amaiera eman dio, Adrian (penaltiz), Pedro Leon eta Lunaren golekin.

  • Aldez aurretik uste zena baino partida lasaiagoa izan du Eibarrek gaur Sportingen zelaian. “Oso gogorra izango da”, iragarri zuen Jose Luis Mendilibarrek ostiraleko agerraldian, eta bazituen argumentuak hala izango zela uste izateko. Sporting nahiko aurkari arriskutsua da etxean, asko estutzen du, eta ez da oso erosoa izaten bertan jokatzea aurkarientzat. Gainera, jaitsieran egonik, bereak eta bi jotzera zelairatuko zela pentsatzea logikoa da. Baina etxekoak ez dira otso izan, eta gainera, nahi beste erraztasun eman dizkiote Eibarri hiru puntuekin bueltatzeko. Ez du aukera alferrik galdu Mendilibarren taldeak, eta denboraldi honetan etxetik kanpo bigarren partida irabazi du. Urruti dago liga hasierako Granadako garaipen hura, oso urruti.
  • Eroa izan da lehen zatia, opariz beterikoa, eta nola Sportingek gehiago egin dizkion Eibarri, eta nola armaginek baduten gaia halako erraztasunak baliatzeko, 1-3 bukatu da lehen erdia. Eta aldea handiagoa ere izan zitekeen, ikusitakoak ikusita. Hasi orduko jarri da irabazten Eibar, penaltiz Adrianek egindako golarekin. Lillo, armaginen jokalari ohia, baldar ibili da area barruan, nabarmen, eta penalti egin dio Adrian berari. Erraz iristen ari zen Eibar aurkariaren atera, etxekoak hautsita zeudelako zelaian. Nahi beste zulo zeuzkaten Mendilibarrenek nahi zuten lekutik ibiltzeko.
  • Baina oparien jolasean, Riesgok ere handia egin dio Carmonari. Eskuekin area barruan har zezakeen baloiari kanpoan oinarekin jotzea erabaki, gaizki jo baloiari irrist egiteagatik, eta Carmonak lehen ukituan berdindu egin du partida, atea hutsik zela. Erdi jota zegoen Sportingi bizia ematea izan da jokaldi hori, baina etxekoak ez zeuden beren kasa ezer sortzeko eran, eta berriz ere Eibarrek eman die kolpea. Ia nahigabe eman ere.
  • Lehen hamar minutuetan bi gol ikusi eta gero, 21.ean izan dute zaleek Pedro Leonena ikusteko aukera. Opariarekin oraingoan ere. Adrianek zartakoa eman dio baloiari area kanpotik, eta Cuellarrek (Eibarren aritutako atezaina) gaizki urrundu eta gero, erdilariak erraz gainditu du atezaina lehen ukituan. Handik minutu batera etorri da Eibarren hirugarren gola. Beste jaurtiketa bat ez du behar bezala urrundu Cuellarrek, eta Lillok lo hartu izana baloiari begira, ederki baliatu du Lunak gola sartzeko, atzetik azalduz.
  • Etxekoek lehen joko gutxi, eta kontrako emaitza horrekin, ezina ere nagusi. Baina Eibarrek ez du baliatu partida erabat erabakita uzteko, ezta aukerak sortzeko ere. Irekita zegoen partida, hautsita segitzen zuen Sportingek, baina armaginek ez dute baliatu.
  • Bigarren zatiaren lehen minutuetan, Enrichek izan du laugarrena sartzeko aukera oso ona, baina etxekoek ateko marraren gainetik atera dute baloia. Pixkanaka, partida ezaugarri zehatza hartzen joan da: etxekoentzat baloi jabetza, eta kanpokoak kontraerasoaren bila. Joera hori gehiago indartu da Sportingek bigarren gola egin eta gero. 57. minutuan izan da, eta Nacho Casesen jaurtiketa atzelari batek urrundu du Yoelen sarera (Riesgok zelaia utzi du min hartuta, 25. minutuan, Carmonak ostikada eman eta gero belaunean). Berriz ere bizirik sentitzen hasi da Sporting, baina bizi gutxi daukala erakutsi du, ez baitio Eibarri susto handirik eman azkenera arte.
  • Bukaerako zatian, eroso ibili da Mendilibarren taldea; besteak beste, entrenatzaileak ondo indartu duelako zelaiaren erdia, Adrianen ordez Fran Rico jarriz, etxekoen bi euskarriak kate motzean lotzeko. Okerrena izan da ez duela taldeak aukera baliatu kontraeraso bat bera ere garbi ateratzeko, nahiz eta lekua nahi beste izan. Baina azkarregi nahi izan du gora heldu egoera horietan, aukera eraginkorragoa bizpahiru paseren bidez iristea zenean.
  • Azkenean, behintzat, 2-3koarekin bukatu da partida. Bigarren garaipena etxetik kanpo, eta lau jardunaldian bi puntu bakarrik batu eta gero, hiru puntu gozo. Eta jaitsiera 14 puntura dagoeneko, lehen itzulia amaitzeko partida baten faltan. Oso itxura onarekin jarraitzen du Eibarren sasoi honetako ibiliak.