Badoa, badatoz

Egilea:

Data: 2014/06/18

MUNDUKO KOPA 2014

ESPAINIA  0  /  TXILE  2

Txile final-zortzirenetan da, eta Espainia, Munduko txapelduna, etxera bidean, kanporatua.

  • Ikusmin handia zegoen Espainia eta Txileren arteko partidak zer emango zuen ikusteko. Espainia Herbehereen aurka jasotako kolpearen ondoren altxatzeko gai zela erakutsi beharrean zegoen. Txilek, berriz, bere joko eredu oldarkor eta ausarta Munduko txapelduna garaitzeko balekoa dela erakutsi nahi zuen.
  • Ikusteke zegoen Del Bosquek hamaikakoan aldaketak egingo ote zituen. Mutur bakoitzetik tiraka ari zaizkion sokak jasaten duen tenkatzearen antzekoa zen erabakia: sokaren mutur batean Munduko eta Europako txapeldun izan diren jokalariei zor zien errespetua eta konfiantza. Herbehereen aurka jokalari batek baino gehiagok emandako errendimendu eskasak sokaren beste aldera egiten zuen tira. Azkenean, Javi Martinezek Piqueren lekua hartu du, eta Pedro Xaviren ordez zelairatu du.
  • Txilek eta hautatzaile Sampaolik erronka itzela zuten aurrez aurre; zelaian jokalariek erakusten duten ausardia, edozein aurkari aurrean edukita ere, balekoa dela Munduko txapeldunari irabazteko. Horren erakusle atzeko erdiko 3 atzelarien lerroa: Gato Silvak eta Medel bertan, beraien taldeetan zelai erdian jokatzen dutenak.
  • Txilek lehenengo minuturako dardarka jarri du Espainiako atzealdea. Espainiak zelai erditik atera bezain laster Txilek baloia berreskuratu du eta hegaletik hegalera jokoaren zentzua aldatuz zuloa bilatu eta ia gola egin du. Ondoren, kornerrean burukada kanpora. Espainiak erabateko urduritasunarekin ekin dio partiduari. Baloia eusteko ezinean, baloia erraz galduz. Partidua Txilek nahi zuen eredutik joan da.
  • Espainiak beldurrarekin ekin dio. Jokalari gehienak urduri, baloia taldekideari emateko gauza ez eta kontrol asko huts eginez. Buruak lan itzela eman die gehienei. Ezinean, berandu, bai erabakiak hartzerakoan eta baita zelaiko eremu desberdinetan. Tentsioak burua ez ezik, gorputza ere erabat lotu die. Txapeldun izatearen zama astunegia izan da.
  • Txilek ez dio utzi hasieran baloia ateratzen Espainiari, goian presionatuz. Ramos eta Javi Martinezek sufrikarioa bizi izan dute. Aurrelariei ezin aurrea hartu eta Busquets eta Xabi Alonso ere ezinean Txileko jokalariak gelditzeko orduan. Horrela etorri da Txileren gola. Baloia galdu du Xabi Alonsok zelai erdian, eta Alexisek hartu du baloia. Honek hasitako jokaldia Vargasek sarera bidali du. 2. gola Alexisen falta jaurtiketa baten aldaratzea jaso ondoren egin du Arangiz-ek. 2-0 atsedenaldian.
  • 2. zatian Espainia baloia oinetan gehiago edukitzen hasi da, baloia azkarrago mugitzen. Diego Costa Bravoren aurrean bakarrik utzi du Iniestaren paseak, baina atzelariak atzetik iritsita kornerrera bota du. Txilek ere ez du hain goian presionatu, eta Espainia baloiaren jabetza luzeak edukitzen hasi da. Busquetsek atea aurrean bakarrik ez du asmatu hurrengo jokaldian.
  • 10. minuturako amaitu da Espainiaren ahalegina. Txileren presioan itota eta markagailua iraultzea gero eta ezinezkoago ikusten hasita, partida Txileren kontraerasoren batean etor zitekeen golaren zain gelditu da. Espainiak ere izan ditu aukerak Cazorla edo Sergio Ramosen oinetan, baina Bravok ezerezean utzi ditu espainiarren ahaleginak.
  • Bizitzan eta futbolean aroak hasi eta bukatu egiten dira. Espainiako selekzioaren azken urteetako ibilbidea borobil baten gisa irudika dezakegu. Garaipen handiei hasiera 2008ko Eurokopan eman zien eta 2012ko Eurokoparekin biribildu. Tartean Hegoafrikako Mundiala.
  • Joan zen udan Konfederazioen Txapelketan Marakanan Brasilen aurka galdu zuen finala eta gaur leku berean txapelketa handietako garaipenen aroaren amaiera irudikatu da, duela urtebete finala galdu zuten leku berean Munduko Kopatik kanpo gelditu da.
  • Txilek bere bidea darrai. Bielsarekin joko eredu ausarta eta lotsagabearen bideari ekin zioten duela urte batzuk. Bere jokoa ezartzeko helburu garbia zuen, edozein aurkariren aurka irabazteko helburuarekin zelairatzekoa, goian presionatuz eta gola sartzera.
  • Bielsarekin ezin izan zuen Espainia garaitzea lortu Hegoafrikako 2010eko Munduko Kopan; gaur, Sampaolirekin garaipena eskuratu du, eta 2. faserako sailkapena ere bai. Herbehereen aurkako partiduan erabakiko da B multzoko liderra zein izango den. Bere joko ereduan sinesten jarraitzeko partida izan da Txilerentzat, konfiantza zakukada bizkarreratzeko eguna. Ikusiko dugu noraino iristeko ematen dien Sampaoliren mutilei.