Aurreiritziei gola

Egilea:

Data: 2014/03/04

EMAKUMEZKOEN FUTBOLAren sorrerak bilakaera indartsua izan zuen XX. mendearen hasieran Ingalaterran, baina FAren debeku bat tarteko, indar guztia galdu zuen.

Kirolaren beste alor askotan bezala, emakumezkoen futbolean ere, Ingalaterra eta Britainia Handia izan ziren aitzindariak. Kontrakoa sinestarazi badigute ere, emakumeen futbola ez da gauza berria, ez behintzat Ingalaterran eta, XX. mendearen hasieran, gizonezkoen futbolaren pareko ikusmina sortzera iritsi zen. Agintarien debekuek moztu zuten emakumezkoen futbolaren garapena.

Futbol zaleei galdetuz gero zergatik emakumezkoen futbolak ez duen gizonezkoenak adinako arretarik erakartzen, askok zera erantzungo dute: emakumeen futbola ez dela gizonezkoena bezain ikusgarria eta, beraz, ikusleak ez dituela aise erakartzen. Beste batzuek erantzungo dute, emakumeen futbolak ez daukala tradiziorik eta, gauza berria den heinean, urteak beharko dituela zaleen arreta bereganatzeko. Bada, bi erantzunak uste okerretan oinarrituta daude. XIX. mendearen amaieratik, emakumeen futbolak garapen azkarra eta arrakastatsua izan zuen Ingalaterran eta, debekurik tartean izan ez balitz, historia desberdina zatekeen.

XIX. mendeko Britainia Handian, futbola ikuskizun bihurtu zen eta, aberats zein txiro, jende asko erakarri zuen. Baita emakumeak ere, jakina. Gainera, futbol modernoaren arau berriek jokoa nolabait leundu zuten eta, ostikoak jotzea zein aurkariari heltzea debekatuta zeudenez, garai hartako gizarte kontserbadoreak ikusi zuen emakumezkoek jokatzeko egokia izan zitekeela. Hala, 1892an, Eskozian, emakumeen arteko lehenengo partida jokatu zuten, arau modernoei jarraituta. Ingalaterran, 1895ean izan zen estreinekoa eta, harrezkero, hazi egin zen zaletasuna.

Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) berebiziko eragina izan zuen emakumezkoen futbolaren garapenean. Gizon gazteak gerrara joan zirenez gero, neskek hartu zuten haiek utzitako lekua, lantegietan zein futbol zelaietan. Emakume futbolariak barra-barra agertu ziren. Gerra Handitik 1921era arteko epea, emakumezkoen futbolaren urrezko aroa izan zen Ingalaterran. Aro hori bat-batean ez balitz eten, pentsatzekoa da emakumeen futbola uhartetik Europa osora hedatuko zela, gizonezkoen futbolak urte batzuk lehenago egina zuen bezala.

Baina, emakumeei alor askotan gertatu izan zaien legez, orduko hartan ere, erakundeen babesa jaso beharrean, trabak izan zituzten. Kontua da, gerra ostean ere, emakumeen partidek milaka ikusle erakartzen jarraitzen zutela. Errekorra, 1920ko abenduaren 26an ezarri zen, Liverpooleko Goodison Park zelaian: 53.000 ikusle egon ziren eta, orduko kroniken arabera, beste milaka batzuk sartu ezinik gelditu ziren, lekurik ez zegoelako. Gizonezkoen talde gutxik zeukaten halako jendetza erakartzeko ahalmena. Baina Dick, Kerr´s Ladies kluba ospetsua zen. Preston hiriko lantegi batean sortua, Lehen Mundu Gerran, egundoko taldea osatu zuten eta ia garaitezinak zirenez, jokatzen zuten partidu bakoitzean milaka lagun joaten ziren. Antza denez, 53.000 ikusle batu zireneko 1920ko egun hark, FAren, Ingalaterrako futbol federazioaren urduritasuna mugara eraman zuen. 1921ean, FAk debekatu egin zien bere baitako klubei emakumezkoen partidak hartzea beren zelaietan. FAren barruan, klubik boteretsuenak zeuden eta, beraz, arau hura kolpe latza izan zen emakumeentzat. Errugbi zelaietan jokatzeari ekin zioten, hasieran arrakasta mantentzea lortu zuten, baina debekuaren eraginez, urteen poderioz itzali egin zen ikusleak erakartzeko gaitasuna. FAk, bere debekua arrazoitzeko, adierazi zuen emakumeak futbolean jokatzen ikustea ez zela gustu onekoa. Benetako arrazoia beste bat izan omen zen, alegia, beldur zirela emakumeen futbolak ez ote zion gizonezkoenari itzal egingo. Esan gabe doa, FAko zuzendaritzako kide guztiak gizonezkoak ziren 1921ean.

Harrigarria bada ere, FAren debekua 1971ra arte egon zen indarrean. Bien bitartean, munduko beste herrialde batzuetan, emakumezkoen futbola indarra hartzen hasi zen pixkanaka. Gaur egun, Estatu Batuetan, Eskandinavian eta Ingalaterran bertan, ondo errotutako kirola da, ikusle asko erakartzen dituena, baina lekutan dauka gizonezkoen futbola. Zer gertatuko zen 1920ko hamarkadan, agintariek emakumeen futbolari bizkarra eman beharrean, laguntza eman izan baliote?

Dick, Kerr's Ladies taldea.