Astean 2-3 partida jokatzeko prestakuntza: ezaugarriak
Txapeldunen Liga eta Europako Liga jokatzen ari diren taldeetan nola aldatzen da prestakuntzaren plangintza, astean 2-3 partida jokatu behar dituzten garai honetan?
- PRESTAKUNTZA FISIKOAN DAUKAN ERAGINA
Eragin handiena plangintzan dauka. Denok ezagutzen ditugu plangintza- metodoak eta ereduak: metodo tradizionala, ATR…
Planifikazio eredu guztiek dute garai bat oinarrizko aspektu kondizionalak lantzeko: Indar Maximoa-Submaximoa, Gaitasun Aerobikoa eta Potentzia Aerobikoa…
Baina astean hiru partida jolastuta ez dago denborarik oinarrizko aspektu espezifikoak lantzeko, Lehiaketako Mikrozikloak hartzen baitu etapa guztia. Etapa hauetan, Prestakuntza Fisikoa partida ondorengo errekuperazioan eta hurrengo partidarako nahikoa atseden hartzean oinarritzen da.
- MIKROZIKLO BEREZIAK
Lehiaketa Dentsitate Handiko Mikroziklo bezala ezagutzen dira mikroziklo horiek; lehen esan bezala oinarrizko aspektu kondizionalak lantzeko astirik ez dagoelako, ez behintzat jarraitasun batekin minutu asko jokazten dituzten jokalariekin. Ondorioz, jokatzen dutenak eta ez dutenak entrenamendu ezberdina egin beharko dute, lan taldeak ezberdinduz.
- MIKROZIKLO HORIEN OINARRIAK
Alderdi Fisikotik, lehiaketako lan fisikoa lantzen da, lehiaketatik ahalik eta gertuen dauden lanak eginez. Partida osoa edo minutu asko ( +60′) jokatu duen jendearekin, errekuperazio lanean oinarritzen da. Partida ondoren lehenbailehen errekuperatzen saiatu eta hurrengo partidarako ahalik eta ondoen prestatu behar dira, batik bat lan tekniko-taktikoaren birtatez. Inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen du ezkutuko entrenamendu terminoak: hau da, entrenamendu edo lehiaketatik at egiten dugun lanak (atsedena, elikadura…). Errekuperazioa hobetzen asko lagun dezake.
- ERREKUPERATZEKO JOKALARI BATEK BEHAR DUEN DENBORA
Goi Mailako futbolean, jokalariek gutxienez 48 ordu behar dituzte guztiz errekuperatzeko, baina jokalari batzuen kasuan ez da nahikoa izaten, adinagatik, genetikagatik… Ondorioz, talde batek larunbatean jokatu badu, asteartera arte ezingo dugu lan kargarik sartu, jokalarien egoera fisikoaren kalterako izango litzatekelako. Hurrengo partida astearte edo asteazkenean izando dela kontuan izanda, ez dago asko entrenatzeko denborarik. Horregatik, mikroziklo honen helburuak hauek dira: hurrengo partidarako prestaketa taktiko egokia egin eta fisiologikoki ahalik eta hobekin errekuperatzea minutu asko jokatu dituzten jokalariak.
Bestalde , jokatzen ez duten jokalariekin, aurrez esan bezala, lehiatik gertuen dagoen entrenamendua bilatu behar da, lehiakortasun maila handia izan dezaten jokalariek, entrenatzaileak edozein momentutan beraiek jokatzen jarri ahal izateko. Lan hau egiteko, partidatxoak, lagunartekoaok, beheko taldeen aurkako entrenamendu partidak… egin ohi dira.
- ASTEAN 2-3 PARTIDA JOKATZEA: ONERAKO ALA TXARRERAKO?
Normalki, talde gehienetan kalterako izaten da. Partidez gain, kontuan izan behar ditugu bidaiak, lo-ordu aldaketak, etxetik kanpora jatea, lo egitea … Honek guztiak, eragin negatiboa du jokalariaren organismoan, nahiz eta eliteko jokalariak ohituta dauden horretara. Neke psikologikoa kontuan izan behar dugu; frogaturik dago ikerketa askotan neke mota horrek eragin zuzena duela neke fisiokoan eta errendimendu fisikoan.
Fisikoki ere, lehen esan bezala, ez dugu denborarik oinarrizko aspektu kondizionalak lantzeko. Aspektu hauek epe jakin batean mantentzen dute maila, eta hortik aurrera maila beherantz joaten da entrenatzen ez bada. Gainera, ikerketa askotan ikusi da hau: astean hiru partida jokatzen dituzten taldeek, batez-beste korrika gutxiago egiten dute partidetan, astean bi jokatzen dituztenekin alderatuz. Horretan, neke fisikoak eta psikologikoak eragina dute. Horregatik izaten dituzte taldeek gorabehera fisikoak.
- NEKEARI AURRE EGITEKO BALIABIDE BAT: TXANDAKATZEAK EDO ERROTAZIOAK
Oso talde gutxik daukate txandakatze edo errotazio asko egin arren, taldearen maila mantentzeko gaitasuna. Ezinbestekoa da alderdi fisikotik errotazioak egitea, oinarrizko aspektu kondizionalak lantzeko. Baina talde askoren egituraketak ez du hau baimentzen, taldearen maila asko jaisten delako eta lehiaketak ez duelako hori barkatzen. Horren adibide dira talde hauek: Europa mailan jokatzen ohituta ez daudenak Europarako sailkatu ostean, epe luzera Ligan asko sufritzen dute denboraldi horretan, maila mantentzeko ezin dutelako errotaziorik egin, eta epe luzera jokalarien maila fisikoa beherantz doalako, oinarrizko lan fisikorik ez egiteagatik. Multzo horretan daude Lotinaren Celta, Denoueixen Reala, sasoi honetako Vila-real…
- BESTE BALIABIDE BATZUK: PERIODIZAZIO TAKTIKOA
Asko gustatzen zait Jose Mourinhoren Por qué tantas victorias liburuan eta Periodizazio Taktikoaren filosofian aipatzen den ideia. Bertan diote, talde batek emaitza babesteko edota neke egoeran atseden hartzeko, baloia mantenduz atseden hartzen ikasi behar dutela; baita defentsan atseden hartzen ere, horretarako baloiaren jabetza luzeak izanez, sakontasun gutxiko jabetza oso estatikoak. Kontuan izanda talde handiek, euren Ligan partidu asko hasieratik modu erosoan irabazten joaten direla, oso ideia ona iruditzen zait taldeek jokatzeko eredu hau ikastea, lehiaketa bera errekuperatzeko lan bezala erabili ahal izateko. Are gehiago, astean hiru partida jokatzen dituzten taldeek.
- LAN KARGAREN BANAKETA
Lehen esan bezala, aukera badago, errotazioak ongi antolatuko nituzke, taldearen maila mantentzen saiatuz, jokalariek astebeteko epea izan dezaten partiden artean, oinarrizko lan fisiko horrekin jarraitzeko.
Errotazioak egiteko aukerarik ez badago, partida ondorengo errekuperazioarekin eta partida aurreko entrenamenduekin osatuko uke asteko mikrozikloa. Partida aurreko entrenamendua baliatu nuke abiadura eta erreakzio-abiadura lantzeko, gorputzaren aktibazio maila mantentzen saiatzeko.
Bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zait, talde bertan, lan karga indibidualak ezartzea, are gehiago astean hiru partida jolasten dituzten taldeetan. Minutu asko dituena errekuperatzen saiatzeko eta minutu gutxi dutenek lehiaketako erritmoa ez galtzeko.
- EPE LUZERA BEGIRA, ASTEAN 2-3 PARTIDA JOKATZEAK DUEN ERAGINA
Kontuan izanda forma fisikoa txartzen joaten dela oinarrizko lan fisikorik egiten ez bada, denboraldia aurrera doan heinean lehiaketa dentsitate altuak ez digu utziko oinarrizko lan fisikorik egiten.
Gainera, gehiegizko minutuak, gainkargak eta nekeak, areagotu egiten ditu lesioak izateko arriskuak ( ikerketa ugarik frogatu dute). . . Ikusi besterik ez dago astero Europako lehiaketak jokatzen dituzten taldeek lesioekin izaten dituzten arazoak; Bartzelona, Villarreal…
- IRAILA-URRIAN ERE IZATEN DITUZTE ASTEAN 2-3 PARTIDA. ORAIN ERE BAI. GARAI BATETIK BESTERA DAGOEN EZBERDINTASUNA
Alde batetik, denboraldi-aurretik gatoz iraila-urrian, oinarrizko lan fisiko asko eginda. Ondorioz, forma fisikoak epe luzeagoan iraungo du, nahiz eta modu espezifikoan ez landu. Hala ere, denborarekin, lehen esan bezala, forma fisikoa beheraka doa. Bestalde , urtarril-otsail-martxoan, lehiaketa zikloan bete-betean murgilduta gaude, oinarrizko lan fisikoa egin dugunetik denbora asko pasa da, eta maila fisikoak denbora gutxiagoan irauten du goreneko parametroetan.
Bestetik, eta eragin handiena duena nire iritziz ondorengo hau da: jokalariek irail-urrian, lehiaketa minutu gutxi izaten dituzte oinetan, lesio eta molestia gutxi, eta psikologikoki oso fresko daude. Bestalde, urtarrila-otsail-martxoan, jokalarien hankek minutu asko dituzte gainean, bidaia asko, neke psikologikohandia, ordu asko etxetik kanpo…Horrek guztiak forma fisikoan eragina du; besteak beste, lesioak areagotzeko arriskua igotzen da. Partiden artean errekuperatzea ere gero eta gehiago kostatzen da denboraldia aurrera doan heinean, eta faktore horiek denek eragin negatiboa dute jokalari baten egoera fisikoan.