Arrazakeriaren aurkako bidea urratzen, baloiari ostikoka

Egilea:

Data: 2014/06/04

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

Arthur Watson eta Arthur Wharton izan ziren aurrenetako jokalari beltzak Ingalaterrako futbolean. Ez zuten batere arazorik izan onartuak izateko.

Laster hasiko da Munduko Futbol Txapelketa Brasilen eta, bertan, nazio askotako futbolariak ikusiko ditugu baloiari ostikoka. Mundu osoko selekzioak batzen diren txapelketa batean ohikoa denez, arraza askotako jokalariek hartuko dute zelaia eta, antolatzaileek, gizakien arteko elkartasunaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako mezuak zabalduko dituzte. Futbolean, baina, bizitzako beste alor askotan bezala, arraza zurikoak ez diren pertsonek neke ugari pairatu behar izan dute bazterketei aurre egiteko. XX. mende hasieran, esate baterako, ez zen ohikoa jokalari beltzak ikustea eta herrialde batzuetan ez zieten zuriekin jokatzen uzten. Horregatik, bitxia da jakitea, futbol modernoaren hastapenean, XIX. mendeko Britainia Handiko talde batzuetan jokalari beltzak egon zirela. Gainera, orduko gizarte britainiarra kontserbadore eta elitista izanagatik, badirudi jokalari beltz haiek ez zutela jokabide arrazistarik jasan, ez behintzat futbol zelaiaren barruan.

Andrew Watson eta taldekideak

Ez da erraza esatea futbolean jokatu zuen lehenengo beltza nor izan zen. Estatistika horretan bi izen ageri dira, gutxienez: Andrew Watson eskoziarra eta Arthur Wharton ingelesa. Andrew Watson 1856an jaio zen, garai hartako Britainiar Guianan, baina aita eskoziarra zuenez, Londresen ikasi zuen. Ondoren, Glasgowko unibertsitatean ikasle zela, Eskoziako hiri hartako klub txikietan jokatzen hasi zen. 1880an, Queen´s Park taldera batu zen, garai hartako klubik boteretsuenetakoa. Eskoziako kopa irabazi zuen hainbat aldiz eta Eskoziako selekzioarekin hiru partida jokatzeko hautatu zuten. Ez dago garbi Watson izan ote zen futbol modernoan jokatu zuen lehenengo beltza, baina estatistikek erakusten dute, txapelketa ofizial bat irabazten eta nazioarteko partidak jokatzen, behinik behin, aurrenekoa izan zela.

Watsonen garaikidea izan zen Arthur Wharton. 1865ean jaio zen, Gold Coast hirian (gaur egun, Accra, Ghanako hiriburua). Futbolean jokatzeagatik dirua irabazi zuen lehenengo jokalaria izan zen Wharton. Izan ere, gaztetan Afrika atzean utzi zuen, Ingalaterran eliza metodistako misiolari izateko, baina kirolean zuen trebeziak asmo guztiak aldarazi zizkion. Atletismoan nabarmendu zen lehenik, txirrindulari eta cricket jokalari izan zen gero. Darlington futbol taldean atezain hasi zen ondoren eta, urteen poderioz, ibilbide dotorea osatu zuen futbolean. Preston North End taldearekin jokatu eta gero, 1889an, Rotherham Town taldeak kontratu profesionala eskaini zion. Futbola ogibide zuen lehenengo beltza bihurtu zen Wharton eta, egia esan, artean profesional zuriak ere ez ziren asko. Inoiz ez zuen txapelketa handirik irabazi baina, hala ere, Ingalaterrako Futbolaren Ospearen Aretoan lekua egin zioten 2003an, arrazen arteko mugak gainditzeko mugarri izan baitzen.

Arthur Wharton

Zuriei gordetako esparruetan parte hartu ahal izateko, beltzek borroka latza egin behar izan dute historian. Horregatik, deigarria da Andrew Watsonek eta Arthur Whartonek ez zutela trabarik izan eliteko futbolean parte hartzeko, taldekide zurien pare. XIX. mendeko Britainia Handi kontserbadore eta tradizionalistan lekua egin zieten, haien azalaren koloreari begiratu gabe. Hala ere, Watson eta Whartonen garaipenetatik ehun urte ingurura hasi zen ohikoa bihurtzen Ingalaterrako klubetan jokalari beltzak ikustea. Gaur egun, pentsaezina litzateke Premier League bat, Eto´o, Ashley Cole, Yaya Toure, Evra eta enparauak gabekoa.