Akatsak nola zuzendu jokalariei

Egilea:

Data: 2013/02/19

Hainbat argibide emango dugu entrenatzaileak jokalariei akatsak zuzentzeko ereduen inguruan.

Entrenamenduak astean zehar jokalari bakoitzaren eta taldearen hobekuntza sustatzeko eta akatsak zuzentzeko lan saioak dira. Entrenamendu saio bakoitzeko, entrenatzaileak gutxienez bete beharreko helburu orokor bat bilatu behar luke, eta helburu hori jokalariekin partekatu, hauek, beren arreta, helburu hori lortzera bidera dezaten.

Adibidez. Entrenamendu baten helburua azkenaldian errepikatzen ari diren akatsak aintzat hartu eta gaizki egindakoak zuzentzen saiatzea izan daiteke.

Baina, nola zuzendu jokalariek gaizki egindakoak? Egokia al da gaizki egindako horretan behin eta berriz jardutea? Nola onartzen du jokalariak akatsak behin eta berriz aipatzea?

Akatsen edo gaizki egindakoen zuzenketa helburu duenean, honako hauek kontuan hartu beharko lituzke entrenatzaileak:

  • Akatsa argi eta garbi zein den eta zergatik ematen den aztertu jokalariarekin. Jokalari baten akatsa bada, hartu tarte bat berarekin bakarka akatsari buruz jarduteko. Talde osoak egiten duen akatsa bada, taldearekin hitz egin.
  • Akatsak jokalariari garrasi eginez ez dira azkarrago zuzentzen: praktikak erakusten digu jokalariak akats bat egiten duenean kontzentrazioa galtzeko arriskua dagoela. Burua akatsean gelditzen zaio, iraganean, eta momentuan egin behar duena, sarritan, okerrago egiten du horregatik. Garrasi egiten badiogu, gainera, kontzentrazioa gehiago galaraziko diogu ziurrenik. Akatsak hartu lasaitasunarekin eta modu egokian zuzendu jokalariari.
  • Saiatu akatsa hobekuntzaren zati dela ikusarazten: sarritan, akatsa egiten duen jokalaria gaizki sentitu daiteke edo ez du onartuko akatsa. Orokorrean, ez gaude ohituta akatsak onartzera, eta larritu edo kontzentrazioa galtzen du jokalariak. Eman konfidantza, lasaitu ezazu eta jakinarazi ziur zaudela berehala ondo egingo duela. Zu lasai mantentzen bazara eta akatsak ikaskuntza prozesuaren zati moduan hartzen badituzu, akatsak zuzentzeko bidea erakutsiko diozu.
  • Kontzentrazioa berreskuratzen lagundu. Akats baten ondoren jokalaria lagundu behar du entrenatzaileak. Horretarako, argibideak eman jokalariari zer egin behar duen modu zuzen eta argian adieraziz. Lagundu bere arreta zereginean jartzen, burua orainaldira ekartzen, arreta gunea unean-unekoan mantentzen.
  • Ez itsutu akatsarekin. Jokalariak akatsez gain, ongi ere egingo ditu beste zeregin batzuk. Saritu ongi egiten duenean, horrek konfidantza hartzen lagunduko dio eta akatsa ahazten. Behin eta berriz akatsak gogorarazten badizkiozu nekez ahaztuko ditu, eta zailagoa izango zaio jokalariari orainaldian jartzea bere arreta. Gure garunak jasotzen dituen mezuengan jartzen du arreta, eta etengabe akatsari buruz jarduten bazara, akatsa bakarrik irudikatuko du. Aldiz, nola egin behar duen adierazten badiozu, eginbehar hori betetzen saiatuko da.

Akatsak gure entrenatzaile filosofiaren barnean onartu behar ditugu. Jokalariek akatsak egingo dituzte, eta guk prest egon behar dugu zuzenketak ahalik eta modu egokienean egiteko eta jokalariari etengabeko hobekuntzaren bidean laguntzeko. Horretarako, ezinbestekoa da entrenamendu giro eraikitzaile eta baikorra sortzea, eta bertan jokalariak bere trebetasunak garatu eta berriak ikasteko askatasuna dutela sentitu behar du, errietaren beldurrik gabe eta babes eta konfidantza osoarekin.

Azken batean, jokalaria gustura badago, entrenatzailearen konfidantza eta babesa sentitzen badu, eta gauza berriak ikasteko askatasuna ematen badiogu, akatsak askoz ere errazago onartuko ditu, eta akatsa zuzentzeko jarrera hobea eta erraztasun handiagoa izango du.