Indar gaitasun fisikoa futbolean eta kirolean

Egilea:

Data: 2014/11/19

Nola landu behar da Indarra?

Andoni Urkiolak (Ekin Kirola eta Bizitza Aktiboa) eman dizkigu argibide batzuk.

Futbolean eta kiroletan, hauek taldekoak nahiz indibidualak izan, landu behar diren gaitasun fisikoen artean indarra agertzen zaigu ezinbesteko. Hori, gainontzekoak (erresistentzia, abiadura, koordinazioa) gutxietsi gabe, noski.

Futbolariak eta kirolariak orokorrean, nire inguru gertuan somatzen dudanagatik behintzat, iruditzen zait indar gabezia nabarmenekin ari direla hazten. Indarra bere horretan edo bestela jokoan integraturik lantzen ez dugun heinean, epe motz eta ertainera hemengo eta hango lesio, min eta molestiak agertuko zaizkigu.

Jakina da, indarraren lanketak pertsonen ongizatean duen eragina. Adibidez, haurrekin indarra lantzen dugunean beren hazketa prozesua kaltetzen denaren ustea baztertu egin da erabat, eta ikerketen arabera, haur, gazte, heldu edo 3garren adineko pertsona izan, denek indar entrenamenduaren onurak izaten dituztela garbi dago.

Modu berdinean, futbolean aritzen diren neska mutilek indar entrenamenduaren ondorioz onurak bakarrik izango dituzte. Onura horiek kirolarien indar mailan, abiaduran eta lesioen gutxitzean ikusiko dira.

Baina, nola landu beharko genuke indar gaitasuna gure gazteekin futbolean ari direnean? Azpian adierazten ditut modu desberdinak:

  • INDAR ERRESISTENTZIA landu ordez,  INDAR AZKARRA

Nahiz eta futbola iraupen luzeko kirol jarduera izan (90´+), etengabean abiadura handiz indar azkarra aplikatu behar izaten delako.

  • Indarra gihar HIPERTROFIAN landu ordez ,“ESFORTZUAREN IZAERA” kontuan izanik

Indarra pisu handi eta errepikapen gutxiekin lantzen dugunean, giharra moteldu egiten delako, eta hori ez zaigu komeni inondik inora. Esfortzuaren izaeraren kontzeptua erabiltzen badugu, indar maximo eta espezifiko inguruko pisuak txikiak eta ertainak erabiliko genituzke abiadura azkarrean futbolaren keinuak lantzeko. Eta horretarako nahikoa da pisu konkretu batekin norberak egin ditzakeen errepikapen maximoetara iritsi gabe, errepikapen erdietan edo pixka batt gehiagotan aritzea.

  • Indarra pesekin gimnasioan modu BERTIKALEAN landu ordez, INDARRA modu HORIZONTALEAN

Buruzko keinua landu nahi ez dugunetan, desplazamendua aurrera begira eta horizontalean egiten dugulako

  • Desplazamenduan LASTERKETA eta INDARRA bananduta landu ordez, ELKARREKIN

Bai bata eta bestea elkarri lotuta doazelako