Zurekin joango gara

Egilea:

Data: 2013/06/08

ATHLETIC (gutuna) Marcelo Bielsari, esker onez.

Euskal Herriko futbolarentzat zu hemen egotea ohore handia zela idatzi nuen duela bi urte. Banekien zertaz ari nintzen. Txileko selekzioan hasi nintzaizun gertutik jarraitzen. Hori da hori futbolean jokatzea! Nire ametsetan, neure taldea horrela jokatzen ikusten nuen.

Entzuna nuen, gainera, oso pertsona zuzena eta zintzoa zarela. Irakurri nituen zure izaera horri buruzko hainbat gauza, eta izaera horrek ere gerturatu egin ninduen zugana. “Ez dira horrelako asko geratzen oraintxe futbolean”, pentsatu nuen neure baitan.

Euskal Herrira iritsi eta berehala, zure biografia bat erosi nuen: Roman Iucht kazetariaren eta zure herkidearen ‘La vida por el fútbol. Marcelo Bielsa, El último romántico’. Ez naiz lotsatuko hau esaten: maitemindu egin nintzen zutaz, zu entrenatzaileaz eta zu, zure jardunaz. Eta hemen zinen, gure artean. Luxua gure futbolarentzat.

Zure Athletic eraikitzen hasi berria ez zen ondo hasi… emaitzei begiratuta, bakarrik emaitzei. Baina zure eskua, zure ideiak, zure estiloa nabari ziren jokoan. “Laster egingo du taldeak goruntz”, esaten nien nire ingurukoei. Eta bai egin ere. Zeruraino, edo gorago, zeruaz gaindi. Ez zenuela titulurik irabaztea lortu bi finaletan aritu arren? Ez dio berdin, baina berdin dio. Garaipenik gozoena izan zen zure  Athletic bizi, lotsagabe, ausart, zehatz eta landu hori ikusteko aukera izatea.

Grabatu nituen hainba partida telebistan, eta ondo gordeta dauzkat. Izaten da ba partida ikusi eta gero bere gainean beste bat grabatzeko ohitura? Zure taldearen partidekin ez dut hori egingo. Espezial gordeta dauzkat. DVD horiek ez dira ukitzen. Egunen batean, auskalo noiz, hemendik urte batzuetara akaso, edo bihar bertan agian, berriz ikusiko ditut. Eta aho zabalik egongo naiz, liluraz blai. Nahiz eta askotan ikusiak izan…

Bigarren denboraldi honetan, nahikoa lan eman dizute. Gutxi ez taldea entrenatzeko ardura, eta beste arazo batzuk pilatu dizkizute inguruan. Esan duzu gusturago zaudela sasoi honetako lanarekin. Ulertzen dizut: lanari ematen diozu balioa emaitzen gainetik. Bakarretakoa izango zara gero eta txoriburu gehiago biltzen ari den futbolaren mundu honetan.

Lana. Pena bakarra daukat: bi urte hauetan Lezamara agertu ez izana zu entrenatzen ikustera. Nire baitan mila bider ikusi izan zaitut entrenatzen, baina bertatik bertara ez. Gertatu izan zait neure taldearentzako ariketa bat prestatzen hasi, eta zure metodologiaren bueltakoa dela konturatzea. Ilusio berezia eragiten dit horrek…

Bazoaz. Baina ez zara joango. Betiko arrastoa utzi duzu Euskal Herriko futbolean. Eta Athleticen. Ikasi nahi duenak badauka non ikasi. Eta nik ikasten segituko dut, zure ikasgaietatik edaten. Zoazen lekura eta taldera zoazela, jarraitzaile bat gehiago izango du talde horrek. Bai, ni. Eta beste milaka ere bai. San Mamesen zutaz maitemindu diren beste milaka horiek. Zurekin joango gara denok zoazen lekura.

Bielsa, karajo!