Zirt edo zart
ATHLETIC (ANALISIA)
Fernando Llorente entrenamendutik bidali du gaur Bielsak, eta balizko harreman eskas horrek ez dio mesede egiten taldeari. Neurriak behar dira.
Suaren garrak ez dira amatatu Athleticen inguruan. Udan piztu zen handia, eta harrezkero, itzali antzean egon bada ere zenbait unetan, erre usainak hor dirau. Garrak bizi-bizi daude.
Lezaman azaldu da arrastoa gaur. Txinparta zaharraren su berria izan da. Llorente eta Bielsa, Bielsa eta Llorente. Entrenatzaileak bidali egin du aldagelara aurrelaria saioa amaitu baino lehen. Bien arteko harremana ona ez dela bolo-bolo dabil bazterretan, eta gaurko sua haizea izango da zurrumurrua inguruetan zabaltzeko.
Bien artean zer dagoen edo zer ez dagoen, bien arteko kontua izango da. Baina argi dago giroa nahasi antzean dabilela. Larunbatean, Realaren aurkako derbian emandako itxura eskasari arazo hau gehituta, egonezina nabaria da klubaren inguruan.
Llorente bere-berean dagoen edo ez berak jakingo du. Eta Bielsak, jakina. Bidali badu zerbaitegatik bidaliko zuen. Gaur hau izan da, eta hurrengoan beste zerbait sortuko da, arazoa errotik moztu ezean. Errotik mozteko aukerak bat baino gehiago dira, eta orain da garaia zirt edo zart egiteko:
- Bien arteko harremana zuzentzen ez bada, txarra izaten segitzen badu ezin du taldearen baitan zartadurarik eragin. Ezin dio taldeari eragin.
- Bien arteko harremana zuzentzea, eta ahalik eta txukunena izatea, ona izango ez bada ere.
- Llorenteren jarrera txarra bada lanerako, bestelako neurri batzuk hartu beharko dira. Taldeari ez badio ematen eman beharrekoa, paretik kentzea onena. Eta entrenatzaileak neurriren bat hartzen badu, zuzendaritzaren babesa beharko du.
Dagokionari: egin zerbait, hartu erabakiak, giro nahasi honek ez duelako ezer onik iragartzen. Esaera zaharrak ederki dio: sua eta ura belaunetik behera.