Ziganda Kukuak orratz zorrotzak

Egilea:

Data: 2013/03/07

2.B MAILA (2. multzoa) [analisia]

Bilbao Athleticek itzuli oso bat osatu du partidarik galdu gabe, eta zeresan handia du horretan Cuco Ziganda entrenatzaileak. Taldearen analisia da hau.

Aste honetan pil-pilean egon da Europako futbola. Txapeldunen Ligak interes berezia sortzen du, horretan ez da zalantzik. Ametsen Antzokiko tentsioa, Printzeen Parkeko izar festa, Dortmundeko giro erakargarria, Turingo gozamena.

2.B maila tarteko gu ere ez gaude kexatzeko, zorioneko gara. Bestelako eskala batean, bestelako helburuekin eta nortasun zein izanari lehentasuna eskainiz izenaren aurrean, baina oroimean gordetzeko lana egiten ari direla batzuk ezin ukatu. Ziganda Kukuaren taldea da horren adibide edo ordezkari nagusienetako bat. Lezama azkenaldian, printze gaztez osatutako ametsen eskenatoki txiki bilakatu da. Urriaren 13an Amorebietaren aurka galdu zuten azken lehia zuri-gorriek; geroztik garaipen asko eta berdinketa batzuk protagonista. Puntua inolaz ere ziurtatua eta askotan ikuskizuna ikaskizun bilakatua. Itzuli oso bat igaro da azken porrotetik, eta aurkariei dezente ari zaie kostatzen lehoi gazteei neurria hartzea.

Larraintzarko entrenatzaileak 2 denboraldi daramatza taldea gidatzen. Luis de la Fuentek aurretik eginiko lana hobetzeko apustua izan zen Josu Urrutiak gidatutako zuzendaritzarentzat. Osasunan eta Xerezen Lehen mailan aritu ondotik, Kukuak baiezkoa eman zion taldekide izandako Urrutiari. 3 urteko kontratua sinatu zuen, lehen talderako jokalariak zaildu eta Athleticen bigarren taldea 2.Bn ahalik eta hobekien gidatzeko konpromisoarekin. Zigandak hasiera-hasieratik bere zigilua ezarri dio proiektuari eta denbora joan ahala, eta lehen haziak egoki erein ondotik, hasiak dira fruitu gozoak dastatzen. Nafarra aulkian dela, Ibai Gomez lehen taldean egokitu da. Jonas Ramalho, Iñigo Ruiz de Galarreta, Igor Martinez, eta Aymeric Laporte Katedralean jokatzeko moduan izan dira. Hauetako batzuk jada, lehen taldeko pieza fijo dira, ezinbesteko Marcelo Bielsaren arbel landurako.

2.B mailari dagokionez, lehen denboraldi txukuna osatu zuten. Hasierako partidetan emaitzak aldeko izanagatik, dezente kosta zitzaien Zigandak plazaratu nahi zuen jokoa islatzea, baina denboraren orratzak aldeko izan ditu Kukuak. 2012-2013 denboraldi honetan, Bilbao Athletic 2.B mailako talderik onenetakoa da multzo guztiak aintzat hartuz. Erasoari bide emanez, baloia protagonista nagusi hartuz eta denen konpromisoa bultzatuz, gora begira dira gazte zuri-gorriak. Une honetan Alaves 2 puntura daukate eta maiatzean elkarren aurka aritu beharrak dira Lezaman. Mendizorrotzan orain aste batzuk jokatuko lehian, Babazorroak une askoan salduta eta iparra galduta egon ziren. Ez da erraza gaztetxoek jotako sinfonia partikularrari jarraitzea eta asko dira, dantzatu behar izaten dutenak etsita.

Taldea, lerroz lerro

Ate batetik hasi eta beste ateraino ondo pentsatutako makinaria da Lezamakoa. Jon Ander Serantes izan zen denboraldi hasieran titular. Zigandaren jokorako ate zaintzaile aproposa. Nortasun handikoa, ondo komunikatzen dena eta hankei zukua ateratzen diona. Baloia lurretik azkar mugitzen duela kontuan hartuta, joko erasokorraren pizgarri garrantzitsu da. Serantes orain aste batzuetatik baina min hartua da eta Magunazelaia eta Arrizabalaga dira horretarako ardura hartu dutenak. Ondarrutarrak 3 jardunaldi daramatza lanean, Magunazelaiak aurretik jokatu zuen partida batzuetan. Batak zein besteak egoki bete dute euren lana.

Atzealdearen ordezkari lau dira azkenaldi honetan; Unai Albizua eta Jon Gartzia zentral gisa. Bustintza eta Saborit hegalen pizgarri gisa. Aymeric Laporten agur behartuaren ostean eta Magdalenoren zertzelada batzuk kenduta, eurengan dauka Zigandak konfiantza eta ez da harritzekoa. Albizuaren esperientzia, Gartziaren hoztasuna, Bustintzaren hauskortasuna eta Saboriten abilezia guztiak beharrezko dira partidak aurrera ateratzeko; aurkaria geratuarazi eta jokoa sustatzen dutenei bidea emateko.

Alvaro Peña, Erik Moran eta Eraso dira Lezamara joaten diren zaleek gehien goresten dituzten jokalariak. Hiruek joko estilo bat osatu eta sustatatzen dute. Atzeari lan gutxi emanaz, aurkariak erabat zoratuaraziz eta lo dauden partidak esnatuaraziz. Ondo barneratua dauka bakoitzak zer interpretatu beharra daukan eta une bakoitzak mekanismo bat aplikatzera eskatu arren, erabaki okerrak gutxitan hartzen dituzte. Partida joan, partida etorri ondo dakite zein den euren egin beharra. Gainera, hiruetako bat falta denean, Eguaras eta Ager Aketxe berme handia eskatzen duten ordezkoak dira. Nafarrak tenplea ezartzen du eta Aketxek beste zerbait ezartzen dio triangelu bereziari. Bi hankekin daukan abilezia gutxik bezalakoa da eta jaurtitzen ere badu zer azpimarra.

Aurrera begira, Eizmendi da desorekaren ordezkari. Hasiera- hasieratik Zubietan hazitako jokalariak Zigandaren konfiantza eduki du, eta asko eman dio beasaindarrak taldeari. Beste martxa bat ezartzen dio partidari eta asko izan dira erabaki edo garaipenera bideratu dituen partidak. Azken astean bizkarreko lesioak tarteko atseden hartzen dabil, bere ekarpena oso izango da garrantzitsua bizi dezaketen azken txanpa kitzikagarrirako. Berarekin batera ezin ahaztu hegalean Gotik eta Guarrotxenak ere badutela zer esana eta zer egina. Goti konfiantzaz aurkitzen da azkenaldian eta Guarrotxena aukerak aprobetxatu zale da. Baskonian ondo eginikoa erakutsiz dabil astero eta Zigandak konfiantza gehiago dauka berarekin. Gazterik zaildua izaki, baloiarekin eta gabe eginikoa baleko da taldearentzat.

Aurrearen arduradun Lander Yurrebaso eta Guillermo Fernandez dira. Batak eta besteak ez dituzte gol asko sartu ohi, baina egiten duten lanak hitz batzuk merezi ditu. Sartzaile baino gehiago elikatzaile dira. Aurrean erreferentzia bakar bat izateak zailetik gehiago du errazetik baino, eta ikusita askotan Athletic-en jokoa nahikoa kamaleonikoa dela, egoera desberdinetara ondo egokitzen dena, bi hauen itzaleko lanak gainbalio handia dauka. Zigandak esaten duen bezala, ez dira gol asko sartzen dituztenak, baina sortze bidean egiten duten lana gutxirena bezalakoa da.

Izen guzti hauekin bada, Bilbao Athletic pausoz-pauso historia egite bidean da. Oinak lurrean, lana beltz eginez eta partida bakoitza final garrantzitsutzat hartuz; zuri-gorriek 19 partida daramatzate galdu gabe. Play-offak ezin dira izan inondik ere utopiaren parte eta ohorezko lehen postua lortzea euren esku dago. Egunen batean estropozu egingo dutela jakitun dira, baina aurretik eginiko lanarekin udaberri gozo bat dastatzea dute desio. Denek ez dute ziurrenik lehen taldean jokatuko, baina 2. mailara harrobiko talde batekin igotzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Are gehiago nortasun berezia duen jokoa plazaratuz, jendea gozaraziz eta baloiaren lagun izanez. Orratzak zorrotz eta emankor dauzka Kukuak.