“Zer nahi duzue, nik ez jarraitzea?”

Egilea:

Data: 2013/06/04

OSASUNA (iritzia)

Jose Luis Mendilibarrek jarraituko du Osasunako entrenatzaile izaten, eta ez du ematen lan erosoa izango duenik.

Jose Luis Mendilibarrek eta Osasunak elkarri lotuta segituko dute beste denboraldi batez. Hala baieztatu du gaur Miguel Artxanko presidenteak, entrenatzailearekin batera prentsaren aurrera azaldu denean.

Artxankok esan du ez dela kontratu luzatzea izan, adostua zegoena betetzea baizik. Hau da: mailari eutsiz gero denboraldi honetan, Mendilibarrek beste sasoi batez jarraitzeko aukera irabazita zeukan. Irabaziari etekina aterako dio, hortaz.

Erabaki logikoa eta zuzena hartu du zuzendaritzak, azken egunetan beste aukeraren bat hartuko zutela zabaldu bazen ere. Izan dira zalantzak, nonbait, zuzendaritzan, presidenteak ukatu egin baditu ere gaur.

Hori da albiste nagusia, eta albiste honen piezetako bat. Besteak hauek dira:

  • Zuzendaritzaren zalantzak: egia bada zuzendaritzan zalantzak egon direla, ez al dira berrituko emaitza ez onak heltzen badira denboraldi berriko uneren batean?
  • Taldearen maila. Arazo ekonomikoek bultzatuta, berriz ere taldearen mailak behera egiten badu, lan zailak izango ditu Mendilibarrek taldeari etekina ateratzen. Eta hala bada, goiko piezaren baitan geundeke: zalantzak berriz.
  • Mendilibar eta kazetariak. Harreman hori nolakoa da? Gaur Mendilibar minduta bezala azaldu da hainbatekin: “Zer nahi duzue, nik ez jarraitzea?”. Borroka horretan ez luke sartu behar entrenatzaileak, galtzeko guztiak izango lituzke eta gauzak okertuko balira.

Geroan zer gerta daitekeen ezin da asmatu, baina iragarpen txarrena eginda, lotu goiko hiru piezak, eta ez du ematen lan erosoa izango duenik Mendilibarrek Sadar zaharrean (hemendik aurrera Sadar izena hartuko du berriz zelaiak).