REALA (Analisia)
Azterketa txiki bat prestatu dugu, balizko arrazoien bila.

Tokitan geratu da 1987ko gau bero hura. Zaragozan, Realak bere azken titulua irabazi zuen: Espainiako Kopa. Hurrengo denboraldian, finala jokatu zuen, eta galdu Bartzelonaren aurka. Ordutik aurrera, porrotak porrotari kateatu baino ez du egin.
Urte asko dira emaitza berarekin. Jokalari eta entrenatzaile ezberdinak, baina beti kale lehiaketa horretan. Ba al dago loturarik porrot guztien artean? Kasualitatea ez da izango urtez urte gertatzen bada, nahiz eta duela hamabost urteko jokalariak eta egungoak zeharo ezberdinak izan.
Galdera horren erantzun bila, analisi hau prestatu dugu, balizko erantzunak emanez.
Gertatzen ari da, eta ez dago motibo berezirik.
Azken denboraldietan, askotan azaltzen ari da gai hau Realeko jokalarien inguruan. Ez direla lehiakorrak esaten da. Ez dakitela lehiatzen (gogorik gabe aritzea beste gauza bat da). Kopan, ezinbestekoa da lehiakorra izatea, eta ez bada lehiatzen ez dakizulako, gabezia handia bihurtzen da, zama.
- Ligako estutasunen eragin txarra
200o. urtearen jiran hasi zen Reala beltzak ikusten Lehen mailan. Bigarren sailkatu zen oasi hartan izan ezik, gorriak ikusi izan ditu mailari heltzeko, eta 2007an behera ere joan zen. Beti ibili izan zen estu, partida guztiak finaltzat hartuta. Horrek garrantzia kentzera behartu zitzakeen Kopan, indar eta ahalegin guztiak Ligan jartzeko.
- Taldeak baliabide on gutxi izatea
Kopan, ohikoa izaten da ordezkoekin aritzea. Realean ere gertatu izan da, eta gertatzen da. Ordezkoak badira zerbaitegatik izango da (entrenatzaile bakoitzaren gustuak gorabehera), eta ‘normala’ izan daiteke Kopako hondamendia, onenen ordez besteak aritzen badira. Azken batean, Realeko ordezkoen eta Bigarren mailako talde bateko jokalarien artean zenbateko aldea egon da eta dago?
- Aurreko porrot guztien zama psikologikoa
Urteen joanean pilatzen joan den etsipena Kopan kalterako gerta dakieke egungoei eta duela urte gutxikoei. Klubaren inguruan bada halako ‘eskakizuna’ txapelketa ona egiteko. Presioa, nolabait esateko. Presio horri aurre ez egitea txarrerako da, eta puntu honek lotura dauka lehiakorraz ez izatearen azalpenarekin.
- Fede eta konfiantza gutxi
Aurreko puntuan sar zitekeen hau ere, baina zabalagoa da. Ematen du Realekoak ez direla behar bezala mentalizatzen Kopan, beti beldurrez eta uzkurtuta joango balira bezala, kale egiten segitzeko beldur. Entrenatzaileek bidaltzen dieten mezua ere funtsezkoa da; esaterako, ezin da esan Kopako partida baten bezperan ‘neurketa tranpa’ dela. Zergatik ez sinetsarazi jokalariei Kopa irabaziko dutela?